Kontrata30 programak prestakuntza duten gazteak euren prestakuntza horrekin bat datozen enpleguetan laneratzen lagunduko du

Bizkaiko Foru Aldundiak Kontrata30 izeneko kontrataziorako pizgarrien programa jarri du abian, programaren xede diren gazteen prestakuntzarekin bat datozen lanpostuetan kualifikazioa duten gazte horiek lehen aldiz laneratzen laguntzeko.

Praktikaldiko kontratua unibertsitateko titulua, LHko goi-mailako edo erdi-mailako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiria duten 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago, lan-merkatuan sartzea zaila duen kolektiboa delako gaur egun osasun-krisiak lan-merkatuan izan duen eraginagatik.

Beharkizunak

Kontrata30 programan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke Bizkaiko enpresak, edozein dela ere horien forma juridikoa, enpresaburu indibidual eta profesionalak, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak, bai eta 250 pertsonatik beherako plantilla duten gure lurralde historikoko elkarte, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk ere. Emakida-sistema lehia askearen bidezkoa izango da.

Diruz lagundu ahal izango da praktikaldiko kontratuaren erakunde onuradunaren kostua, kontratua hasten den egunetik aurrera; kontratu horren iraupena gutxienez sei hilabetekoa izango da eta 30 urte arteko langabeekin harpidetuko da. Praktikaldiko kontratua aurtengo martxoaren 14tik 2021eko martxoaren 31ra bitartean hasi behar da.

Kontratazioak kontratatutako pertsonaren prestakuntza akademiko profesionalarekin bat datozen lanpostuei buruzkoak izango dira. Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan beharko dira, betiere kontratuaren hasiera-egunetik eta indarraldi osoan ezarritako ohiko lanaldiaren % 50 gutxienez bada.

Ezin izango dira diruz lagundu urteko soldata gordina 8.000 eurotik beherakoa duten kontratuak, baldin eta kontratuaren lanaldia partziala bada eta ezarritako ohiko lanaldi osoaren gutxienez % 50 bada, eta 14.000 eurotik beherakoa lanaldi osoko kontratuetarako.

Gutxienez sei hilabeteko iraupena duten praktikaldiko kontratuen kasuan eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa 3.990 eurokoa izango da langilea 30 urte arteko gizona bada, eta 4.560 eurokoa langilea 30 urte arteko emakumea bada.

Langileak Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Aurrera planari atxikitako programaren batean parte hartu badu, 30 urte arteko gizona edo emakumea izan, dirulaguntzaren zenbatekoa 5.700 eurokoa izango da.

Azken berriak