Gobernuak hirugarren neurri-sorta onartu du koronabirusaren (COVID-19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko

Onartutako Foru Lege Dekretuaren barnean, zuzeneko zenbait laguntza jasotzen dira batez ere autonomoentzat, bakoitzaren egoera partikularrak zehaztearekin batera honako hauek kontuan hartuta: aparteko prestazioa eskuratu ala ez, aurretiko fakturazioa, familia-unitatearen egoera edo ondarearen gaineko gogoeta.

Laguntza hauen helburua da efektu negatibo hauek iragankorrak izatea, ahal dela inpaktu iraunkorrago bat saihestuaz, eta, azken finean, haiek ekonomia berreskuratzea osasun-larrialdia arintzen doan heinean. Gure Foru Komunitatean 47.0000 autonomo baino gehiago daude, eta horietako asko indarrean den Alarma Egoeran zehar baimendu gabeko jardueretan aritzen dira; hala nola, kulturan, jarduera artistikoetan, kirol-arlokoetan, ostalaritzan, merkataritzan, ile-apaindegietan eta hezkuntzan, besteak beste.

Hona hemen aurreikusitako laguntzak:

Alde batetik, 2.200 euroko ezohiko laguntza zuzena eskuratzeko eskubidea izango dute martxoaren 17ko 8/2020 Legegintzako Errege Dekretuan jarduera bertan behera uzteko ezarritako ezohiko prestazioa aitortuta duten langile autonomoek eta, horren eskubidea sortzeko, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ohiko bizilekua Nafarroako lurraldean izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretu bidez alarma-egoera aitortutako egunean.

b) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa egunean izatea.

c) Enplegu autonomoa sustatzeko laguntzak ez eskuratuta izatea 2020. urtean.

d) 2018ko ekitaldiko Ondarearen gaineko Zerga dela-eta, zergak ordaintzeko betebeharrik ez izatea, ordaindu beharreko kuotaren emaitzarekin.

e) Autonomoaren familia-unitateko kideen diru-sarreren batuketak (autonomoarenak ere sartuta) ondorengo zenbatekoak ez gainditzea alarma-egoerak irauten duen bitartean:

  • Oro har, hileko Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa (aurrerantzean, IPREM) halako lau izango da muga.
  • Muga hori IPREM 0,1 aldiz gehituko da familia-unitatearen kargura dagoen seme-alaba bakoitzeko. Ardurapeko seme-alaba bakoitzeko aplika daitekeen igoera IPREM 0,15 aldiz izango da guraso bakarreko familia-unitatearen kasuan.
  • Muga hori IPREM bider 0,1 gehituko da familia-unitateko kidea den 65 urtetik gorako adineko bakoitzeko.
  • Familia-unitateko kideren batek ehuneko 33tik gorako desgaitasuna, mendekotasun-egoera edo lan-jarduera bat egiteko ezintasun iraunkorra egiaztatzen duen gaixotasuna badu, aurreikusitako muga IPREM bost aldiz izango da, ardurapeko seme-alaba bakoitzeko metatutako gehikuntzak alde batera utzi gabe.

f) Autonomo gisa altan egotea Gizarte Segurantzari dagokion erregimenean eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, Nafarroako Foru Komunitatean, 8/2020 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako prestazio hori amaitu eta hurrengo 12 hilabetetan zehar. Altan egoteko betebehar hori betetzen ez bada, hartzaileak itzuli beharko du bete gabeko denboraldiari dagokion laguntzaren zati proportzionala.

Era berean, lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileek, beren konturako langile gisa dagokion araubide berezian kokatzea erabaki badute, 2.200 euroko aparteko laguntza zuzena eskuratzeko eskubidea izango dute, betiere ezarritako baldintzak betetzen badituzte, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea kenduta, kooperatibistak izateagatik. Modu berean, laguntza honen onuradunak izateko aukera izango dute, baldintza berberetan, sozietate-autonomoek eta merkataritza-sozietateetan edo nortasun juridikorik gabeko erakundeetan lan egiten duten langileek.

Halaber, martxoaren 17ko 8/2020 Legegintzako Errege Dekretuko 17. artikuluan jarduera uzteagatik ezarritako aparteko prestazioa hartu ez duten langile autonomoek 700 euroko ezohiko laguntza zuzena eskuratzeko eskubidea izango dute baldin eta, a), b), c), d) eta e) letretan ezarritakoak eta aurrean adierazitakoak betetzeaz gain, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

a) Autonomo gisa uneoro altan egotea Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean edo Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitatean eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Jarduera ez uztea baina egiaztatzea laguntza eskatzen den hilabetearen aurreko hilabete naturalean fakturazioa gutxienez ehuneko 30 murriztu dela aurreko seihileko naturaleko fakturazioaren batez bestekoarekin alderatuta.

Aurrean adierazitako 700 euroko laguntza zuzena 800 eurora bitarte gehitu ahal izango da autonomoaren familia-unitateko kideen diru-sarreren batuketak (laguntzaren eskatzailearenak barne) ondorengo zenbatekoak gainditzen ez baditu alarma-egoerak irauten duen bitartean:

Oro har, hileko Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa (aurrerantzean, IPREM) halako hiru izango da muga.

Muga hori IPREM 0,1 aldiz gehituko da familia-unitatearen kargura dagoen seme-alaba bakoitzeko. Ardurapeko seme-alaba bakoitzeko aplika daitekeen igoera IPREM 0,15 aldiz izango da guraso bakarreko familia-unitatearen kasuan.

Muga hori IPREM bider 0,1 gehituko da familia-unitateko kidea den 65 urtetik gorako adineko bakoitzeko.

Familia-unitateko kideren batek ehuneko 33tik gorako desgaitasuna, mendekotasun-egoera edo lan-jarduera bat egiteko ezintasun iraunkorra egiaztatzen duen gaixotasuna badu, aurreikusitako muga IPREM lau aldiz izango da, ardurapeko seme-alaba bakoitzeko metatutako gehikuntzak alde batera utzi gabe.

Aurrean adierazitako ezohiko zuzeneko laguntzak eskatu ahal izango dira Foru Lege Dekretuaren testuan adierazitako baldintzetan alarma-egoera amaitu eta hurrengo hilabeteko azken egunera bitarte.

Azkenik, adierazi aurrean aurreikusitako ezohiko zuzeneko laguntzak bateragarriak izango direla beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik eratorritako beste edozein diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabiderekin, izan eskualdekoak, estatukoak, Europar Batasunekoak edota nazioarteko erakundetakoak, betiere laguntzen zenbateko osoak ez badu gainditzen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan finkatutako intentsitate-muga, edo, bestela, 2019. urtean eskatzaileak izandako hileko batez besteko fakturazioa.

Azken berriak