GOBERNUAK 2021EKO URTARRILAREN 31RA ARTE LUZATU DITU AUTONOMOENTZAKO LAGUNTZAK

Erabakitako neurrien artean, jarduera eteteagatiko aparteko prestazio berri bat sortuko da eta jarduerarekin bateragarria den eteteagatiko prestazioa 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatuko da. Gainera, jarduerarekin bateragarria den prestazioa lortzeko betekizunak betetzen ez dituztenentzat (tarifa laua edukitzeagatik edo azken hamabi hilabeteetan kotizatu ez izanagatik, adibidez), diru-sarrera txikiengatiko laguntza berri bat sortu da.

Prestazio guztiek 2020ko urriaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak, eta 4 hilabeteko iraupena izango dute gehienez, betiere eskaera urriko lehen hamabost egun naturalen barruan aurkezten bada. Bestela, eskaera aurkeztu eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Jarduera eteteagatiko aparteko prestazio berria

Jarduera eteteagatiko aparteko prestazio berria administrazio-agintari eskudunek COVID-19aren pandemiari eusteko hartutako ebazpen baten ondorioz beren jarduera osoa aldi baterako eten duten langile autonomoei zuzenduta dago.

Prestazio hori lortzeko betekizunak honako hauek dira:

  • Gizarte Segurantzan Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian (RETA) edo, hala badagokio, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian afiliatuta eta altan egotea, ebazpenaren data baino 30 egun natural lehenago gutxienez.
  • gainera, kuoten ordainketan egunean egon beharko da.

Prestazioaren zenbatekoa gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 50 izango da, eta % 20ko proportzioan gehituko da langile autonomoa familia ugari bateko kidea bada. Langile autonomoa Gizarte Segurantzarako kuotak ordaintzeaz salbuetsita geratuko da, baina aldi hori kotizatutako alditzat hartuko da. Kuotak ordaintzeko salbuespena neurri hori amaitu eta hurrengo hilabeteko azken egunera arte luzatuko da.

Eteteagatiko prestazio arruntaren luzapena 2021eko urtarrilaren 31ra arte

Erabakiak, halaber, jarduerarekin bateragarria den eteteagatiko prestazio arrunta urtarrilaren 31ra arte luzatzea hartzen du barnean, betiere 2020ko laugarren hiruhilekoan prestazioa emateko betekizunak betetzen jarraituz gero. Betekizun horien artean, honako hauek aipa daitezke:

  • 2020ko laugarren hiruhilekoko fakturazioa gutxienez % 75eko proportzioan murriztu dela egiaztatzea, 2019ko aldi berarekin alderatuta,
  • aurtengo urria-abendua aldian errendimendu garbiak gehienez ere 5.818,5 euro izatea (hots, lanbide arteko gutxieneko soldata 1,75 aldiz).

Prestazio horren zenbatekoa oinarri arautzailearen % 70 izango da, eta kontingentzia arruntengatiko kuotaren ordainketa hartuko du barnean (langileari itzuli egingo zaio).

Prestazioa lortzeko betekizunak betetzen ez dituztenek (tarifa laua edukitzeagatik edo beharrezkoa den gutxieneko aldian —12 hilabete— kotizatu ez izanagatik, adibidez), diru-sarrera txikiengatiko laguntza eskatu ahal izango dute, betiere 2020ko azken hiruhilekoko diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez badute. Prestazioaren zenbatekoa gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 50 izango da. Kasu horretan ere, kuoten ordainketa salbuetsita geratuko da, eta aldia kotizatutzat hartuko da.

Sasoiko autonomoentzako laguntzen luzapena

Azkenik, sasoiko langile autonomoentzako laguntzak luzatu egingo dira, eta denbora-betekizunak malgutu.

Prestazio hori lortzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

  • 2018ko eta 2019ko ekainetik abendura bitarte gutxienez lau hilabetetan kotizatu izana.
  • 2020ko diru-sarrerak 23.275 eurotik gorakoak ez izatea.
  • Martxoaren 1etik maiatzaren 31ra arte jarduerarik ez egin izana eta altan emanda edo altaren pareko egoeran egon ez izana.

Prestazio horren zenbatekoa gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 70aren baliokidea izango da, eta kuotak ordaintzeko salbuespena hartuko du barnean.

Prestazio guztiek 2020ko urriaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak, eta 4 hilabeteko iraupena izango dute gehienez, betiere eskaera urriaren lehen hamabost egun naturalen barruan aurkezten bada. Bestela, eskaera aurkeztu eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Norainokoa

COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren hasieratik, ia 1,5 milioi langile autonomok jaso dute jarduera eteteagatiko aparteko prestazioa. Prestazio horrek 660 euroko zenbatekoa du hilean gutxienez, eta kotizazio sozialen aldi baterako salbuespena dakar. Gainera, langile horiek kuoten % 100 ordaintzeaz salbuetsita geratu dira uztailean, % 50 ordaintzeaz abuztuan, eta % 25 irailean.

 

 

Azken berriak