DATUAK BABESTEKO ERREGELAMENDU OROKORRA BETE BEHAR DUTEN ENPRESA TXIKI ETA ERTAINENTZAKO IBILBIDE-ORRIA

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (DBEO) ─“Datuak Babesteko Europako Erregelamendua” ere deitzen zaio─ 2016ko maiatzean sartu zen indarrean. Dena den, 2018ko maiatzaren 25ean hasi zen modu eraginkorrean aplikatzen.

Ordudanik, enpresa guztiek nahitaez bete behar dute DBEO, horien tamaina eta jarduketa-sektorea dena dela.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak ─DBEO behar bezala betetzen dela kontrolatzen duen agintaritza─ badaki araudi berri horrek zailtasunak eragin diezazkiekeela autonomo eta mikroETE askori, eta doako erreminta bat garatu du enpresa horiek beren jarduera DBEO Erregelamenduaren eskakizun berrietara egokitu ahal izan dezaten.

FACILITA RGPD izeneko erreminta hori pertsonen eskubideei eta askatasunei arrisku handiegirik eragiten ez dizkieten datu pertsonalak (bezeroak, langileak eta hornitzaileak identifikatzen dituzten datuak) erabiltzen dituzten enpresa eta erakunde guztiei bideratuta dago.

Bestalde, erreminta hori ezin izango da erabili pertsonen eskubideei eta askatasunei arrisku handia eragin diezaieketen datuak tratatzeko, hala nola osasun-datuak erabiltzen dituzten edo datuen tratamendu masiboak egiten dituzten enpresen kasuan. Enpresa horien artean ditugu, esaterako, ospitaleak, osasun-zentroak, hirugarren adinekoentzako egoitzak, eskala handiko bideozaintzarako enpresak, eta pertsona baten geolokalizazio-datuak, datu biometrikoak edo datu genetikoak biltzeko aplikazioak erabiltzen dituzten konpainiak.

FACILITA erremintak test baten bidez funtzionatzen du eta, bertan, erantzun beharreko hainbat galdera sinple jasotzen dira. Galdeketa amaitzean, gure enpresaren datuak eskatuko dizkigu eta gure konpainiara egokitutako dokumentu batzuk sortuko dizkigu.

FACILITA erreminta erabiliz sortzen diren dokumentuen artean, datu pertsonalak jasotzeko inprimakietan gaineratu beharreko informazio-klausulak daude, baita tratamenduaz arduratzen diren pertsonekin egindako kontratuetan erantsi beharreko kontratu-klausulak ere (gure bezeroen, hornitzaileen eta/edo langileen datuak erabiltzen dituen aholkularitza-zerbitzua, edo ordenagailuen eta zerbitzarien mantentze informatikoa egiten digun informatika-enpresa, adibidez).

Gainera, programak eranskin bat sortu eta aplikatu beharreko gutxieneko segurtasun-neurriak adieraziko dizkigu, gure negozioan erabiltzen dugun informazio pertsonala modu egokian babesteko.

Hurrengo estekaren bitartez, FACILITA erremintara sartu ahal izango zara: https://www.aepd.es/herramientas/facilita.html.

Erreminta erabiltzen hasi aurretik, gure hornitzaileen datuak edo kontratuak eskura izatea gomendatzen dugu, horien erreferentziak sartu eta aplikazioak sortuko duen dokumentazioa lehenbailehen geureganatzeko.

 

Azken berriak