Irekita autoenplegu-proiektuetarako laguntzen epea Bizkaian; bakoitzeko, 5.000-15.000 euro bideratuko dira

Bizkaiko Foru Aldundiak epea ireki du autoenplegu-proiektuetarako laguntzak eskatzeko; abian jartzen laguntzeko, 5.000 eta 15.000 euro bitartean jaso ditzakete proiektuok.

Programak —zeinaren ezaugarri batzuk aldatu diren COVID-19ak sortutako errealitate ekonomikoari hobeto erantzuteko— eutsi egiten dio proiektuen etorkizuneko bideragarritasunaren aldeko apustuari, proiektuok aurretiko negozio-plan baten bidez bideratzen badira, zeinerako ere laguntza eskaintzen den.

Laguntzak jasotzea errazteko, abiarazita dago lehen deialdia, uztailaren 30era arte, eta urrirako aurreikusita dago bigarren deialdi bat. Beraz, uztailean, lehen epean, dirulaguntza ematea aurreratuko zaio lehen une horretan baldintzak beteta eskaera egiten duenari.

Dekretu honetarako, 6,34 milioi euroko inbertsio bat egingo da, eta, proiektuko 5.000 eta 15.000 euro bitarteko dirulaguntzak jasotzen ditu, proiektuaren sustatzaileen kopuruaren arabera; laguntzak, oro bat, sustatzaileekin batera lan egiteaz arduratuko diren entitateetan inbertsioak egiteko dira; hain zuzen, erakundeok beharrezko aholkularitza emango diete pertsona sustatzaileei, eta aurretiko negozio-plan bat egiten lagunduko (COVID-19a dela-eta, on line egin beharko da).

Aholkularitza eta negozio-plana entitateen bidez

Autoenpleguaren dekretuak helburu nagusi du autoenplegu-proiektuak sustatzen dituzten pertsonei laguntza hauek ematea:

  • Enpresa-kudeaketari buruzko talde-prestakuntza: negozioa, forma juridikoa, eratzeko legezko izapideak, baimenak, lizentziak, finantzaketa eta laguntzak, lan eta ingurumen arloko arriskuak, finantzaketa iturriak eta motak, kobrantzak eta ordainketak kudeatzeko tresnak eta tributazioa.
  • Negozio-plan bat egiteko aholkularitza indibidualizatua, honakoak izango dituena: sarrera, negozioaren deskripzioa eta kokapena, inbertsio-proiektua, finantzaketa iturriak, merkatu-azterketa, antolaketa, giza baliabideak, hartutako forma juridikoa, azterketa ekonomiko-finantzarioa, proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena, arriskuaren balorazioa eta laburpena.

Prestakuntza eta negozio-planaren ondoren, dekretuak enpresa baten sustatzaileentzako zuzeneko laguntzak arautzen ditu, enpresaren forma juridiko zehatza gorabehera.

Enpresak jarduera ekonomikoen erregistroan alta emanda egon behar du, eta, gutxienez, sustatzaileetako batek autonomo gisa alta emanda egon behar du, langabezian egon behar izan du autonomo gisa alta hartu baino lehen, eta lehen adierazitako prestakuntza eta aholkularitza eginda eduki behar ditu. Jarduera ekonomikoetan edo autonomoen araubidean bajan izandako aldiak ez dira kontuan hartuko, baldin eta COVID-19aren pandemia aldian gertatzen badira.

Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa 5.000 eta 15.000 euro bitartean da, enpresako, sustatzaile-kopuruaren arabera.

Laguntzak emateko araubidea lehia-konkurrentzia izango da. Sustatzaileen balorazioak zerikusia izango du alderdi hauekin: langabezian daramaten denbora; gizarte-bazterketaren egoera, adina (30 urtera arteko gazteak eta 45 urtetik gorakoak), bizi diren herriko langabezia-tasa, eta enpresaren jarduera ekonomiko mota eta forma juridikoa.

     

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...