Nafarroako Gobernuak neurri ekonomikoak eta babes sozialerako neurriak onartu ditu, gutxienez 100 milioi eurorekin, koronavirusaren krisiaren ondorioak arintzeko

Nafarroako Gobernuak Foru Lege Dekretu bat onartu du gaurko bilkuran, neurri ekonomikoekin eta babes sozialarekin, Foru Komunitatean koronabirusak eragindako krisiaren eragina arintzeko.

Foru Exekutiboaren jarduerak hiru ildo nagusitan banatzen dira: 100 milioi euroko funtsa sortzea, beharrezkoa izanez gero gehitu daitekeena; 30 milioi eurora bitarteko kredituak eta enpresentzako 40 milioi eurora bitarteko abalak emateko ildo espezifikoak ezartzea; eta, azkenik, larrialdi hau artatzeko giza baliabide eta aurrekontu-baliabide publiko guztiak mobilizatzea.

100 milioi eurora bitarteko Funtsa sortu da, hala behar izanez gero gehitu daitekeena, COVID 19a kudeatzearen ondorioz sortzen joango diren ezohiko gastuak arintzen ahalegintzeko neurriak eratzearren, batik bat honako sektore hauei erreparatuta: osasuna, hezkuntza, gizarte-politikak, enplegua, familiak, enpresak, eteak, autonomoak, lana eta familia bateragarri egitetik eratorritakoak, babes soziala eta COVID-19ak eragindako bestelako gastuak. Zenbateko hori eguneratzen joan ahal izango da, hala behar izanez gero, sortzen joango diren premia berrien arabera.

Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorren inguruko 5/2020 Foru Legea, martxoaren 4koa, aldatu da, enpresa-erakunde publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek jaso ditzaketen abalen edo antzeko bermeen eta kredituen gehieneko zenbatekoei dagokienean, beharrean aurkitzen diren enpresei laguntzeko asmoarekin, figura juridiko horien eskaera gehitzen joango dela aurreikusten baita.

Azkenik, zerga-arloko neurriak hartu dira zerga-betebeharrak mugatzeko, eteteko edo atzeratzeko, zergadunek inpaktu negatiboa izan ez dezaten.

Azken berriak