Lege berriak aldaketak sartzen ditu lan-sozietateetan

44/2015 Legea, Lan eta Partaidetza Sozietateei buruzkoa, azaroaren 14an sartu zen indarrean. Legeak sozietate horien araubide juridikoa eguneratzen du (1997koa zen), eta gehienez bi urtean beren estatutu sozialak egokitzera eta aldatzera behartzen ditu.

Lege berriaren aldaketa nagusiak hauek dira:

  • Sozietatea lan-sozietatea izan dadin, kapital soziala edukitzeko eta banatzeko baldintzei dagokienez, berdinak dira funtsean; hau da, lan‑harreman mugagabea duten langileek izan behar dute kapital sozialaren gehiena, eta bazkide batek ezin du kapital sozialaren herena baino gehiago izan (baina badaude zenbait salbuespen: erakunde publikoek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek edo gizarte-ekonomiako erakundeek muga hori gaindi dezakete, betiere, kapitalaren % 50era iritsi gabe).
  • Oraindik ere, bi bazkide mota daude: langileak eta langileak ez direnak.
  • Gutxienez, hiru bazkide izan behar ditu sozietateak, baina lege berriak berritasun garrantzitsu bat sartzen du: bi bazkidek lan-sozietate bat eratu dezakete, baldin eta biak langileak badira eta bakoitzak kapital sozialaren % 50 badu. Egora horrek 36 hilabete baino ezin du iraun, sozietatea eratzen denetik.
  • Bazkideak ez diren langile mugagabeen kontratazio-muga handitu egiten da. Beraz, bazkideak ez diren langile mugagabeek langile guztien orduen % 49 egin ahal izango dute urtean, enpresaren tamaina edozein dela ere.
  • Gainera, Legera egokitzeko epeak aldatu egiten dira, kapital sozialaren banaketari eta edukitzeari buruzko baldintzaren bat ez bada betetzen (18 hilabetera handitzen da, baldintza lehen aldiz urratzen denetik aurrera), edo langile mugagabeen kontratazioaren mugari dagokionez (12 hilabeteko epea ezartzen da hasieran, eta 12 hilabeteko bi luzapen eskatzeko aukera dago). Sozietate batek lan-sozietatea izateko kalifikazioa galtzen badu, izaera horren ondorioz izandako zerga-onura guztiak galduko ditu eta itzuli beharko ditu; hain zuzen, deskalifikazioaren kausan erortzen denetik aurrerako guztiak.
  • Administrazio-organoan ordezkaritza-sistema proportzionala erabiltzeko betebeharra desagertu egiten da (aukera da aurrerantzean), sozietatean bazkide langileak eta bazkideak ez diren langileak badaude, eta organoa Administrazio Kontseilua bada.
  • Legearen helburuetako bat langileak bazkide izan daitezen erraztea da. Sozietatearen akzioen edo partaidetzen inter vivos eskualdaketari dagokionez, bazkide langileen eta langile mugagabeen alde egitea librea da. Gainerako kasuetan (partaidetza langile mugagabea ez den norbaiti eskualdatu nahi bada), eskualdaketa-proposamena interesdun guztiei batera helarazi behar zaie, eta ondoren, lehentasun-ordena bat ezartzen da: bazkideak ez diren langile mugagabeak, bazkide langileak, mota orokorreko bazkideak eta sozietatea.
  • Estatutu sozialetan akzioen edo partaidetzen balioa aldez aurretik zehazteko irizpideak eta prozedurak ezartzeko aukera dago, eskualdaketa-kasu guztietarako. Hortaz, bi alderdiak prezioari buruz ados ipintzen ez badira, Estatutu Sozialetan zehaztu ahal izango da, eta ez da beharrezkoa izango auditore batek finkatutako arrazoizko prezioa aplikatzea.
  • Erreserba Fondo Berezia hornitzeko betebeharra mugatu egiten da; izan ere, kapital sozialaren bikoitza den kopuru bat lortu arte soilik hornitu beharko da.

Zer dira lan-sozietateak?

Araudietan egindako aldaketak kontuan hartuta, lan-sozietateen definizioa honako hau izango litzateke:

Lan-sozietateak baldintza hauek betetzen dituzten sozietate anonimoak edo erantzukizun mugatuko sozietateak dira:

a) Kapital sozialaren gehiena sozietatean ordaindutako zerbitzuak ematen dituzten eta lan‑harreman mugagabea duten langileena izatea.

b) Bazkide batek kapital sozialaren herena baino gehiago diren akzio edo partaidetza sozialak ez izatea, salbu eta:

Hasieran lan-sozietatea kontratu mugagabea duten bi bazkide langilek sortzen badute, eta bazkide langile horietako bakoitzak kapital sozialaren zein boto-eskubideen % 50 badute. Gehienez 36 hilabeteko epean, atal honetan ezarritako mugara egokitu behar dute.

Bazkideak erakunde publikoak (partaidetza publikokoak, gehienbat), irabazi-asmorik gabeko erakundeak edo ekonomia sozialeko erakundeak badira. Kasu horretan, partaidetzak muga hori gainditu ahal izango du, betiere, kapital sozialaren % 50eraino iritsi gabe.

Artikulu honetako a) eta b) ataletan aipatutako mugak  hautsiz gero, sozietateak legera egokitu beharko du bazkideen egoera, lehen aldiz urratzen direnetik hemezortzi hilabeteko epean.

c) Bazkideak ez diren langile mugagabeek urtean egindako orduak bazkide langile guztiek urtean lan-sozietatean egindako orduen ehuneko berrogeita bederatzi baino gehiago ez izatea. Muga hori kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko edozein urritasun mota duten langileek egindako lana, baldin eta urritasunaren maila ehuneko hogeita hamahirukoa edo handiagoa bada.

Atal honetan aurreikusitako mugak gaindituko balira, sozietateak berriro lortu beharko lituzke, gehienez ere hamabi hilabetean. Lan Sozietateen Erregistroa mendean duen organoak bi luzapen eman ahal izango ditu gehienez (bakoitza hamabi hilabetekoa gehienez), luzapen-eskaera bakoitzean aurreikusitako mugetara egokitzeko prozesuan aurreratu dela frogatzen bada. Langileen subrogazio legalaren edo konbentzionalaren kasuan, egokitzeko epea hogeita hamasei hilabetekoa izango da. Kasu horretan ere, atal honetan aipatutako luzapenak eska daitezke.

Esteka honetan, Lege berria irakur daiteke.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...