Nola eraman kontaktu-agenda, datuak eta fitxategiak mugikor batetik bestera

Nola eraman kontaktu-agenda, datuak eta fitxategiak mugikor batetik bestera


Mugikorra aldatzen dugunean, informaziorik ez galtzea eta kontaktu-agenda telefono zaharretik berrira eramatea izaten dugu kezka nagusietako bat. Prozesua erraza da, batez ere bi telefonoek sistema operatibo berbera erabiltzen badute (Android, IOS, Blackberry, Symbian, etab.). Horrela ez bada, urrats gehiago eman behar dira, aldaketa ez da horren azkar egiten.

Telefono berria eskuratu eta behar bezala konfiguratuta dagoenean, lehen kezka telefono zaharreko datuak berrian gordetzea izaten da, batez ere kontaktu-agenda. Gainera, gaur egun, smartphone edo telefono adimendunekin, badira gorde nahi ditugun bestelako datuak eta fitxategiak ere (argazkiak, bideoak, etab.).

Duela urte batzuk arte, telefono mugikorreko kontaktuak Bluetooth edo antzekoen bidez eramaten genituen gailu batetik bestera, eta batzuetan banaka egin behar izaten zen aldaketa, prozesua luzatuz. Gaur egun, berriz, Smartphone telefono berriek aukera gehiago eskaintzen dituzte, sistema eragile aurreratua baitute, ordenagailuek bezala. Gure Smartphonearen sistema eragilearen arabera modu batera edo bestera eramango ditugu datuak gailu berrira, baina ez da zaila izango. Telefono zaharretik berrira agenda eta datuak eramateko modu batzuk azalduko dizkizugu artikulu honetan, pausoz pauso.

PCa eta mugikorren fabrikatzaileen aplikazio bereziak erabiliz datu guztiak lekualdatzea

Zure smartphonearekin batera, kutxan kable bat eta aplikazio bat etortzen dira, eta hori instalatuz agenda eta bestelako datuak transferitzeko aukera izango duzu.

Samsung Kies

Erabilera oso erraza da: USB kablearen bidez konekta ezazu telefonoa ordenagailura, eta aktibatu bertan dagokion aplikazioa -PC Suite (Nokia), Kies (Samsung), BlackBerry Desktop Software (Blackberry), etab.-. Horren bidez kontaktu eta datu guztiak sinkroniza ditzakezu, eta zure ordenagailuan gordeko dituzu. Aplikazio horien bidez telefonoak barruan daraman guztiaren segurtasun-kopiak egin ditzakegu (bideoak, argazkiak, dokumentuak, kontaktuak, etab.), mugikorraren softwarea eguneratu eta fitxategiak eraman ordenagailutik mugikorrera, hala nola, musika, aplikazioak, fitxategiak, office-a, bideoak, argazkiak, etab. Gainera, software horren bidez telefonoan gordeta dagoen guztiaren segurtasun-kopia egin dezakezu, eta horrela, hori guztia berreskuratu ahal izango duzu telefonorik gabe geldituz gero.

Adibidez: Kies aplikazioaren bidez Samsung telefonotik datuak transferitzea

Azaldu dugunez, Samsung telefonoak barruan daraman guztiaren segurtasun-kopiak egin ditzakegu software horrekin: bideoak, argazkiak, dokumentuak, kontaktuak, etab., mugikorraren softwarea egunera dezakegu eta fitxategiak eraman ordenagailutik mugikorrera, hala nola, musika, aplikazioak, fitxategiak, office-a, bideoak, argazkiak, etab.

Programa PCra edo tabletera behera kargatu ondoren, konekta ezazu telefonoa gailu horretara eta prozesuari ekiteko prest izango zara

Samsung Kies 2

Hortik aurrera, ezkerreko menuan nahi duzun atala aukera dezakezu (kontaktuak, argazkiak, bideoak, musika, etab.); ondoren, zure telefonoan dituzunak azalduko dira eta PCan gordetzeko aukera izango duzu. Horrela, PCtik telefono berri batera eraman ahal izango dituzu, gailu hori ordenagailura konektatu eta gero.

Sistema eragileak ezberdinak baldin badira bi programak erabili beharko dira, adibidez, datuak Blackberry batetik Samsung batera eramateko edo alderantziz. Nolanahi ere, aplikazio batzuek aukera ematen dute datuak zuzenean elkartrukatzeko sistema eragile bera duten marka ezberdinetako telefonoen artean (Androiden kasuan ohikoa dena), eta baita sistema eragile ezberdina badute ere, MOBOROBO, esaterako.

Moborobo app

Posta elektronikoaren bidez kontaktuak sinkronizatzea

Telefono berria Android bada oso erraza da telefono zaharreko kontaktuak horretara eramatea; zure kontaktuak Gmailera eraman eta telefonoak berak bertatik kopiatuko ditu kontua telefonotik sinkronizatzen duzunean. Gauza bera gertatzen da iPhonekin, izan ere, iOS-i esker, Appleren telefono adimendunek zure posta-kontuan gordeta dituzun datuak sinkronizatzen baitituzte, Outlook edo Gmail izanda. iTunes behera kargatuta, hori baita iPhonea erostean zure ordenagailuan instalatuta izan behar duzun aplikazioa, zure kontaktuen kopia egin dezakezu, gorde eta behar duzunean transferitu.

Zure e-mailaren eta telefonoaren artean kontaktuak eta egutegiak sinkronizatzeko eman behar dituzun urratsak azaltzen dizkizugu post honetan, betiere Android sistema eragilea ardatz hartuta (egun saltzen diren smartphoneen % 93k daramatena).

Lehenik eta behin posta-kontua konfiguratu behar da Smartphonean. Zure telefono berria lehen aldiz abiaraztean konfiguratzeko morroia azalduko zaizu, eta posta-kontu berria sortzeko edo lehendik duzun bat konfiguratzeko eskatuko dizu. Une horretatik aurrera telefonoa kontura lotuko da eta zure kontaktu guztiak (baldin badituzu) kontu horretara transferituko ditu, eta alderantziz. Hau da, edukia sinkronizatu egingo da zure telefonoan gordeta gera dadin.

Zure kontaktu guztiak Android Smartphonetik Gmaileko kontura eraman nahi badituzu, eta hortik beste telefono batera, Esportatu eta inportatu funtzio berezia erabili beharko duzu. Zure Android telefonoan Gmail kontua konfiguratuta duzunean, honako pauso hauek eman besterik ez duzu egin behar:

1. Zure kontaktuen zerrendan, sakatu Menuaren tekla eta Inportatu/Esportatu aukera.
2. Jarraian, kontaktu guztiak SD txartelera esportatu behar dituzu: sakatu Esportatu eta aukeratu esportatu beharreko kontaktuak. Kontaktu guztiak fitxategi batera bidaliko dira, zure SD txartelera (segurtasun-kopia egiteko ere balio du horrek).
3. Gero, kontaktu horiek Gmailera inportatzeko eragiketa egin behar duzu. Zure kontaktuen zerrendan, joan menura, Inportatu/Esportatu aukerara.
4. Sakatu Inportatu, eta gero Inportatu SD txarteletik (hor gorde baituzu lehen 2. urratsean esportatutakoa); aukeratu kontaktuak bidali nahi dituzun tokia, kasu honetan zuk nahi duzun Gmaileko posta-kontua.

SC20130925-163400

Kontaktu guztiak zure telefonoan konfiguratuta duzun Gmail kontuan kopiatuko dira eta Gmaileko zure kontaktu-agendarekin sinkronizatuko dira; bertatik berriro esporta ditzakezu.

Exportar contactos con gmail

Honako grafiko honetan, eragiketa hori sistema eragile nagusietan nola egiten den azaltzen du telefonia-operadoreetako batek (Vodafonek).

sincronizar-contactos-page-001

Konponbide erraza, baina mugatua: Kontaktu-agenda SIM edo SD txartelen bidez lekualdatzea

Lehenik eta behin, telefono zaharreko datuak SIM txartelean edo telefonoaren memorian ote dauden egiaztatu behar da. Kontaktu berria sartzean, telefono gehienek bere memorian gorde ohi dituzte agendako datuak, eta ez SIM txartelean. Kontaktuak telefono zaharrean gordeta badituzu, SIM txarteletik kopiatu behar dituzu berrian.

Hori egiteko modua aldatu egiten da telefono-modelo batetik bestera, baina telefono-operadoreen laguntzako web-orrialdeetan markaren eta modeloaren arabera nola egiten den ikusteko aukera eskaintzen dute.

Datuak memoriatik SIM txartelera eraman ondoren, jarraibideak komunak dira ia Smartphone guztientzat: Hasieran zaudela sakatu Kontaktuak, joan Konfiguraziora, hautatu Inportatu SIMeko kontaktuak eta argibideek diotena egin.

Azpimarratzekoa da kontaktu guztiak ez direla automatikoki SIM txartelean gordetzen, eta txartelak, gainera, edukiera mugatua duela (200 bat kontaktu).

Smartphoneak memoria handitzeko txartela badu (SD txartela), erraza da datuak horretara eramatea eta gero txartel hori telefono berrian jartzea. Smartphonetik Smartphonera eginez gero, telefono zaharreko kontaktuetara jo behar duzu, eta kontaktuak SD txartelera esportatzeko aukera hautatu behar duzu konfigurazioan. Hori egin ondoren SD txartela telefono berrian txertatzea besterik ez da falta, eta nahi izanez gero, bide berbera jarraituz, telefonora esportatzea.

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....