Neurri berriak onetsi dira pandemiak ostalaritzaren eta jokoaren sektoreetan izan duen eragina murriz ditzaten

Nafarroako Gobernuak foru lege dekretu bat onetsi du ostalaritza eta joko arloko neurriekin. Horien bidez, koronabirusaren osasun-krisiak sektore horietan eragin duen inpaktua murriztu nahi dute.

Foru Lege Dekretu hau onartuta, Parlamentura igorriko dute, baliozkotu dezan. Horrela, Nafarroako Gobernuak ekimenak egiten jarraitzen du COVID-19 pandemia gerarazteko hartutako neurri murriztaileek kaltetutako zenbait jarduera ekonomikok duten egoera zaila arintzearren.

Neurri berrien onuradunen artean aurkitzen dira, besteak beste, turismoa eta ostalaritza, gaueko aisialdia, aurreko jarduerekin lotutako handizkako merkataritza eta biltzarrak eta batzarrak antolatzeko zerbitzua; horientzat aparteko laguntza deialdia onartu zuen Nafarroako Gobernuak pasa den martxoan. Foru Lege Dekretu horren arabera, deialdi hartan emandako laguntzak salbuetsita egongo dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik eta Sozietateen gaineko Zergatik.

Gainera, Exekutiboak onartutako Foru Lege Dekretuan jasotzen den beste ekimen bat, hori ere zerga-arlokoa, jokoaren sektorearen ingurukoa da, bingo eta joko-aretoei dagokienean, itxita eta jarduera etenda egon baitira, edo taberna eta jatetxeen barrualdean egoten diren “B motako” makinei edo jolas-makina saridunei dagokienean, horiek ere bezeroek ezin izan baitituzte erabili barrualdean zerbitzua eman ezin zenean edo mugatuta zegoenean.

Sektorean murrizketen efektua murrizteko helburuarekin, ‘B motako” makinak edo sariak ematen dituzten jolas-makinak ustiatzeagatik ordaintzen den jokoaren gaineko zergaren kuota %50 murriztuko da aurtengo bigarren, hirugarren eta laugarren hiruhilekoan.

Azken berriak