TicketBAI proiektuaren neurri berrien Gipuzkoako Foru Agindua onartu da

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean onartu du TicketBAI proiektuaren inguruan hartutako azkeneko neurriak biltzen dituen Foru Agindua. Araudi honen bitartez, foru erakundeak sei hilabetez luzatu du sistema berri honen borondatezko epea eta, ondorioz, derrigorrezko epea 2022ko uztailaren 1ean hasiko da. Honekin batera, 60 urtetik gorako zergadunak salbuetsita geratu dira Gipuzkoan.

Erabaki honen ondotik, derrigorrezko epea uztailaren 1ean hasiko da. Orduan, zerga-kudeaketako profesionalak sartuko dira sisteman. Ondoren, irailaren 1ean, jarduera profesionaletan aritzen direnek egingo dute, eta azaroaren 1ean, txikizkako merkataritza, ostalaritza eta ostatu-sektorea. Hauen ostean, behin 2023 urtean sartuta, apirilaren 1ean, eraikuntza, higiezinen sustapena, garraioa eta aisialdiko, kulturako eta arlo pertsonaleko zerbitzuak; eta urte bereko ekainaren 1ean, fabrikazioa, handizkako merkataritza, telekomunikazioak, finantzak, artistak eta gainerako behartuak.

Bigarren neurriak, erretiroa hartzetik gertu dauden pertsonak ditu jomuga. Betiere baldintza jakin batzuk bete beharko dira: 2021eko abenduaren 31n jarduera ekonomikoak egiten aritzea eta 60 urte edo gehiago izatea; derrigorrez elkargoko kide izatea eskatzen duen jarduera profesional batean aritzeagatik administrazioarekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta dauden pertsona fisikoen kolektibokoak ez izatea; eta 2021 urtean besteren konturako langilerik ez edukitzea.

 

Azken berriak