KOI ABAL-LERROA AUTONOMOEN ETA ENPRESEN LIKIDEZIA BERMATZEKO

Ministro Kontseiluak onartu egin du Enpresentzako eta autonomoentzako abal-lerroaren lehenengo tartearen ezaugarrien gaineko erabakia. Tarte horrek 20.000 milioi eurora arteko zenbatekoa izango du. Abal-lerroa 8/2020 Errege Lege Dekretuan dago jasota, COVID-19ak ekonomian eta gizartean izaten ari den inpaktuari aurre egiteko premiazko aparteko neurriak arautu dituen horretan.

Helburu horrekin, Abal-lerroak bermatu egingo ditu finantza-erakundeek enpresei eta autonomoei emandako mailegu berriak eta berritutakoak, finantza-behar berriei aurre egitea xede dutenak: soldatak eta fakturak ordaintzea, zirkulatzaile- edo bestelako likidezia-beharrak, finantza- edo zerga-betebeharren mugaeguneratzeen ondoriozkoak barne, eta abar.

Kreditu Ofizialeko Institutuak (KOIk) kudeatuko du Lerroa, finantza-erakundeen lankidetzarekin.

Abal-lerroaren ezaugarriak

Onartu den Abal-lerroak 100.000 milioi eurora arteko zuzkidura du. Gaurko erabakiarekin abian jarri den lehenengo tarteak 20.000 euroko zenbatekoa du, eta horren erdia autonomoen eta enpresa txiki eta ertainen maileguak bermatzeko gordeko da.

Abal horiek COVID-19aren ondorio ekonomikoek kaltetutako enpresek eta autonomoek eskatu ahal izango dituzte, betiere eskatzaileak ez bazeuden berankortasun-egoeran 2019ko abenduaren 31n edota konkurtso-prozesuan 2020ko martxoaren 17an. Abalek atzeraeraginezko izaera dute, eta 8/2020 Errege Lege Dekretua joan den martxoaren 18an indarrean sartu ondoren formalizatutako eragiketetarako eskatu ahal izango dira.

Autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek eskatutako mailegu berrien eta berritutako eragiketen % 80 bermatuko du abalak. Gainerako enpresen kasuan, emandako mailegu berriaren % 70 eta berritutakoen % 60 estaliko du abalak.

Emandako maileguaren epeak iraun bitartean egongo da indarrean abala, bost urtez gehienez. Abalaren kostua, oinarrizko 20 eta 120 puntu artekoa, finantza-erakundeek hartuko dute beren gain.

Interesatuta dauden enpresek eta autonomoek 2020ko irailaren 30era arteko epea dute beren eragiketetarako bermea eskatzeko. Horretarako, KOIrekin lankidetza-hitzarmena sinatu duten finantza-erakundeetara jo beharko dute.

Erakundeok konpromisoa hartu dute abalen onura izango duten mailegu berrien eta berrituen kostuei eusteko, hau da, bat etor daitezen COVID-19aren krisialdia hasi baino lehenagoko kostuekin.

Era berean, bezero guztiei (eta, bereziki, abala izango duten maileguak dituztenei) emandako zirkulatzaile-lerroen mugei eutsiko diete, 2020ko irailaren 30era arte, gutxienez.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....