INDARREAN SARTU DIRA LANGILE AUTONOMOENTZAKO HAINBAT LAGUNTZANEURRI

Aurreko albiste batean aurreratu genuenez, joan den urriaren 10ean lan autonomoa laguntzeko hainbat neurri sartu dira indarrean. Horien artean azpimarratzekoak dira, esaterako, langile autonomoek bost urteko epea izango dutela euren langabezia-saria erreskatatzeko, Gizarte Segurantzako hileroko kuoten hobariak gehitu egin direla, langabezia-prestazioa kuota horiek ordaintzeko erabil daitekeela, edota familia- eta lan-bizitza uztartzeko laguntza bereziak sortu direla.

  • Tarifa finkoari dagokion ordaintzeko zenbatekoa apur bat gutxitu da.Halaber, araudi berriaren arabera, aldaketa batzuk izango dira Tarifa finko ospetsuan; autonomo berriek edo bost urteko epean autonomo izan ez direnek hauta dezakete tarifa hori.

Ildo horretan, kontingentzia arruntengatiko kuota 55,78 eurotik 50 eurora jaitsiko da lehen sei hilabeteetan, autonomoak hilean gutxienekoa ordaintzea aukeratzen duen kasuetan (beste zenbateko bat ordaintzea erabaki badu hobaria % 80koa izango da).Epe hori igaro ondoren, murrizketa % 50ekoa izango da hurrengo sei hilabeteetan eta % 30ekoa hurrengo seietan.Guztira 18 hilabetez izango du hobaria.

Autonomoak 30 urte baino gutxiago baditu edo 35 urtetik beherako emakumea bada, 30 hilabetez izango du % 30eko hobaria. Beraz, kolektibo horrek jardueraren lehen bi urte eta erdian jasoko ditu laguntzak.

  • Kontratatzaileek ere tarifa finkoa hauta dezakete. Legearen arabera, langileren bat kontratatzen duten norbere konturako langileek ere tarifa finkoa izateko aukera dute, hasieran horrelakorik aurreikusita ez bazegoen ere.
  • Kotizazio murriztua autonomo babestuentzat. Horrenbestez, terrorismoaren edo genero-indarkeriaren biktimek eta desgaitasuna duten pertsonek kotizazio murriztua izango dute bost urtez.
  • Langabezia-prestazioa jasotzea, alta emanda dauden bitartean. Norbere konturako langile berriek langabezia-prestazioa kobratu ahal izango dute (hori badagokie) autonomoen erregimenean alta emanda dauden bitartean. Aukera hori orain arte 30 urtetik beherakoek bakarrik izan dute, eta hemendik aurrera guztientzat izango da. Legeak dio bi egoerak bateragarriak direla gehienez 270 eguneko epean (bederatzi hilabete inguru).
  • Langabezia-prestazioa 60 hilabetez gordeta geldituko da. Araudi berrian jaso dutenez, autonomo gisa alta eman eta langabezia-saria gordetzea erabakitzen duen langileak bost urteko epea izango du prestazioa berreskuratzeko. Orain arte epe hori 24 hilabetekoa zen.
  • Pertsona guztiek izango dute aukera langabezia-prestazioaren % 100 kapitalizatzeko. Norbere konturako langileak, bere adina edozein dela, bere laneko bizitzan sorrarazi dituen langabeziagatiko prestazio guztiak ‘erreskatatzeko‘ aukera du, ordainketa partzialen bidez edo dena batera.
  • “Kontratatutako” senitartekoek ere jaso ditzakete laguntzak. Ezkontidearentzako eta/edo bigarren mailarainoko senitartekoentzako hobariak ere finkatu ditu araudiak, betiere erregimen berezian alta ematen badute eta autonomoari laguntzen badiote. Guztiek bi urtez izango dute hobaria, alta ematen duten datatik aurrera:lehen 18 hilabeteetan kuotaren gaineko % 50ekoa, eta azken sei hilabeteetan, berriz, % 25ekoa.
  • Amatasun- edo edoskitze-bajengatiko laguntzak. Era berean, araudi berriaren arabera, autonomoek laguntzak izango dituzte euren ordezko langilea kontratatzen badute honako arrazoi hauengatik atsedenaldian diren bitartean: amatasuna, adopzioa, harrera, aitatasuna eta haurdunaldiko edo edoskitze naturalaren aldiko arriskua. Autonomoaren atsedenaldian kontratatuta egongo den langilearen kuotak % 100eko hobaria izango du.

Azken berriak