Merkataritza- eta ostalaritza-enpresa txikien eraldaketa digitalerako dirulaguntzak [GASTEIZ]

Gasteizko udalerrian —lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa— txikizkako merkataritzaren eta ostalaritzaren alorreko enpresa txikien eraldaketa digitala sustatu eta babesteko laguntza ekonomikoak emateko baldintzak arautzea dute xede oinarri hauek —norgehiagoka baliatuko da horretarako—.

Diruz lagundu daitezkeen ekintzak

2020ko uztailaren 16tik 2021eko maiatzaren 28ra bitartean egiten diren inbertsioek jaso ahal izango dute dirulaguntza.

Behar bezala jaulkitako fakturen bitartez egiaztatu beharko dira egindako inbertsioak, gorago adierazitako datetan, eta horien ordainketa, berriz, Gasteizko Udalari dagozkien ordainagiriak aurkeztuz (ikus 15. oinarria), 2021eko uztailaren 28ra bitartean (egun hori barne). 2021eko uztailaren 28a baino lehen behar bezala justifikatuta dauden ordainketek bakarrik jaso ahal izango dute dirulaguntza.

Laguntza-lerro horretan, enpresaren eraldaketa digitalarekin zerikusia duten jarduketa hauetarako jaso ahal izango da dirulaguntza:

a.- Oinarrizko ekipamendu informatikoak eta horien periferikoak —inbertsioa egiten den lokal bakoitzeko ekipamendu informatiko bakarra joko da diruz lagundu daitekeen inbertsiotzat, eta periferiko mota bakoitzeko bana—.
Enpresaren eraldaketa digitalaren prozesuan ezinbestekoak badira baino ez dira joko diruz lagundu daitezkeen inbertsiotzat.

b.- Enpresaren jarduera nagusiarekin zerikusia duten kudeaketa-tresnak edota softwarea.
Horretan sartzen da enpresa-kudeaketa hobetzeko programa eta sistema berriak erostea, baita enpresaren jarduera nagusia automatizatzen edo hobetzen lagunduko duen programak erostea ere.
Horrez gain, kategoria honetan sartzen dira saltokiko terminalak, kudeaketa-softwarea integratuta duten balantza elektronikoak eta enpresaren kudeaketa hobetzeko berariazko enpresa-softwarea integratzen duten antzeko ekipamenduak.

c.- Enpresaren webgune korporatiboa garatzea.
Horretan sartzen da webgune korporatibo berria garatzea, baita enpresaren webgunea gailu mugikorretara egokitzea ere.
Webgune berriek datu-transferentziarako https protokoloa eduki beharko dute, web-analisirako tresna bat instalatuta eduki, eta gailu mugikorretarako egokituta egon.
Webgunearen bitartez saltzeko aukera eskaintzen duten webguneek ordainketa-pasabidea eduki beharko dute.
Webguneagatik dirulaguntzarik jasotzekotan, aktibo edo erabilgarri egon beharko dute dirulaguntza-eskabidea egiten denerako.
Webgune korporatiboak ez badu online salmentarik eskaintzen, gehienez 1.200,00 euroko inbertsioa lagunduko da diruz.

d.- Marketin digitala.
Horretan sartzen dira enpresaren marketin digitalaren estrategiaren diseinua, enpresaren jarduera nagusiarekin lotutako aplikazioen garapena eta sare sozialen dinamizazioan egindako inbertsioa, posta elektronikoaren bidezko marketina, entzutearen kudeaketa online eta katalogo edo karta digitalak lantzea.

e.- Komunikazioarekin edo saltokian erosketa-prozesu interaktiboa sortzearekin lotutako tresna eta ekipamenduak, eta digitalizazioaren bitartez produktua pertsonalizatzearekin lotutakoak.

f.- Geolokalizazioarekin edo datu masiboekin lotutako tresna eta ekipamenduak, konektagarritasunean eta kontsumo-ereduetan zentratuak.

Onuradunak

Merkataritza-jardueraren bat duten pertsona fisiko nahiz juridikoak izan ahalko dira oinarri hauetan arautzen diren laguntzen onuradun, baldintza hauek betetzen dituztelarik —dirulaguntza-eskabidea egiten duten unetik—:

  • 50 langile baino gutxiago izatea.
  • Urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra 10 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
  • Aurreko baldintzak betetzen ez dituzten enpresek ehuneko 25eko edo hortik gorako partaidetza edo lotura ez izatea bertan.
  • Beren merkataritza-jarduera Gasteizko udalerrian kokatutako lokal batean gauzatzea —menpeko toki-erakundeak barne—, industrialdeetan izan ezik. Ez da beharrezkoa izango eskabidea egiten duten pertsona edo enpresek helbidea Gasteizko udalerrian edukitzea.
  • Lur-arrasean kokatuta egon beharko du lokalak, erakusleihoa eduki, eta jendearentzat irekita egon, ohiko merkataritza-ordutegian. Azoketako nahiz merkataritza-zentro edo -galeria pribatuetako establezimenduak ere aintzat hartu ahal izango dira. Ez dira finantzatuko zerbitzuguneetan —gasolindegietan— kokatutako establezimenduak.
  • Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egon beharko du enpresak, eta eskabidean adierazten diren lokaletan merkataritza-jarduera eduki, behintzat dirulaguntza eskatzen duenetik.
  • Enpresaren jarduera nagusia Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren multzo edo epigrafe hauetakoren batekoa izatea:

64: Janari, edari eta tabako salerosketa, txikizka, establezimendu iraunkorretan (salbu 646: Tabako gaien eta erretzaileentzako artikuluen salerosketa, txikizka, eta 647.5: Janari eta edarien horniketa —tabakoa salbu—, makina automatikoen bitartez).
65: Janariez bestelako produktuen salerosketa, txikizka, establezimendu iraunkorretan (salbu: 652.1: farmaziak: botika eta osasun eta higiene produktuen salerosketa, txikizka; 654.3: airetiko ibilgailuen salerosketa, txikizka; 654.4: ibai eta itsasoko ibilgailuena; 654.5: makinena; 654.6: mota guztietako ibilgailuetarako gurpil-azalen, banden edo aire-ganberena, eta 655: erregai eta lubrifikatzaileen salerosketa, txikizka).
662.2: era guztietako salgaien salerosketa, txikizka.
671, 672 eta 673: Elikadura-zerbitzua, jatetxe, kafetegi eta tabernetan.
676: Elikadura-zerbitzua txokolategi, izozki-denda eta hortxata-dendetan.
677.9: Jatetxeei dagozkien beste elikadura-zerbitzu batzuk.

  • Aurreko puntuan adierazitakoa gorabehera, ez zaie dirulaguntzarik emango ekonomia-jarduera bakarra asteburuetako gaueko ostalaritza duten enpresei, salbu eta egiten diren inbertsioen helburua gaueko ostalaritza-jarduera eguneko ostalaritza-jarduera bihurtzea bada.
    Era berean, ez zaie dirulaguntzarik emango beren jarduera kolektibitateei catering-zerbitzuak eskaintzea duten enpresei.
    Bi betebehar horiek ofizioz egiaztatu ahal izango ditu Udalak, behar diren ikuskapenak eginez, establezimenduetan.
  • Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren bi epigrafe edo gehiagotan alta emanda badago enpresa, onuraduntzat joko da baldin eta jarduera nagusia diruz lagundu daitezkeen multzo edo epigrafe baten barruan badago eta egiten dituen ekintzak jarduera horri badagozkio. Ekonomia Jardueren gaineko Zergan adierazitako azaleren banaketa kontuan hartuz zehaztuko da jarduera nagusia, hau da, azalerarik handiena duen hura joko da jarduera nagusitzat.
  • Betebehar fiskalak, Gizarte Segurantzarekikoak, Arabako Foru Aldundiarekikoak eta Gasteizko Udalarekikoak beteta edukitzea. Eskabidea aurkezten denean ez ezik, dirulaguntza-eskabidea tramitatzeko prozesu osoan ere bete beharko da betebehar hori —dirulaguntza ematen,
    obligazioa onartzen nahiz ordaintzen denean—.

Informazio gehiago

     

Azken berriak