[NAFARROA] 2016 txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzAKI

Enpresa onuradunak

Txikizkako merkataritzan ari diren enpresa txiki eta ertainek eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar berariazko hauek ere betetzen badituzte:

1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) hurrengo jardueretako bat izatea:

–47.11 eta 47.79 taldeen arteko jarduerak, biak barne.

–45.32 taldeko jarduerak (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).

Kanpoan geldituko dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko establezimendu espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak, eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar izateagatik, 47.26 (tabako produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.

2. Modernizazio eta eraberritze proiektuak eskatzen dituzten enpresei, gainera, zera eskatuko zaie: batetik, diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunaren aurreko bi urteetan edo gehiago aritu izana jarraian eta zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan; eta bestetik, ETEtzat hartua izatea Mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioaren arabera. Horretarako, kontuan hartuko da zein egunetan ematen zaion alta enpresari jarduera ekonomikoen gaineko zergan.

3. Berariazko proiektuak eskatzen dituzten enpresei, gainera, zera eskatuko zaie: batetik, diru-laguntzarako eskaera aurkezten duten egunaren aurretik gutxienez urtebete aritu izana jarraian eta zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan; eta bestetik, mikroenpresa edo enpresa txiki bat izatea Mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioaren arabera; izan ere, enpresa ertainak bazter geldituko dira. Horretarako, kontuan hartuko da zein egunetan ematen zaion alta enpresari jarduera ekonomikoen gaineko zergan.

Diruz laguntzen ahal diren proiektu motak eta diru-laguntzen zenbatekoa

Honako proiektu mota hauetan egiten diren inbertsioak izanen dira diru-laguntzen xede:

1. Saltegiak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak.

1.1. Diruz laguntzen ahal diren proiektuak.

Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren proiektuak:

a) Lehendik dagoen saltegi bat modernizatu, eraberritu, berritu edo handitzeko proiektuak. Horrelako proiektuetan, diru-laguntzarako eskaera aurkezten den unean, saltegiak bi urtetik gorako antzinatasuna izan beharko du txikizkako merkataritza jarduera batean.

b) Lehendik zegoen saltegi bat tokiz aldatzeagatik, lokala modernizatu, eraberritu edo berritzeko egiten diren proiektuak, betiere merkataritza jarduera berak jarraituko duela bermatuta.

c) Saltegi berri bat kokatzeko asmoz, lokala modernizatu, eraberritu edo berritzeko egiten diren proiektuak, betiere horren ondorioz txikizkako merkataritza enpresak dituen saltegien kopurua handitzen bada.

1.2. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioak eta eskatzen den gutxieneko inbertsioa.

Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren inbertsioak:

a) Saltegiak edo, hala badagokio, lokalak zaharberritzeko edo egokitzeko obrak eta haien irudia berritzekoak.

b) Aktibo finko berriak erostea, hala nola:

–Produktuak erakusteko eta biltegiratzeko altzariak.

–Merkataritza ekipamendu berariazkoa eta, zehazki, salmenta prozesua eta prezioak modu elektronikoan etiketatzeko sistemak kudeatzeko behar den ekipamendua.

c) Merkataritza jarduerarako, aktibo finkoetan egin beharreko beste edozein inbertsio.

d) Aurreko jarduketarekin zuzenean lotuta dauden ezinbesteko zerbitzu tekniko profesionalengatiko zerbitzu-sariak. Zehazki, proiektua prestatzeko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak onartzen dira.

Enpresaren tamainaren arabera, gutxieneko inbertsio hau eskatuko da saltegi bakoitzeko (BEZa kenduta):

ENPRESAREN TAMAINA

GUTXIENEKO INBERTSIOA SALTEGI BAKOITZEKO

(BEZa kenduta)

Mikroenpresa

15.000 euro

Enpresa txikia

40.000 euro

Enpresa ertaina

150.000 euro

1.3. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta hura emateko irizpideak.

Deialdian honako proiektuentzat aurreikusita dauden diru-laguntzak itzuli behar ez den laguntza gisa emanen dira, eta enpresaren tamainaren arabera diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoaren gainean portzentaje batzuk aplikatuz kalkulatuko dira.

Portzentaje horiei jarraian adierazten diren portzentajeak gehituko zaizkie, proiektua lehentasunezkotzat jotzen bada, eta, orobat, diru-laguntza eskatzen duen enpresaren ezaugarri berariazkoen arabera.

Oinarrizko diru-laguntzaz goitiko portzentaje horiek metagarriak dira, baina egoera horien frogagiriak aurkeztu beharko dira diru-laguntzaren eskabidearekin batera.

Hurrengo 1.4 atalean ezarrita dagoen gehieneko diru-laguntzak lortzen dituzten proiektuen kasuan, laguntzaren azken portzentajea ateratzeko, eragiketa hau eginen da: ematen den diru-laguntzaren zenbatekoa zati diruz laguntzen den inbertsioaren zenbatekoa.

8.7. oinarri arautzailean ezarritako kasuetan ere modu berean ezarriko da laguntzaren azken portzentajea.

a) Oinarrizko diru-laguntza.

Oinarrizko diru-laguntza kalkulatzeko, enpresaren tamainaren arabera diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoaren gaineko portzentaje jakin batzuk erabiliko dira, taula hau erabiliz:

ENPRESAREN TAMAINA

OINARRIZKO DIRU-LAGUNTZA

Mikroenpresa

%30

Enpresa txikia

%20

Enpresa ertaina

%5

b) Proiektua lehentasunezkotzat jotzea.

Proiektua lehentasunezkotzat jotzen bada, aurreko atalean ezarritako oinarrizko diru-laguntzaren portzentajeari honako portzentaje osagarri hauek gehituko zaizkio:

LEHENTASUNEZKO PROIEKTUAK

LANDA GUNEA
(< 1.500 biztanle)

LANDA GUNEA
(1.500 biztanle >
eta < 3.000 biztanle)

SALTEGIAK
> 25 urteko antzinatasuna

Diru-laguntza gehigarria

%4

%3

%2

Ondorio horietarako, honako hauek izanen dira lehentasunezko merkataritza proiektuak:

–Landa guneetan, 1.500 biztanletik beherako toki entitateetan (udalerriak edo kontzejuak) kokatuta dauden saltegietan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak.

–Landa guneetan, 1.500 biztanletik gorako baina 3.000tik beherako toki entitateetan (udalerriak edo kontzejuak) kokatuta dauden saltegietan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak.

Bi kasuetan, deialdia kudeatzen duen zerbitzuak ofizioz zehaztuko du biztanleen kopurua, Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen dituen Nafarroako udalerrietako eta kontzejuetako biztanleen datu ofizialak oinarri harturik (deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra dutenak).

–Diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunean, 25 urtetik gorako antzinatasun etengabea duten saltegiek egindako txikizkako merkataritza jarduerak. Nolanahi ere, diruz laguntzen ahal diren inbertsio proiektuek bermatu beharko dute abian den jarduera ekonomikoak jarraipena izanen duela.

c) Diru-laguntzaren portzentajea handitzeko beste irizpide batzuk.

Diru-laguntza eskatzen duen enpresak baldintza hauek betetzen dituela egiaztatuz gero, honako diru-laguntza portzentaje gehigarri hauek gehituko zaizkio oinarrizko diru-laguntza portzentajeari:

BERARIAZKO EZAUGARRIAK

UNE 175001 ARAUAREN KALITATE SISTEMA EZARRIA IZATEA

KONTSUMOKO ARBITRAJE SISTEMARI ATXIKIA IZATEA

MERKATARIEN ELKARTE BATEKO PARTAIDE IZATEA

Diru-laguntza gehigarria

%3

%2

%1

1.4. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Saltegi bakoitzeko, hauxe izanen da diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa:

a) 30.000 euro, proiektuak 1.3.a) atalean ezarritako diru-laguntza baizik jasotzen ez badu.

b) 35.000 euro, proiektuak 1.3.a) atalean ezarritako diru-laguntza jasotzen badu, eta, gainera, 1.3.b) edo 1.3.c) ataletan ezarritakoak.

c) 40.000 euro, proiektuak 1.3.a) atalean ezarritako diru-laguntza jasotzen badu, eta, gainera, 1.3.b) eta 1.3.c) ataletan ezarritakoak.

2. Berariazko proiektuak (BP).

2.1. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen proiektuak.

Nafarroako saltegien kudeaketa hobetzeko inbertsioak izanen dira diru-laguntza hauen xedeko jarduerak, hurrengo proiektu hauetarako egiten direnak:

a) Salmenta Puntuko Diagnostikoaren (SPD) Programa: Diru-laguntza izan dezakete 2016. urtean Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak kudeatutako proiektu horretan parte hartu duten enpresek saltegien kudeaketa berritzeko edo optimizatzeko egiten dituzten inbertsioek, betiere zerbitzu horrek egindako gomendioen ondoriozkoak badira eta tutoretza plan batek lagunduta gauzatu badira.

b) Enpresa Integrazioko Proiektuetan (EIP) parte hartzea: Diru-laguntza jaso dezakete elkarte gisa eratzeko edo enpresa-egituran integratzeko behar diren inbertsioek, baita egitura horien irudi komun edo korporatiboari egokitzeko inbertsioek ere, honako hauek egiten dituztenak: erosketa-zentraletako enpresek, txikizkako udal azoketako kontzesionarioek edo bestelako enpresa batasunetan sartzen diren enpresek.

2.2. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioak eta eskatzen den gutxieneko inbertsioa.

Modernizazio eta eraberritze proiektuen kasuan, 5. oinarri arautzailearen 1.2 puntuan adierazitakoak joko dira diruz laguntzen ahal diren inbertsiotzat, eta, gainera, frankizietan edo udal azoketan sartzeko eta erosketa-zentralei eta bestelako enpresa batasunei atxikitzeko kanonak.

Eskatzen den gutxieneko inbertsioa 1.200 eurokoa da proiektu bakoitzeko (BEZa kenduta).

2.3. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan proiektu mota honetarako aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak izanen dira, eta diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoari %35eko portzentajea aplikatuz kalkulatuko dira.

Atal honetan ezarritako gehieneko diru-laguntza lortzen duten proiektuetan, laguntzaren azken portzentajea aterako da eragiketa hau eginda: emandako diru-laguntzaren zenbatekoa zati diruz lagunduriko inbertsioaren zenbatekoa.

8.7. oinarri arautzailean ezarritako kasuetan ere modu berean ezarriko da laguntzaren azken portzentajea.

Honako hauek izanen dira proiektu bakoitzerako gehieneko diru-laguntzak:

a) Salmenta Puntuko Diagnostikoa: 8.750 euro.

b) Enpresa integrazioko proiektuak: 8.750 euro.

Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek bete beharreko baldintzak

1. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroan kokatuta eta hiri bilbean integratuta dauden txikizkako saltegietan egitea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da lokala hiri-lurzoruan edo urbanizagarrian egotea, betiere lurzati horrek edo ondokoek nagusiki etxebizitzetarako erabilera badute, eta baztertuko dira industrialdeetan, merkataritza guneetan eta zerbitzu poligonoetan kokatuta daudenak, baita mugaz gaindiko eremuetan daudenak ere.

5. oinarri arautzailearen 1.1.b) eta 1.1.c) ataletan ezarritako proiektu diruz lagungarriak kokatzeko lokalek ere baldintza berbera bete behar dute.

b) Saltegi berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz laguntzen ahal den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz laguntzeko modukoak, eta, betiere, merkataritza jarduera hori izanen da saltegi horretako jarduera ekonomiko nagusia.

c) Partikularzki, elikagaiak eta edariak dastatzeko gune bat daukaten saltegiei ere diru-laguntza ematen ahal zaie, betiere, gune hori ez bada saltegiaren azaleraren %40 baino handiagoa. Dastaketa jarduera hori, edo dena delakoa, bigarren mailako jarduera bat izanen da, txikizkako merkataritzarekin alderatuta, eta hori frogatzeko jarduera bakoitzaren negozio zifraren bolumena edo salmentak hartuko dira kontuan.

d) Diruz laguntzen ahal den merkataritza jardueratzat hartuko da, deialdi honetan xedatutakoaren ondorioetarako, merkatuan salgai jartzea aldez aurretik horretarako eskuratu diren produktu edo salgaiak, horiek funtsean aldatu gabe, baita azken kontsumoko ondasunen salmenta ere, produkzio edo komertzializazio prozesuetan edo hirugarrenei zerbitzuak ematekoetan sartzeko helbururik ez badute.

e) Inbertsioak enpresaren aktiboan sartu beharko dira, diru-laguntzaren xedeko saltegian bertan egon beharko dute eta diruz lagundutako jarduerarako erabiliko dira.

f) Diruz lagundutako aktibo finkoak lehendabiziko aldiz erabili behar dira eta ezin zaizkie laga hirugarren pertsona fisikoei edo juridikoei. Halaber, ezin dira enpresa eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak izan.

2. Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ez eta eskuratzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.

b) Bigarren eskuko aktibo finkoak eta ondasun erabiliak.

c) Saltegia eta lurrak erosteko inbertsioak.

d) Garraio elementuak.

e) Negozioen eskualdaketan ordaindutako gastuak.

f) Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

g) Erakusketetarako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak, eta aldi baterako erakusketak ezartzea.

h) Saltegien eta material suntsigarrien alokairu gastuak.

i) Leasing bidezko finantzaketaren bitartez eskuratutako aktiboak.

j) Programa eta aplikazio informatikoak.

k) Web-orriak diseinatu, ezarri edo eguneratzea.

l) Ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak edo ekipamendu informatikoa.

m) Oro har, merkataritzan aritzeko guztiz ezinbestekoak ez diren aktiboak edo ekipamenduak.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatzen den dokumentazioa.

Eskaerak aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Azken berriak