ZENBAIT NEURRI HARTU DITU GOBERNUAK NEGOZIO-LOKALEN ALOKAIRUA DELA ETA

Gobernuak atzo onartutako mekanismoak negozio-lokaletako alokairuen ordainketa negoziatzeko eta geroratzeak adosteko aukera ematen die arazo ekonomikoak jasaten ari diren Enpresa Txiki eta Ertainei (ETE) eta autonomoei, betiere alderdi biek lehendik adostua ez bazuten errenta jaistea edo haren ordainketa geroratzea. Aukera ematen du, halaber, errentaren ordain gisa erabiltzeko gordailututako fidantza.

Gobernuak ez du ordainketa-salbuespenik ezartzen, baina bai —kasu batzuetan— geroratzeak.  Lokalen alokairu jakin batzuen ordainketa moduluka antolatzeko eta errazteko prozedura bat arautzen du Errege Lege Dekretuak. Besteak beste, hau dio Dekretuak: jarduera eten edo fakturazioa lehen baino % 75 txikiagoa duten ETE-ek eta autonomoek «akordio» bat sina dezaketela ordainketa geroratzeko. Alde handia dago hor errentatzaile batzuetatik beste batzuetara; izan ere, higiezinen edukitzaile handitzat jotzen diren errentatzaileak behartuta daude geroratzea onartzera, baina gainerakoek (gehiengoa) ez dute betekizun hori.

Honenbestez, errentatzailea jabe handi bat baldin bada —hamar higiezin baino gehiagoren jabea, edo 1.500 m2-tik gorako azalera eraikiarena— edo etxebizitza-erakunde publikoa, «automatikoki» aplikatuko da alokairuaren ordainketaren geroratzea. Alarma-egoerak eta haren luzapenek irauten duten bitartean izango du eragina geroratzeak, bai eta hurrengo hilabeteetan ere, zeinak banan-banan luzatu beharko baitira baldin eta koronabirusaren krisiak ekonomian eragiten duen inpaktuak nabarmenki kaltetzen badu negozioa. Nolanahi dela ere, luzamenduek ez dute lau hilabete baino gehiago iraun behar.

Penalizaziorik eta interesik gabe gerora daiteke alokairuaren ordainketa, bi urteko epean kuotak zatikatuta.

Errentatzailea jabe txiki bat baldin bada, ETE-ek eta autonomoek behin-behineko eta ohiz kanpoko geroratzea eska diezaiokete errentatzaileari, hilabeteko epean, baldin eta alderdiek beren borondatez lehendik hitzartua ez bazuten geroratzea edo errenta-jaitsiera. Horrelakoetan, fidantza erabil daiteke, maizterrak likidezia handiagoa izan dezan alokairua ordaintzeko.

 

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....