KOOPERATIBA ETA LAN-SOZIETATEENTZAKO LAGUNTZAK, COVID-19AK ERAGINDAKO KRISI EKONOMIKOARI AURRE EGITEKO

Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza berriak eta bestelako laguntza-neurriak jarri ditu martxan gizarte-ekonomiako enpresentzat, aurreko urteetan ere ohikoak izan diren bestelako programa batzuekin batera.

Deialdien zenbatekoa 3,2 milioi eurokoa da guztira. Horien artean, azpimarratzekoa da gizarte-ekonomiako enpresak sendotzera bideratutako laguntza-sorta berria. Ohiko programa orokorraren onuradunak izanik, COVID-19aren krisialdiaren eragina jasan duten enpresek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek, kapital bidezko dirulaguntzen bidez, finantza-egitura sendotzeko.

Horrela, bere garaian langile autonomo pertsona fisikoekin egin zen moduan, orain kooperatibetako eta lan-sozietateetako bazkide langileei zuzendutako laguntzak jarri dira martxan, autonomoen kuota eta negozioaren lokalaren alokairua ordaintzeko. Hauek dira baldintzak: COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioz jarduera eten izana edo fakturazioa % 75etik gora murriztu izana.

Horrez gain, gizarte-ekonomiako espresentzako laguntza teknikoari dagokion deialdiaren barruan, beste 2 laguntza-lerro sartu dira, horiek ere COVID-19arekin zuzen-zuzenean lotutakoak. Lehia-egoera onbideratzeko eta hobetzeko diagnostiko espezializatuak egitea da helburua, eta, kaudimengabezia-kasuetan, hartzekodunen konkurtso-deklarazioa eskatu aurreko neurriak aztertzea.

Krisialdietan sortu ohi diren aukerak aprobetxatu nahian, programa horrek laguntza-lerro bat eskaintzen du, zailtasunak dituzten enpresak kooperatiba bihurtzeko.

Bestalde, eutsi egingo zaie gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko aurreko urteetatik indarrean zeuden laguntza-lerroei:

  • Duela gutxi eratu diren sozietateei zuzendutako laguntzak.
  • Zailtasunak dituzten enpresak kooperatiba edo lan-sozietate bihurtzeko bideragarritasuna aztertzeko laguntzak.
  • Kudeaketan laguntzeko eta kudeaketarako tresnak prestatu eta ezartzeko laguntzen barruan, jarduera hauek hartzen dira aintzat:
    • Urteko Gestio Plana edo Aginte Taula Integrala prestatu eta ezartzea.
    • Kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketa komertzialerako berariazko aholkularitza ematea.
    • Kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketako edo zuzendaritzako eginkizunak betetzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea.

Laguntza berriak

1. Autonomoen kuota eta negozioaren lokalaren alokairua ordaintzeko laguntzak

Hartzaileak dira COVID-19aren ondoriozko osasun-krisia dela eta jarduera eten zaien edota fakturazioa % 75etik gora murriztu zaiela frogatzen duten gizarte-ekonomiako enpresak (murrizketa kalkulatzeko, alderatu egingo dira 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 14ra bitarteko hiletan fakturatutakoaren batez bestekoa eta 2019ko irailaren 13tik 2020ko otsailaren 13ra bitarteko hiletan fakturatutakoaren batez bestekoa).

Laguntza eskatzeko azken eguna: 2020ko irailaren 30a.

2. Gizarte-ekonomiako enpresak sendotzeko laguntzak

Gizarte-ekonomiako enpresa hauek izango dira onuradunak: azken 5 urteetan Eusko Jaurlaritzak kooperatibak edo lan-sozietateak eratzeko emandako laguntzen onuradunak izanik 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 14ra (biak barne) bitarteko hilabeteetan batez besteko fakturazioan % 30eko jaitsiera egiaztatzen dutenak, 2019ko irailaren 13tik 2020ko martxoaren 13ra (biak barne) bitarteko epealdiarekin alderatuta.

Laguntzaren zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da bazkide langile finko bakoitzeko, eta 2020ko martxoaren 14an Bazkideen Liburuan ageri direnak hartuko dira kontuan. Laguntza eskatzeko, bestalde, enpresa bakoitzak martxan jartzeko aholkularitza eman zion entitatearekin jarri beharko du harremanetan, fakturazioaren jaitsiera berresteko eta enpresaren bideragarritasuna aztertzeko.

Laguntza eskatzeko epea 2020ko abuztuaren 10ean amaituko da.

2. Egoeraren diagnostikoa eta lehiakortasuna berreskuratzeko ekintza-plana egiteko laguntzak

Kooperatiba edo lan-sozietate hauek izango dira onuradunak: 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 14ra (biak barne) bitarteko hilabeteetan batez besteko fakturazioan % 30eko jaitsiera egiaztatzen dutenak, 2019ko irailaren 13tik 2020ko martxoaren 13ra (biak barne) bitarteko epealdiarekin alderatuta.

Laguntza horren zenbatekoa diagnostikoa eta ekintza-plana egiten duen kontsultoretza-enpresaren kostuaren % 100eko dirulaguntza izango da. Gehieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa izango da, enpresa onuradunak 10 bazkide edo gutxiago baditu, eta horren bikoitza (6.000 eurokoa) bazkide-kopuru handiagoa badu.

Kontratatutako kontsultoretza-enpresak bezero duen kooperatibaren edo lan-sozietatearen egoeraren diagnostikoa egin eta neurri eta jarduketa bideragarriak eta erabakigarriak proposatu beharko dizkio, enpresa bezeroak aurreko lehiarako egoera berreskuratu eta hobetu ahal izateko. Diagnostikoak ikuspegi globala izan beharko du, antolamendu-arlo guztiak barne hartuta (merkatua, produktua, estrategia, langileak, teknologia eta abar).

Laguntza eskatzeko epea 2020ko abuztuaren 7an amaituko da.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....