Pentsatu al duzu inoiz Amazon bidez saltzea?

Enpresa batek bere web-orria izan dezake merkataritza elektronikoa egiteko, baina beste aukera osagarri bat merkatuan dauden plataforma handien bitartez lan egitea izan daiteke, Amazon, Ebay edo Etsy bidez, esaterako, horiek Inteneten dituzten trafiko-bolumen eta ikusgaitasun handiak aprobetxatuz. Plataforma horiek lehiakide handiak izan arren, batzuetan interesgarria izan daiteke horiekin elkartu eta gure negozioaren salmentak hobetzen saiatzea, zuzenean iristea ezinezkoa zaigun merkatuetan batez ere. Artikulu honetan, horietako batean nola saldu azalduko dizugu, Amazonen, hain zuzen ere. Plataformaren alde onak eta txarrak jakinaraziko dizkizugu, lehiakide horiek ere zure negoziorako aliatu gisa erabil ditzakezula pentsatzen ari bazara.

Amazon

2011 urtean Espainian sartu zenetik, Interneten erosketa-trafiko handia eragin duen plataforma da Amazon. Online liburu-denda baten gisa hasi zen, baina laster bere jarduera zabaldu eta salmenten orotariko plataforma bihurtu zen.

Merkataritza elektronikoaren erraldoi hori 3,4 milioi produktuko katalogo batekin hasi zen Espainian, eta gaur egun, 19 kategoriatan banatutako 43 milioi produktu baino gehiagoko inbentarioa du. Horietatik, katalogoko produktuen % 80 hirugarrenenak dira, hau da, guztira dituzten 43 milioi produktu horietatik 35 milioi baino gehiago beren marketplace delakoan kokatutako kanpoko saltzaileetatik datoz.

Amazon merkataritza elektronikorako denda bat da, eta bere biltegietan jasotzen ditu estrategikotzat jotzen dituen produktuak, baina beste asko ez dira horren estrategikoak, eta puntu horretan oinarritzen da Amazonen apustua, online kanal garatuegiak ez dituzten tokiko dendak txertatzen baititu; gero, zure produktuen katalogoa bere plataformara igotzen du, eta hala, zure produktuak sustatzen ditu komisio baten truke, horiek Espainian bertan nahiz Europako beste plataforma batzuetan salduz.

Amazonek jaso ohi duen kritiketako bat hau da: haren webean txertatuta dagoen denda batek produktu bat oso ondo saltzen duela ikusten badu, produktu hori bera zuzenean eta prezio hobean sal dezakeela.

Edonola ere, irudi honetan Amazonek bere plataformara afiliatutako saltzaileei iragartzen dizkien onurak jasotzen dira.

Amazon ventajas

Nola hartu alta Amazon.es programa saltzailean?

Amazon.es web-orrian sartuz gero, orri-oinean “Irabazi dirua gurekin” izeneko atal bat ikusiko duzu. “Amazonen saltzea” Programaren estekara sartu eta hark bertan sartzeko orrialdera eramango zaitu.

 

Amazon 1

Bi saltzaile-mota daude, Banakako Saltzailea eta Pro Saltzailea. Banakako Saltzaileak 40 artikulu saldu ditzake, gehienez ere, hilabetean; eta beraz, katalogo zabaleko denda bat baduzu edo Amazonek eskaintzen dituen abantailak eta funtzio gehigarriak aprobetxatu nahi badituzu, Pro Saltzailea izan behar duzu. Dena den, Pro Saltzailea izateko 39 euroko harpidetza-kuota ordaindu behar da hilero, Banakako Saltzaileen kasuan salmenta bat ixteagatik 0,99 euro ordaindu behar den bitartean. Bi kasuetan, Amazonek aplikatzen dituen salmenta-komisioak ordaindu behar dira gainera, saldutako produktu-motaren arabera. Esteka honetan, saltzaile-kategoria baterako zein besterako tarifak ikusi ahal izango dituzu.

Hasierako erregistroa bete eta dagokion saltzaile-mota aukeratu ostean, saldu nahi diren produktuak Amazonen plataforma europar desberdinetara igo behar dira, besterik gabe. Gainera, Amazonen zerbitzu logistikoak kontratatu ditzakezu, baita bezeroari arreta eskaintzeko zerbitzua bera ere, gerta daitezkeen gorabeherei erantzuteko.

Zure produktuak salgai jartzen dituzunean, “Amazonen Logistika” aukera dezakezu, zure negozioan haren kudeaketa logistikorako baliabideak erabiltzeko, zure produktuak azkar eta doan bidaltzeko eta bezeroarentzako arreta-zerbitzua erabiltzeko, Amazon plataformaren tokiko hizkuntzan nahiz zure produktuak saltzen dituzun herrialdeko hizkuntzan.

Merkatu berriak irekitzea, inolako arriskurik gabe

Amazon munduko salmenta-kanal garrantzitsuena da, eta gainera, Amazon.es (Espainia) web-orrian saltzaile gisa alta hartzean, plataforma horrek Erresuma Batuan, Frantzian, Alemanian eta Italian ere jartzen ditu salgai zure produktuak. Horrenbestez, merkatu berrietara iristeko modu bat da, salmentei eta banaketari dagokionez indar handia duen bazkide baten eskutik.

Hori egundoko aukera da Amazon.es orriko kategoriekin bat datozen produktuak saltzen dituzten tokiko negozioentzat, salmentek gora egin baitezakete Amazon.es zeharkako kanala erabiliz.

Azken berriak