Zenbaki ezezagun batetik nork deitzen dizun jakiteko doako lau aplikazio

Zenbaki ezezagunetatik jasotzen dituzun mezu eta deien atzean nor dagoen jakiteko app ugari daude (telefono mugikorretarako aplikazioak dira appak). Eginkizun hori betetzeko, aplikazio horiek izenak eta telefono-zenbakiak lotzen dituzten datu-baseak kontsultatzen dituzte abiada bizian, izen eta telefono gehienak aurretiaz identifikatuta eta nonbait zerrendatuta izaten baitituzte. Datu-base horietako asko ez dira sarbide librekoak, eta beste zerrenda batzuk aplikazioen egileek eurek osatzen dituzte, gizarte-sareetan agertzen diren izenak eta telefono-zenbakiak erabiliz. Sistema erraza da, baina nahikoa eraginkorra.

Iraganean, ezkutuko zenbakien atzean telefono-bidezko spama egiten zuten enpresen dei anonimoak egoten ziren, publizitatea edo merkataritza-sustapena egiteko asmoz deitzen baitzuten. Hala, jasotzailearentzako traba edo enbarazu bihurtu zen berez erabiltzailearen intimitatea zaintzeko sortu zen zenbaki pribatu bidezko deia. Halere, ezkutuko deia telefono-bidezko spamarekin identifikatzeko eta halako deiei ez erantzuteko ohitura zabaldu egin denez, enpresek beste teknika batzuetara jo behar izan dute. Gaur egun, marketin erasokorra egiten duten enpresek ageriko zenbakia erabiltzen dute telefono-deietan eta, hala, hartzailea zalantzan egoten da beti, dei hori hartu behar duen ala ez jakin gabe. Alabaina, badaude zenbaki ezezagunaren atzean nor dagoen jakiteko aplikazioak, oso erabilgarriak gerta daitezkeenak.

Ondoren aipatuko ditugun aplikazioak erabiliz, helburua ez da soilik nahi ez ditugun produktuak saltzeko zenbaki ezkutua erabiltzen duten telemarketineko enpresak identifikatzea. Noiz edo noiz, app horiei esker, telefonoan gordeta ez dugun ezagunen bat identifikatu eta, beraz, erantzun egin ahal izango diogu, eta ondoren kontaktu berri gisa gorde.

Ingelesezko azpitituluak dituen ondorengo bideoan, aplikaziorik ospetsuenetako batek zertarako balio duen eta nola dabilen azalduko digute.

Gainera, aplikazio horiek badituzte beste funtzio batzuk, dei ezezagunaren atzean nor dagoen argitzeaz gain. Horietako bati esker, telefono-zenbaki zehatz bat blokeatu egin ahal izango dugu, berriz dei ez gaitzan. Beste aukera baten bidez, deitzailearen kokapena jakingo dugu. Mugikorra izanez gero, informazio baliagarria izan daiteke erabiltzailearentzat. Gainera, aplikazio horiek telefono-bidezko spamean erabiltzen diren zenbakien zerrenda beltza ere badute eta, hartara, halako zenbakiren bat antzemanez gero, besterik gabe blokeatu egiten dute.

Aplikazioetako batzuk

Contactive

Espainiako informatikari-talde batek egindako appa da, berrikitan Thinking Phones enpresa ingelesak erosi duena. App erraza eta praktikoa da: deitzen duen zenbakiaren datuak sarean dauden datu-baseekin gurutzatu eta lokalizatu egiten du. Gainera, zenbakiaren atzean dagoen izena emateaz gain, bestelako informazioa ere ematen du, hala nola Facebookeko profila, Linkedinekoa, ohiko orri horietakoa, posta-kontuak, etab.

Contactive

Zenbaki ezezagunak identifikatzeko balio du eta, sortzaileen esanetan, 900 milioi telefono-zenbakitik gora azaleraz ditzake.

Aplikazio gehienek bezala, edozein erabiltzailek Interneten nabigatuz egin lezakeen bilaketa berbera egiten du, baina automatizatuta eta erabiltzaileak egingo lukeena baino askoz ere bizkorrago.

Truecaller

Aplikazio hori ere milioika telefono-zenbakiz osatutako datu-base batean oinarritzen da; halatan, datu-base horretan begiratu eta zenbaki ezezagunaren atzean nor dagoen jakiteko aukera dauka. Telemarketineko enpresa ote den jakinarazteaz gain, hurrengoetan zenbaki hori blokeatzeko aukera ematen du, eta telefono ezezagunetik deitzen duen pertsonari buruz Interneten bilatutako informazioa: haren irudiak, gizarte-sare nagusietan duen balorazioa eta beraietan eman dituen iritziak.

Aplikazioa sortu duen enpresa suediarrak adierazi duenez, 100 milioi erabiltzailetik gora ditu mundu osoan.

iOSen eta Androiden ez ezik, BlackBerry OSn eta Windows Phonen ere erabil daiteke, besteak beste. Gainera, webgunetik ere eskura daiteke zerbitzua.

Track Caller Location (Offline Mobile Tracker)

Contactive eta TrueCaller aplikazioen funtzioez gain, deitzen duen telefonoa non dagoen jakiteko aukera ere ematen du, betiere deitzaileak GSM konektagarritasuna duen mugikorretik deitzen badu. Horregatik, telefono ezezagunaren atzean nor dagoen jakiteko ez ezik, pertsona hori non dagoen ere jakiteko balio du; zehazki, GoogleMapsen bidez ematen du haren kokapenaren berri. Badu abantaila handi bat, gainera: ez du Interneterako konexiorik behar erabili ahal izateko.

Whoscall

Artikuluaren hasieran aplikazio horri buruzko azalpen-bideoa eman dugu eta, egileen esanetan, mundu osoko 600 milioi telefonoren datu-basea du, zenbakia eta jabearen izena. Gainera, garatzaileen arabera, egunean 20 milioi dei iragazi eta horietatik milioi erdi trabakotzat, gaiztotzat edo zantartzat sailkatzen ditu.

Horrela, zenbaki hori blokeatzeko aukera dago.

Beste alde batetik, aplikazio horrek SMS testuetarako ere balio du eta, hortaz, iturria antzeman eta iruzurra egin nahi diguten edo kode gaiztorik ote duten jakin ahal izango dugu.

 

 

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...