GIZARTE EKONOMIAKO ENPRESENTZAKO FINANTZAKETA BIDE BERRIAK

Gizarte-ekonomiak oso pisu handia du Euskadiko eta Nafarroako ekonomian: enpleguen % 10 baino gehiago gizarte-ekonomiako enpresei lotuta daude. Gainera, alderdi positibo garrantzitsuak dakartzan formula bat dela ikusi da: birbanaketa bultzatzen du maila ekonomikoan, erresistentzia handiagoa agertzen du krisialdietan eta indar handia du sektore estrategikoetan. Izan ere, berrikuntza du ardatz, eta indar handia du industrian.

Kooperatibak, lan-sozietateak, enplegu-zentro bereziak, gizarteratze-enpresak, fundazioak, kofradiak eta abar dira, errendimendua mutualizatzen duten eta jardueraren emaitza gizarteari itzultzen dioten enpresak.

Sektoreak, beraz, itxaropenez betetako fase berri bati egin behar dio aurre orain, proiektu eta inbertsio berriekin, eta mota horretako enpresen finantzaketaren berezko erronkak hartu behar dira kontuan.  Izan ere, enpresa horietan, eraginpean hartutako eta bideratu beharreko interesak dituzten bazkideen kopurua enpresa konbentzional bateko bazkideena baino handiagoa da, proiektu askok interes ekonomikoak eta sozialak uztartzen dituzte, eta esperientzia falta da enpresa langileei utzi ondorengo ordezte-prozesuen kudeaketan.

Ezaugarri horiek direla eta, gizarte-ekonomiaren finantzaketak erronka espezifikoak ditu. Horri buruz eztabaidatzeko eta erronka horietarako irtenbideak aurkitzen saiatzeko, Euskadin eta Nafarroan Gizarte Ekonomia babesten eta sustatzen duten elkarte eta erakunde nagusiek bilera egin zuten, irailaren 13an, Bilboko Carlton hotelean.

Nolanahi ere, helburua zen gizarte-ekonomiako enpresen finantzaketan aurrera egiteko gaur egun dauden aukerak aztertuko zituen lantegi bat garatzea, eta, horretarako, Europako Inbertsio Funtseko inbertsio mikrofinantzarioko arduradun Cristina Dumitrescu izan genuen —Gizarte Ekonomiako EaSI Finantzaketa Lerro berriaren aurkezpenean hartu zuen parte egun horretan bertan—, LABORAL Kutxako eta Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkarirekin batera.

Lantegian, erakunde hauek zeuden ordezkatuta: Erkide, Asle, Anel, Elkarlan, Confecoop, Koopera Sarea, Gorabide Fundazioa, Gotzaindegia, Mondragon Taldea, INIT, Nekazari Elikagaien Kooperatiben Federazioa, LABORAL Kutxa, Gaztenpresa Fundazioa eta Eusko Jaurlaritza.

Europako Batzordeak gizarte-ekintzailetza eta garapen-fasean dauden etorkizuneko ekimenak babesteko eskaintzen dituen tresnak azaldu zituen Cristina Dumitrescuk, eta gizarte-ekonomiaren alorrean aplika daitezkeen laguntzen aukerak gogora ekarri zituen Eusko Jaurlaritzak. Ondoren, tartea zabaldu zen, enpresa berrietarako, proiektu espezifikoetarako eta dagoeneko badauden gizarte-ekonomiako enpresetarako finantzaketaren inguruan gogoeta egiteko.

Baterako gogoetaren bidez, ondorio interesgarri batzuk atera ziren. Mahairatu ziren gaien artean daude zirkulatzaile-premiak planifikatzeko beharra (negozio-planaren aurreikuspenen betetze-mailan desbiderapena egon daitekeela kontuan hartuta) eta alderdi soziala alderdi ekonomikoa baino garrantzitsuagoa duten proiektuak finantzatzeko epe luzeagoen premia.

Halaber, kapitalean sartzearen bidezko finantzaketaren aukerarekiko interesa agertu zen zenbait eremutatik. Nolanahi ere, argitu zen oso garrantzitsua dela inbertitzailea bat etortzea enpresaren filosofiarekin.

Edonola ere, gehien kezkatzen duten alderdietako bat da, finantzaketa eskatzeko prozesuan bermeak emateko beharra eta berme horiek solidarioak izatea. Bermeen bidez, Gizarte Ekonomiako EIF Finantzaketa Lerroa arindu ahal izango da. Hori oso lagungarria izan daiteke gizarte-ekonomiaren finantzaketa errazteko. Izan ere, Europako Inbertsio Funtsaren abalak hartzen dira barnean, eta horrek berme gehigarrien beharra murrizten du. Gainera, finantzaketaren emakida finantza-erakundeetan eskuordetuta dagoenez gero, izapideak arinak eta bizkorrak dira.

Gizarte Ekonomiako EaSI Lerroak 50 milioi euro bideratuko ditu gizarte-ekonomiaren garapena bultzatzera, Europa osoko zenbatekorik handiena.

Finantzaketaren barruan, maileguak eta kreditu-kontuak emango dira, eta enpresa bakoitzak 500.000 € jasoko ditu gehienez, 10 urterainoko epearekin maileguen kasuan, eta 3 urterainokoa epearekin kreditu-kontuen kasuan. Kalkulatutakoaren arabera, finantzaketa-lerro horrek Euskadiko eta Nafarroako 1.000 enpresa ingurutan eragin dezake, eta zifra hori oso garrantzitsua da gizarte-ekonomiaren ekosisteman.

Egun hauetan, halaber, Euskadiko hainbat kooperatiba-erakunderen eta Elkargiren arteko finantzaketa-hitzarmena sinatu da. Hitzarmen hori Euskadiko kooperatibei zuzenduta dago bereziki, eta Gizarte Ekonomiako EaSI Lerroaren antzeko sistema bat dauka. Eskaintzen dituen abiapuntuko bermeek berme gehigarrien premia murrizten dute, eta emakida erraztu eta arindu.

Dirudienez, finantzaketa mota berri hori babes garrantzitsua izan daiteke gizarte-ekonomiaren munduarentzat. Zalantzarik gabe, finantza-erakundeen, elkar bermatzeko sozietateen eta gizarte-ekonomia bultzatzen laguntzen duten eragile eta elkarte guztien apustu handia da.

Azken berriak