Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu

Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz, baina oso gutxi aipatu da aldi berean onartu zen beste betekizun bat: soldata erregistratzearena, lan-munduan berdintasuna bultzatzeko neurriak jasotzen dituen 6/2019 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua.

Zertan datza soldata erregistratzea?

Legegintzako errege-dekretu horrek Langileen Estatutuaren 28. artikulua aldatu du, zeinaren arabera langileei ordaindu beharreko soldatan ezin baita inolako bereizketarik egin soldatari dagozkion osagai edo baldintzetan.

Batetik, aldaketa horrek azaltzen du zer esan nahi duen bi lanek balio bera izatea. Lege berriaren arabera, bi lan balio berekotzat joko dira, baldin eta «agindutako eginkizun edo jardueren izaera, eskatutako hezkuntza-, lanbide- edo prestakuntza-baldintzak eta zereginekin lotura estua duten faktore eta jardueren lan-baldintzak zinez baliokideak badira».

Bestetik, alderdi horiek legez frogatzearren, beste betebehar bat ezarri zaie enpresei: soldaten erregistroa betetzea.

Nola bete behar da soldataren erregistro hori?

Lege-testuaren arabera, enpresaburuak erregistro bat bete beharko du soldaten, soldata-osagarrien eta soldataz kanpoko osagarrien batez besteko balioekin.

Datu horiek guztiak talde profesionalen, kategoria profesionalen edo balio bereko lanpostuen arabera antolatuko dira erregistroan, bai eta sexuen arabera ere, soldata-arrakalarik ba ote dagoen balioztatu ahal izateko.

Lege berriari jarraikiz, enpresaburuak erregistro hori bete behar du, eta langileek erregistroa kontsultatzeko aukera izango dute, enpresan duten legezko ordezkarien bidez.

Era berean, enpresaren batek gutxienez 50 langile baditu eta sexu bateko langileen batez besteko ordainsaria beste sexuko langileen batez besteko ordainsaria baino % 25 handiagoa bada, justifikatu egin beharko du bi soldaten arteko aldea ez zaiola zor langileen sexuarekin zerikusia duten arrazoiei.

Batez besteko balioak Soldatak  Soldata osagarriak Soldataz kanpoko osagarriak
Taldea 1
Emakumeak
Gizonak
Taldea 2
Emakumeak
Gizonak
(…)

 

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...