Sasi-autonomoak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatzen direla bermatzeko neurriak onartu ditu Gobernuak

Gizarte Segurantzaren araudia aldatzen duen errege-dekretu bat onartu du Espainiako Gobernuak, sasi-autonomoak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatzen direla bermatzeko.

Zehazki, lan-jarduera dela eta inoren konturako langileak izanik Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak Autonomoen Araubidean erregistratuta aurkitu dituen langileak dira eragindakoak. «Sasi-autonomo» deritze horiei.

Horrelakoak aurkitzen dituenean, ofiziozko prozedura bati ekiten dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak, inoren konturako langileei dagokien Araubide Orokorrean alta emateko, prozedura amaitu bitartean behintzat.

Hemendik aurrera, ofiziozko alta ematen zaien langile horiei ezingo diete baja eman haien enpresek. Hortaz, ofiziozko altak eman ondoren, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren txostena beharko da langile horientzako baja-eskaerak bideratzeko.

Dekretuz egindako aldaketaren bidez arazo bat saihestu nahi da: Ikuskatzailetzak langile horiei alta eman eta berehala enpresek baja eman ohi zieten, prozeduran zehar langile horiengatik ez kotizatzeko. Kasu horiek oso ugariak izan dira (14.500eraino, Lan Ministerioaren arabera) zenbait sektoretan, hala nola banatzaileetan, haragi-industrietan eta abarretan.

 

Azken berriak