NAFARROAKO OGASUNAK 2020RAKO PFEZAREN ETA BEZAREN MODULUAK MURRIZTU DITU

Urtarrilaren 12an, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren Foru Agindua argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2020rako PFEZren zenbatespen objektiboaren eta BEZaren araubide erraztuaren sistema murriztea aurreikusten duena. Erabaki hori COVID-19aren pandemiak hainbat kolektiborengan eragiten dituen ondorio kaltegarriak arintzeko sustapen-neurri gisa hartu da.

Onartutako aldaketa dela-eta, sektore ezberdinei murrizketak aplikatuko zaizkie 2020ko PFEZ eta BEZaren moduluak kalkulatzerakoan; hots, %20 eta %40 artekoak.

Neurri horrek sistema malgutzeko martxoan onartutako neurria osatzen du, eta 2020an modulu-sistemaren bidez (sistema hori aurretik ezarritako parametroen arabera ezartzen da) zergak ordaintzen dituzten zergadunengan sor izan daitekeen arazoa konponduko du, baldin eta haien jarduera kaltetua izan bada pandemiari eusteko onartutako neurri murriztaileak medio ixteagatik edo murrizketak izateagatik.

Bestalde, bileretan, elkarte ezberdinei jakinarazi zaizkie 2021eko BEZaren Erregimen Sinplifikatuari buruzko hurrengo urteko Foru Aginduan jasoko diren berrikuntzetako batzuk, laster onartzea aurreikusten da-eta.

PFEZan moduluen sistema kentzea 2021etik aurrera

Gaur iragarritakoaren ildotik, gogoratu behar da Nafarroako Parlamentuak onartu berri duela PFEZan moduluka zergak ordaintzeko sistema kentzea 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eta horren ordez zuzeneko zenbatespen berezia (ZZB) jartzea, helburu bikoitza betetzen baitu: batetik, bidezkoagoa izatea, gaitasun ekonomikoan eta benetan lortutako diru-sarrera eta mozkinetan edo galeretan oinarritzeagatik; eta, bestetik, erraza izatea eta zergadunarentzat erraz aplikatzea.

Moduluen aurreko sisteman, zergadunek erosketa eta salmenten fakturak gorde behar zituzten, sarreren eta salmenten liburu bat betetzearekin batera. ZZBren sistema berriarekin, betebehar formalak oso antzekoak dira, erosketa eta salmenten fakturak gorde behar direlako eta sarreren eta salmenten liburua bete behar delako, eta, horri, orain, erosketa eta gastuen liburua gehitu behar zaio.

Azken berriak