Nafarroako Gobernuak aparteko neurri sozial eta ekonomikoen seigarren sorta onartu du COVID-19ren ondorioei aurre egiteko

Foru lege dekretu berriak zerga arloko neurriak jaso ditu edo kultur sektoreko langile autonomoentzat.

Neurri fiskalak

Zerga-arloan, FLDak kontziliazioaren eta digitalizazioaren aldeko neurriak jasotzen ditu.

Digitalizazioa bultzatzeari dagokionez, enpresa-arloko jarduerak eta jarduera profesionalak garatzen dituzten enpresa txikien eta pertsonen eraldaketa digitala bultzatzeko helburuarekin, %30eko kenkaria izango da Sozietateen gaineko Zergan, edo, hala badagokio, PFEZean, enpresaren eraldaketa digitalerako eta merkataritza elektronikoa ezartzeko 2020an egindako gastu eta inbertsioen gainean. Neurri horrek 5.000 euroko muga izango du kenkari-oinarrian.

Kontziliazioaren aldeko neurriei dagokienean, 2020ko PFEZerako kenkaria %25etik %100era igotzea onartu da, etxeko langileak kontratatzeko, ondorengoak, aurrekoak, bestelako ahaideak eta desgaitasuna duten pertsonak zaintzeko.

Bestalde, zerga-arloan jarraituz, Sozietateen gaineko Zergaren aitorpena egiteko epea amaitu aurretik urteko kontuak onartzerik izan ez duten sozietateek aitorpen bat aurkeztu beharko dute une horretan dituzten urteko kontuekin. Ondoren, urteko kontu horiek onartutakoan, beste aitorpen bat aurkeztu beharko da, beranduenera ere 2020ko azaroaren 30a baino lehen, aurretik aurkeztutakoa osatzen duena, atzerapen-interesik eta epez kanpo aurkezteagatiko errekargurik aplikatu gabe.

Kultur sektoreko autonomoentzako neurriak

Foru Lege Dekretuan, kultur sektoreko jarduera profesionalen garapenean aldizkakotasuna onartzen duen neurri bat jasotzen da. Nafarroako JEZen, Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean edo gizarte-aurreikuspeneko mutualitate batean martxoaren 14an alarma-egoera deklaratu zenean edo geroago alta eman gabe zeuden langile autonomoek 700 edo 800 euroko laguntza eskuratu ahal izango dute fakturazioa murrizteagatik, betiere gutxienez 4 hilabetetz edo 120 egunez alta emanda egon badira alarma-egoera deklaratu aurreko hamabi hilabeteetan.

Zehazki, 2009ko EJSNren kode hauetako langileak dira: 5912 (postprodukzio zinematografikoko, bideoko eta telebista-programetako jarduerak), 5915 (produkzio zinematografikoko eta bideoko jarduerak), 5916 (telebista-programetako produkzioen jarduerak), 5920 (soinu-grabaketa eta musika-edizioko jarduerak) eta 9001 eta 9004 artekoak, biak barne (arte eszenikoak, arte eszenikoen jarduera osagarriak, arte eta literatura sormena, eta ikuskizun-aretoen kudeaketa).

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...