Langile autonomoen gutxieneko kotizazio-kuota hileko 294 eurora igoko da 2022an

Estatuaren Aurrekontu Orokorren proiektuan, % 1,7ko igoera dago jasota gutxieneko eta gehieneko kotizazio-oinarrietan, eta % 30,6ko kotizazio-tasa aplikatzea.

Igoera horren ondorioz, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hilean 291,1 euro ordaindu beharko ditu gutxieneko oinarria kotizatzen duen norberaren konturako langileak; sozietate-bazkideek, berriz, 374 euro.
Eragin horri, gainera, autonomoei ezarriko zaien tasa-igoera (% 30,3tik % 30,6ra) hartu behar da kontuan.
Ondorioz, bi igoeren ondorioz, 2022an hilean 293,94 eurokoa izango da gutxieneko kuota autonomoentzat, eta 377,87 eurokoa sozietate-bazkideentzat. Beraz, urtean 59,4 euro gehiago ordainduko dute lehenengoek eta 76,2 euro gehiago bigarrenek.

Alde batetik, gutxieneko kotizazio-oinarria 960,60 eurora igoko da —gaur egun 944,40 eurokoa da—. Ondorioz, autonomo pertsona fisikoek urtean 60 euro gehiago ordaindu beharko dituzte, eta sozietate-bazkideek 76 euro gehiago.

Bestetik, kotizazio-tasa % 30,6koa izango da, eta, ondorioz, autonomoek 36 euro eta 149 euro bitarteko igoera izango dute urtean; sozietate mugatua eratu dutenek, berriz, 44 euro eta 149 euro bitartekoa.

% 30,6ko kotizazio-tasa aplikatzea

Oinarriei ezartzen zaizkien kotizazio-tasak handituz joan dira azken urteetan; baina, 2022an, indarrean daudenak ezarriko dira, printzipioz: % 28,30ekoa kontingentzia arruntengatik, % 1,30ekoa kontingentzia profesionalengatik, % 0,90ekoa jarduera uzteagatik eta % 0,10ekoa lanbide-prestakuntzagatik. Guztira % 30,60koa da kotizazio-tasa.

Horrenbestez, igoera izango duten oinarriei guztizko tasa hori ezartzen bazaie, gutxieneko oinarria kotizatzen duten autonomoek 293,94 euroko kuota ordaindu beharko dute hilean, gehieneko oinarria kotizatzen dutenek 1.266,66 eurokoa eta sozietate-bazkide diren autonomoek 377,87 eurokoa. Horrenbestez, hilean ia 5 euro gehiago ordainduko dituzte lehenengoek, 21,21 euro gehiago bigarrenek eta 6,35 euro gehiago hirugarrenek.

Nolanahi ere, gaur egungo egoera berezia kontuan hartuta, hileko kuoten benetako igoera handiagoa izango da, Gizarte Segurantzak ez baititu oraindik aplikatu eta kobratu 2021eko otsaila-abendua aldiari dagozkion kotizazio-tasa gehituak.

Autonomoek gaur-gaurkoz ordaintzen dituzten kuotak hasieran onartu zirenak baino txikiagoak dira, eta Gizarte Segurantza oraindik ere aztertzen ari da aldea atzeraeraginez kobratzeko modua.

Horregatik, autonomoek orain benetan ordaintzen duten kuotarekin alderatuta, handiagoa izango da gorakada: 286,15 eurotik 293,94 eurora igoko da hileko kuota gutxieneko oinarrien kasuan (7,7 euro gorago); gehieneko oinarrien kasuan, hileko kuota 1.233,24 eurotik 1.266,66 eurora igoko da (33,4 euro gorago), eta sozietate-bazkide diren autonomoen hileko kuota 367,87 eurotik 377,87 eurora igoko da (10 euro gorago).

Hortaz, Gizarte Segurantzak bi eguneratze horiek gauzatzen baditu, gutxieneko oinarria kotizatzen duten autonomo gehienek (% 80k baino gehiagok) 90 eurotik gorako igoera izango dute urteko kuotan.

 

 

Azken berriak