SENDOTU programaren bitartez, 15 milioi eurorekin babestuko ditu Eusko Jaurlaritzak lehen sektoreko inbertsioetarako eta landa garapenerako proiektuak

SENDOTU Programa 2019-2020 urteetarako arautzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen agindua onartu du Gobernu Kontseiluak. Aginduaren arabera, programak arriskua finantzatzeko laguntza lerro bat aurreikusten du, zeina maileguen bitartez emango baita. Mailegu horien zenbateko osoa 15.250.000 eurokoa izango da eta Finantzen Euskal Erakundeak eta beste erakunde batzuek formalizatuko dituzte maileguak. Helburua da abeltzaintzan, nekazaritzan, basogintzan, arrantzan, elikagaigintzan eta Euskal Herriko landa guneak eta itsasbazterreko guneak garatzeko jardueretan inbertsioak egiteko proiektuen garapena bultzatzea. 

Finantzen Euskal Erakundeak,  Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta programan parte hartzen duten beste finantza erakunde batzuek izenpetutako Lankidetza Hitzarmenaren baitan formalizatuko dira maileguak, esparru horretan eratu baita Berme Fondo bat. Finantzen Euskal Erakundeak eta kreditu erakundeek, berriz, hitz ematen dute 2019an eta 2020an dagozkien maileguak emango dituztela. Finantzaketa onartuz gero, programan parte hartzen duen Finantza Erakunde laguntzaile baten eta Finantzen Euskal Erakundearen artean egingo dute finantzaketa, erdibana.

Onuradunak pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke, betiere enpresa txiki eta ertainen izaera badute. Bete behar dituzten baldintzak dira gutxienez guztirako gastuen %20 inbertsio pribatu bidez estalita egon behar direla eta arriskuaren finantzaketaren guztirako zenbatekoa 15 milioi euro baino gehiago ez izatea enpresako. Eta horrez gain, Foru Ogasunekin dituen zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak egunean eduki beharko dituzte, ez dira krisian dagoen enpresa bat izango, eta ez dira inolako espediente zigortzaileren menpe egongo. Eskatzaileek proiektu berbererako beste laguntza publikoren bat eskatu eta eskuratu badute, jakinarazi egin beharko dute.

Laguntzak esleitzeko ondoz ondoko konkurrentzia prozedura erabiliko da. Horrek esan nahi du esleipena modu ordenatuan egingo dela, betetako eskariak aurkezteko unearen arabera, eta hurrenkera horri jarraituta ezarritakoa betetzen duten eskatzaile guztiei esleituko zaiela, ezarritako fondo guztiak agortu arte.

Azken berriak