Nafarroako Gobernuak 13,5 milioi ordaindu dizkie ostalaritza eta turismo sektoreko 2.074 enpresari COVID-19ari dagozkion laguntzetan

Nafarroako Gobernuak 13.541.411 euro ordaindu dizkie ostalaritza eta turismo sektoreko 2.074 enpresari. COVID-19ak sektore horietan eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko asmoz, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak premiaz jarri zuen abian deialdia eta modu sinplifikatuan kudeatu da hilabete bakarrean laguntzak ordaindu ahal izateko.

Guztira 2.810 eskaera aurkeztu dira, eta horietatik 2.074 onartu dira, 566 ukatu eta 170 baliogabetu.

Laguntzen banaketa

Sektoreen arabera, emandako eskaeren %77 janari eta edarien zerbitzuetarako dira (1.696 eskaera, 10.442.462 euroko zenbatekoarekin), %18 ostatu-zerbitzuetarako (281 eskaera, 2.405.152 euroko zenbatekoarekin), %1 bidaia-agentzien eta operadore turistikoen jardueretarako (49 eskaera eta 163.027 euro) eta %4 edarien eta tabakoaren handizkako merkataritzarentzat (48 eskaera eta 527.918 euro).

Enpresa-motaren arabera, nabarmendu behar da emandako laguntzen %55a autonomoentzat dela; kasu horretan, 1.132 eskaera onartu dira, eta 4.189.429 euro dagozkie. Halaber, beste 600 eskaera onartu dira erantzukizun mugatuko sozietateentzat (onartutako eskaeren %29), 7.089.813 euroko zenbatekoarekin; eta 247 eskaera ondasun-erkidegoentzat, 1.323.227 eurorekin (onartutako eskaeren %12).

Horiez gain, laguntza jasoko dute 27 elkarte anonimok (528.202 euro), 45 kooperatiba-elkartek (234.560 euro), 5 elkartek (234.560 euro), 17 sozietate zibilak (135.381 euro) eta erakunde erlijioso batek (5.915 euro).

Laguntzak tarteka banatuta, gogoratu behar da autonomoentzako eta 2019ko urriaren 1a eta gero negozioa abian jarri zutenentzako oinarri finkoa 2.850 eurokoa dela. Modu horretan, zenbatekoaren arabera, onartutako 1.164 eskaera (%56) 2.850 euroko zenbateko finkokoak dira, 192 laguntza 2.850 eta 5.000 euro artekoak (%9), 318 5.000 eta 10.000 euro artekoak (%15), 158 10.000 eta 15.000 euro artekoak (%8), 80 15.000 eta 20.000 euro artekoak (%4) eta 162 20.000 eta 25.000 euro artekoak (%8).

Ukatutako eskaerei dagokienez, ukatzeko arrazoi nagusiak hauek izan dira: zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea (154 kasu); Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeetako batean alta emanda ez egotea 2020ko uztailaren 1a baino lehen (deialdiaren oinarrietan agertzen zirenak) (130); eragiketen bolumenaren %20ko edo gehiagoko beherakada ez izatea (103); edota, zerga-erregimen sinplifikatuan ordaintzen duten langileei dagokienean, 3/2020 Foru Errege Dekretuko 2. artikuluan autonomoentzat araututako laguntzen onuraduna ez izatea (112).

Azken berriak