Ostegunean, hilak 7, zabalduko da Barakaldoko merkataritza, ostalaritza eta autonomoentzako zuzeneko laguntzak eskatzeko epea

Datorren ostegunean, maiatzaren 7an, irekiko da Barakaldoko Udalak hiriko merkataritzarako, ostalaritzarako eta autonomoentzako ezarritako diru-laguntzak eskatzeko epea. Sektore horiek alarma egoera dela-eta beren negozioak itxita edukita egiten ari diren ahalegin ekonomikoa konpentsatzeko, hilean 150 euro emango zaizkie gehienez, jarduera gauzatu ezin izan duten hilabeteetan eta irekierako lehen hilabetean.

Martxoaren 14an, Gobernu Zentralak alarma egoera dekretatu zuen, merkataritza, ostalaritza eta autonomoei pertsiana ixteko eskatuz, Covid 19ren aurrerapena geldiarazteko. “Sektorea ahalegin handia egiten ari da gu guztiok babesteko, eta Udaletik laguntza bat eman nahi izan diegu, ondo baitakigu horrelako neurriak zabaltzen joan beharko dugula egoera garatzen doan heinean, baina martxan jarri nahi izan ditugu, hartzaileek lehen diru partidak ahalik eta azkarren jaso ahal izateko”, adierazi du David Solla Ekonomia Sustatzeko Arloko zinegotziak.

700.000 euro bideratu ditu Barakaldok  lehen laguntza sorta horretara. Horiekin, zuzeneko laguntzak sortu dira zergen gastuak konpentsatzeko, hala nola OHZ, zaborren eta estolderiaren tasak; merkataritzarako zein ostalaritzarako merkataritza-bonoko bi kanpaina; Barakaldoko jarduera ekonomikoa suspertzeko merkataritza-dinamizazioko kanpainak, eta sektore horiei laguntzeko zerbitzu bat, gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatu behar dituztenei laguntzeko.

ZUZENEKO LAGUNTZEN LERROA
Asteazkenean argitaratuko da laguntzen deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO), eta hasiera emango zaio Barakaldoko merkatariek, ostalariek eta autonomoek eskabideak aurkezteari. Zuzeneko laguntza horien helburua merkataritzari, ostalaritzari eta autonomoei Udalari ordaintzen dizkioten zergen hileko kostuaren baliokidea eskaintzea da: OHZ, zaborren tasa eta estolderia tasa. Laguntza horiek 1.500 negozio ingururi ematea espero da, eta, beraz,  zergak ordaindu aurretik izango dute partida, irailean kobratzen baitira.

Hona hemen, aipatu laguntzak jaso ahal izateko bete beharreko baldintzak:

  • Alarma egoerak ezarritako establezimenduen nahitaezko itxierak haren jarduerari eragin izana.
  • Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea Barakaldon.
  • Jarduerari 2020ko martxoa baino lehen ekin diotenean eta bertan baja eman ez diotenean, JEZen alta emanda jarraitu beharko dute establezimendua ireki eta gutxienez bi hilabetera arte, alarma-egoeraren neurriak kendu ondoren
  • 10 langile baino gutxiago izatea.
  • Lokala kalean egotea, jendeari arreta emateko establezimendua izatea eta gehienez 250 m2-ko azalera edukitzea, salbu eta jatetxea bada edo soberakina biltegirako erabiltzen den lokalaren azalerari zor bazaio
  • Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta Barakaldoko Udalarekin zorrik ez izatea ere.

150 euros arte hilean, alarma estatuan eta irekiera hilabetean

Establezimendu bakoitzak jasoko dituen laguntzak progresibitate fiskalean oinarrituko dira, beraz, 100, 120 eta 150 euro artekoak izango dira.

Eskaera egiten dutenek hilero jasoko dute dagokien zenbatekoa, itxita egon diren edo egongo diren hilabeteak eta jarduera berreskuratzen duten lehen hilabetea konpentsatuz.  Laguntza eskuratzeko hainbat deialdi egingo dira, eta automatikoki eta kasuak berrikusi ondoren, dagokien zenbatekoa emango da.  “Alegia, aste honetan ireki duen saltoki edo ostalaritza-lokal batek 450 euro zuzen ditu, gehienez, eta hori da gastuak konpentsatzeko hiru hilabeteri dagokiona,  itxita egondako bi hilabete gehi ireki osteko hilabete osoa”, azaldu du zinegotziak.  Onuradunek maiatzean bertan izango dute nahitaezko itxieraren lehen hilabeteari dagokion dirua.

Kopuru zuzen horiei Udalak Merkataritza Bonuko bi kanpainatan egingo duen inbertsioa gehitu beharko litzaioke, hala merkataritzan nola ostalaritzan salmentak eragingo baititu. Kanpaina horietan 150.000 euro inbertituko dira. “Hau da lehen laguntza sorta, baina sektorearekin lanean ari gara neurri berriak ezarriz joateko, ongi baitakigu gehiago inbertitu beharko dela”, esan du Sollak.Laguntzak eskatzeko, inprimaki oso erraz bat bete behar da, Inguralderen www.inguralde.eus webgunean edo telefono hauetan: 944789102/944789475/944789451 goizez, 08: 00etatik 15: 00etara, eta 944789137 telefonoan, arratsaldez, 17: 00etatik 20: 00etara.

Ostalaritzarako beste laguntza batzuk

Udalak, gainera, terraza  daukaten ostalaritza-lokal guztiei tasa kentzea erabaki du, bai alarma egoeran ezarritako konfinamenduan, bai konfinamendua arintzeko fase guztietan.  Ildo horretan, epealdi horrek dirauen hilabeteei dagokien zenbatekoa itzuliko zaie tasa alarma egoeraren aurretik ordaindu duten lokal guztiei.

Gainera, Inguralde eta Auzoetako eta Hiriko Obra eta Zerbitzuen Arloko teknikariak elkarlanean ari dira terrazen araudia malgutzeko, jarduera kalean egin dadin, betiere gutxieneko iriste-erraztasuna betez.

Azken berriak