ESTATU MAILAKO RENOVE PLANAREN LAGUNTZAK ESKATZEKO EPEA IREKI DA

Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak Renove Planaren laguntzak jasotzeko aplikazioa jarriko du martxan gaur goizeko 10:00etatik aurrera, ibilgailu efizienteagoak erosi ahal izateko. Planak 250 milioi euroko aurrekontua du eta 300 eta 4.000 euro arteko laguntzak eskaintzen ditu, auto zahar bat txatarra bihurtu eta beste berri bat erosteko.

Eskaerak kudeatzeko eta estatuaren laguntza erreserbatzeko sistema asteartean martxan jarri zen arren, eskaera egin ahal izango dute, halaber, aurtengo ekainaren 16tik aurrera ibilgailu bat erosi duten interesdun guztiek, betiere baldintzak betetzen badituzte.

Deskargatu RENOVE 2020 PLANAREN LAGUNTZA GIDA

Horrela, Automozioaren Kontzesionarioen Elkarteen Federazioak (Faconautok) egindako kalkuluen arabera, orain arte erositako 135.000 ibilgailu inguruk jaso ahal izango dituzte estatuaren dirulaguntzak.

Baldintzak eta laguntzen zenbatekoa

Laguntzak modelo efizienteagoak erostera bideratuko dira, betiere “neutraltasun teknologikoaren” printzipioan oinarrituz. Horrela, errekuntzako modeloak (diesela eta gasolina) erosteko ere emango dira dirulaguntzak.

Partikularrek edo autonomoek “Zero” ingurumen-etiketa duten turismoak erosten badituzte, 4.000 euroko dirulaguntzak emango zaizkie; bestalde, “Eko” modelo bat erosiz gero, 600 eta 1.000 euro artean jasoko dituzte, eta 400 eta 800 euro artean “C” etiketa (konbustioa) duen kotxe bat erosiz gero.

ETE-en kasuan, laguntzak 3.200 eurokoak izango dira “Zero” autoentzat, 500 eta 800 euro artekoak “Eko” direnentzat, eta 350 eta 650 euro artekoak “C” direnentzat. Bestalde, enpresa handiek 2.800 euro jasoko dituzte lehenengo kasuan, 450 eta 700 euro artean bigarren kasuan, eta 300 eta 550 euro artean hirugarrenean.

Plan honetako laguntzak eskatu ahal izateko, erositako turismoek ez dute izango 35.000 eurotik gorako prezioa. Gainera, programak sektorearen inplikazioa aurreikusten du, eta estatuak ematen duen laguntzaren zenbateko bereko deskontua egin beharko du, “Zero” etiketa duten modeloetan salbu, horietan egin beharko duen deskontua1.000 eurokoa izango baita.

Edizio honetako berritasunetako bat da aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera matrikulatutako ibilgailu erabiliak erosi ahal izango direla, kontzesionarioek stockean dituzten ibilgailu automatrikulatuak errazago sal ditzaten.

 

Azken berriak