Mikro Kooperatiben sorrera bultzatzen ari dira Nafarroan

Nafarroako Parlamentuak Lan Elkartuko Mikro Kooperatiben Foru Legea onartu du berriki. Horrela, kooperatiben formula malgutu egin dute mikroenpresen beharretara egokitzeko, lehenago Euskadin egindakoaren ildotik.

Orain arte, gutxienez hiru bazkide behar ziren kooperatiba-sozietatea eratzeko. Hemendik aurrera nahikoa izango dira bi bazkide lan elkartuko kooperatiba-sozietatea eratzeko. Egungo egoerari begira egin da aldaketa, izan ere, enpresa-ekimen berriak gero eta txikiagoak dira. Horrenbestez, ekintzaile talde ugarik aukera izango dute beren enpresa-jarduerari ekiteko enpresa-eredu horren bidez.

Araudi berriaren arabera, mikrokooperatiba batek gutxienez bi bazkide izan behar ditu eta gehienez hamar; mugagabeko lan-bazkide horiek lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke.

Mikroenpresak lan elkartuko kooperatiba-sozietateen eredupean sortzea sustatu eta laguntzea du helburu Legeak. Horrela, Nafarroan kooperatiben enpresa-ehuna hazteko eta garatzeko oinarria ahalbideratu nahi da, eredu hori kalitatezko enpleguaren sortzaile delakoan.

Kooperatiba txikiak sendotze aldera, Lege berriarekin malguagoak izango dira inoren konturako langileak mugagabeki kontratatzeko mugak, baita lan-bazkideak aldi baterako kontratatzeko baldintzak ere, enpresa eratu eta lehen zazpi urteetan.

Kapital-ekarpenei dagokienez, foru-arauak dio % 50ekoak izango direla bi bazkidek osatutako mikrokooperatiben kasuan.

Azken finean, araudiaren bidez kooperatibak sortu eta eratzea sustatu nahi da, erraztasunak eta malgutasuna eskainita, sozietate-eredu horrek aukera izan dezan kapital-sozietateen forma juridikoekin berdintasunezko baldintzetan lehiatzeko.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...