‘The Singular Store’ denda ibiltariak tokiko merkataritza sustatuko du Araban maiatzean

‘The Singular Store’ denda ibiltariak txikizkako merkataritza sustatuko du maiatzean, eta mezu bat helaraziko du: denda horietan erostea, kalitate eta tratu hurbilaren sinonimo ez ezik, bertako ekonomia eta enplegua bultzatzeko modua ere badela, alegia. Arabako merkatariak izango dira protagonista espazio horretan, zeinetan jendeari erakutsiko baitizkiote berezi egiten dituzten produktuak eta zerbitzuak.

Ekimen hori tokiko merkataritzari laguntzeko ‘Pentsa ezazu pluralean, eros ezazu singularrean’ kanpainaren barruan dago, eta asteburu honetan egingo du ibilbideko lehenengo geldialdia Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan; ibilbidean beste herri batzuetan ere izango da, hala nola Laudion, Agurainen, Amurrion eta Guardian.

“The Singular Store”-k Arabako zenbait herri eta eskualdetako hamar denda txiki batuko ditu egunero, eta merkatari horiek jendeari aurkeztuko diote beren negozioa eta erakutsiko beren denda gainerakoetatik bereizten duen produktua, zerbitzua edo bereizgarria, establezimendua paregabe eta bikain egiten duena.

Jarduerak eta egutegia

Denda ibiltaria Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egongo da gaur eta bihar (larunbata), 11:00etatik 21:00etara bitartean; maiatzaren 11n eta 12an ere Arabako hiriburuan egongo da, baina Arka eta Antso Jakitunaren kaleetan, hurrenez hurren. Datozen asteetan, ibilbidean aurrera egin eta herri hauetan egingo du geldialdia: Laudion (maiatzak 17), Agurainen (maiatzak 18), Amurrion (maiatzak 25) eta Guardian (maiatzak 26). Egutegi osoa, jarduerak non egingo diren eta zein dendak parte hartuko duen web orrian ikus daiteke (www.arabahemengoshopping.eus).

Iragan abenduan, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak abian jarri zuen ‘Pentsatu pluralean, erosi singularrean’ tokiko merkataritzari laguntzeko kanpaina, txikizkako merkataritzari prestigioa emateko eta bistaratzeko, eta kontsumitzaileekin emozioen bidez bat egiteko.

Bada, ‘The Singular Store’ ekimena kanpaina horren barruan sortu da. Kanpaina abian jarri zenetik, guztira Arabako 165 denda txikik parte hartu dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak bat egin dute aurten kanpaina horrekin, zeinaren mezuak entzun eta ikusten baitira komunikabideetan eta sare sozialetan, bai eta parte hartzen duten establezimenduetan ere, bereizgarri, liburuxka eta berriro erabiltzeko poltsen bidez, eta manifestu bat ere atera dute, txikizkako dendetan kontsumitzearen eragin positiboa azaltzen duena: tratu hurbilekoa, kalitatea, jasangarritasuna, enplegua, bertako ekoizpena eta artisautza bultzatzea, eta abar.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...