Udalak berriro aktibatuko ditu kultura eta ostalaritzako “Bilboko Bonuak”, establezimenduek kanpainarekin bat egiteko fasea hastearekin batera

Covid gaixotasunak eragindako osasun-krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko asmoz, Bilboko Udalak Bilboko Bonuen kanpaina berriak jarri ditu martxan. Ekimen hori 2020an eta 2021ean aktibatutako Bilbao Aurrera Planaren parte da, udal-ordezkaritza duten talde politiko guztien adostasunarekin sustatutakoa, pandemiak hirian eragindako ondorioei aurre egiteko.

Aurreko edizioak izandako arrakastaren ondoren, orain abiaraziko diren kanpainak Ostalaritza/Jatetxe eta KulturakBilboko Bonuei dagozkie, eta, lehenengo etapa honetan, bi sektore horietako establezimenduek kanpainarekin bat egin beharko dute.

Fase hori asteazken honetan, irailaren 8an, abiatuko da, www.bonobilbao.eus webgunea zabaltzearekin batera, non enpresek izena eman beharko duten. Gogoratuko duzuenez, oso erraza da plataforma horretara sartzea eta berau erabiltzea, eta aurrerago iritsiko den beste etapa batean (urritik aurrera), herritarrek bonuak eskuratzeko erabili beharko dute. Bonuek prezio eta ezaugarri desberdinak izango dituzte, sektorearen arabera.

Aurrekontua, bonuak eta bat egiteko data

Aurrekontua 1,5 milioi eurokoa da eta 155.000 bonutan banatuta dago; horietatik 124.000 baino gehiago Ostalaritzarako izango dira, eta 30.529 Kulturarako. Nabarmendu beharra dago, bonu bakoitzaren zenbatekoaren erdia Udalak berak ordaintzen duela. Ostalaritzako bonuen kasuan, zenbatekoaren % 50 establezimenduei transferituko zaie bezeroek bonuak webgunean erosten dituztenean, eta gainerako % 50a bonuak trukatzen direnean. Kulturako bonuen kasuan, aldiz, bonuaren zenbatekoaren % 100 likidatuko da bonua establezimenduan trukatzen den unean.

Datozen egunotan, aurreko edizioetan egin izan den moduan, informazioa emateko hitzaldiak egingo dira. Horietan parte hartu nahi izanez gero, www.bonobilbao.eus webgunera jo beharra dago.

Era berean, galderak eta kontsultak egiteko aukera dago bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoan eta 94 420 53 95 telefono-zenbakian (ordutegia: 09:00etatik 14:00etara).

  • Ostalaritzari dagokionez, irailaren 22an amaituko da kanpainarekin bat egiteko epea. Bestalde, kultura-sektoreak 2022ko otsailera arte izango du horretarako aukera. Ostalaritzako eta kulturako Bilboko Bonuen aurreko kanpainetan parte hartu zuten establezimenduek mezu elektroniko bat jasoko dute, edizio honetan parte hartu nahi ote duten baieztatzeko, eta ez dira berriro erregistratu beharko.

Une hauetan, establezimenduek Bilbo Bizkaia Turismo Bonuekin bat egiteko epea irekita dago. Kasu horretan udalak eta foru-erakundeak sustatu dute kanpaina.

Hiru kanpaina horien helburua da: sektore horien berraktibazio ekonomikoari laguntzea herritarren zuzeneko kontsumoaren bidez eta dirulaguntza zabal batekin, bereziki udazkeneko eta neguko hilabeteetan.

Nork egin dezake bat

OSTALARITZA:

Ostalaritzaren sektorearen barruan dagoen edozein enpresa-jarduera bat duen pertsona fisiko edo juridiko orok eman dezake izena, baldin eta jendeari irekita dagoen establezimendu bat badu Bilbon eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigraferen batean dagokion alta emanda badu: jatetxeak, kafetegiak, kafeak eta tabernak janariarekin eta janaririk gabe, izozki-dendak eta hortxata-dendak, dantza-aretoak eta diskotekak, saltoki handietako establezimenduak

Era berean, Bilbon zenbait establezimendu dituzten negozioek establezimendu guzti-guztiak atxiki ahal izango dituzte, banan-banan.

KULTURA:

Ikuskizunak aretoetan, lokaletan, aire librean eta ikuskizunak antolatzen dituzten enpresak; liburuen, egunkarien eta abarren txikizkako merkataritza, zinema-aretoak eta bideo-filmen alokairua. Arte-galeriak, liburutegiak eta museoak. Margolari, eskultore, zeramikari, artisau, grabatzaile eta antzeko artistak. Honako salgai hauen txikizkako merkataritza: musika instrumentuak eta horien osagarriak, zigiluak, txanponak, oroitzapenezko dominak eta bildumazaleentzako billeteakartelanak, antzinako objektuak, mineralak

Honako produktu hauek Kultura Bonutik kanpo geratuko dira: papergintza-produktuak; informatikako eta elektronikako ekipamendu, software eta kontsumigarriak; jokoak eta bideo-jokoak, bai eta ikasteko testuliburuak eta testuliburu profesionalak ere.

Azken berriak