Nafarroako ostalaritza eta turismorako ezohiko laguntzak abenduaren 1etik 15era bitartean eskatu ahal izango dira

COVID-19aren pandemiak kaltetutako ostalaritza-establezimenduek eta enpresa turistikoek Nafarroako Gobernuak bideratutako ezohiko laguntzak eskatu ahal izango dituzte abenduaren 1etik 15era bitartean, urtearen amaiera aurretik kobratze aldera. Foru Exekutiboak pasa den astean iragarri zuen 20 milioi euroko laguntza-lerroa sortu zuela, osasun-krisiak gehien kaltetutako sektoreetako baten egoera arintzearren.

Aurtengo uztailaren 1a baino lehen egoitza fiskala eta lantokiak Nafarroan dituzten ostalaritza- eta turismo-enpresek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek, betiere pandemiaren ondorioz diru-sarrerak jaitsi direla egiaztatzen badute. Horretarako, BEZaren aitorpenean aurkeztutako eragiketen bolumena hartuko da erreferentziatzat. Zehazki, laguntzak 2020ko lehen hiru hiruhilekoetan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, % 20ko edo hortik gorako murrizketa aitortu duten enpresentzat dira. Nolanahi ere, 2019an Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ) aitortutako eragiketa-bolumena 6 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.

Laguntza horien helburua, bereziki, COVID-19aren neurri murriztaileek taberna, jatetxe eta antzekoen ostalaritza-jardueran, pertsonen ostatu-jardueran, hotel-zerbitzuetan edo hotelez kanpoko zerbitzuetan, eta turismo-bitartekaritzako zerbitzuetan eragin dituzten ondorioak arintzeada , betiere inskribatuta dauden EJZ laguntzak arautzen dituzten oinarrietan jasota badago. Edarien eta dantzaleku eta diskoteken handizkako merkataritza ere sartzen da.

Laguntzak enpresa eskatzaileen gastu finko operatiboak konpentsatzeko balioko du COVID-19ak eragindako osasun-krisialdian. Horiek kalkulatzeko, 2019ko lehen 9 hilabeteetako 5i dagokien eragiketa-bolumenaren proportzioari ehuneko finko bat aplikatuko zaio; ehuneko hori % 8,12koa izango da ostalaritzari dagozkion kasu gehienetan, eta % 13,75ekoa ostatu-enpresentzat. Bidaia-agentzientzat % 3,11ko portzentajea ezarri da, eta edarien handizkako saltokientzat % 2,39koa. Dantza-aretoen eta diskoteken kasuan, ehuneko finkoa 2019ko lehen 9 hilabeteetako 6ei aplikatuko zaie.

Banakako ebaluazioa

Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Sailak, laguntza horiek kudeatzeaz arduratzen denak, jasotako eskabide bakoitzaren banakako ebaluazioa egingo du eta iristen diren hurrenkeraren arabera ebatziko ditu, deialdian deskribatutako irizpideen arabera, aurreikusitako 20 milioiko kreditua agortu arte.

Laguntzen zenbatekoa, kasu bakoitzean, justifikatutako diru-sarreren murrizketaren araberakoa izango da. Hala, murrizketa % 50 baino txikiagoa bada, aurreikusitako laguntzen % 80 emango zaio; murrizketa % 50 eta % 70 artekoa bada, zenbatekoa % 90 izango da eta eragiketen bolumenaren murrizketa % 70 baino handiagoa bada, aurreikusitako zenbatekoaren % 100 emango zaio. Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa ezingo da 25.000 eurotik gorakoa izan eta gutxienekoa ez da inolaz ere 2.850 eurotik beherakoa izango. Bestalde, enpresa eskatzaileek zergak Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide sinplifikatuan ordaintzen badituzte edo jarduera 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten badute, 2.850 euroko laguntza jasoko dute.

Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko Izapideen Katalogoan dagokion fitxaren bidez. Eskaerak abenduaren 31 baino lehen ebaztea da helburua.

Enpresa onuradunek 2021eko maiatzaren 31ra arte eutsi beharko diote jarduerari.

Informazio puntuak

Telefono zenbaki bat (848433300) eta helbide elektroniko espezifiko bat (ayudasturismoyhosteleria@navarra.es) gaitu dira, laguntzak eskatu nahi dituzten establezimenduek bertara jo dezaten. Telefono bidezko arreta 08: 30etik 14: 30era egongo da eskuragarri bihartik asteazkena.

Azken berriak