Gipuzkoako Aldundiak sektore gehiagotara hedatu ditu TicketBAIrekin lotutako laguntza zuzenak

Laguntzak eskatzeko epea ere azaroaren 30etik abenduaren 15era luzatu da, eta 19 jarduera ekonomiko ezberdin gehiagok eskatu ahal izango dituzte

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Ekonomia Sustapeneko departamentuak martxan dituen merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorean digitalizazioa sustatzeko programa hedatzea onartu du gaur. Laguntza lerro hau COVID-19aren pandemiaren testuinguruan martxan jarri zen Ekonomia Indartuz programaren parte da, eta bere helburua kolektibo hauei laguntzea da, gaur egun dituzten beharretan zein etorkizuneko erronketan. Programa TicketBAI proiektuarekin erlazionatuta ere badago; izan ere, laguntza jaso ahal izateko sistema honen bidez 15 faktura aurkeztuak izan behar dira, eskaera egin aurreko 15 egun naturaletan. “Gaur hartu dugun erabakia izan da, batetik, laguntza hauek merkataritza eta ostalaritzaz gain, beste 19 jarduera ekonomikotara zabaltzea; eta, bestetik, eskariak aurkezteko epea azaroaren 30etik abenduaren 15era luzatzea”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Gogoratu duenez, guztira dirulaguntza lerro honek 1,5 milioi euroko zuzkidura du. Hasiera batean Gipuzkoako merkataritza eta ostalaritza sektorerako laguntzera zegoen bideratuta, eta orain Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren beste 19 epigrafetara zabaldu da: Zura zerratzea eta industri prestakuntza; zurez erdi egindako produktuen fabrikazioa; eraikuntzarako zurgintza piezak, parketa eta zurezko egituren fabrikazioa sailean; zurezko ontzi eta sortaketen fabrikazioa; zurezko gauza ezberdinen fabrikazioa; kortxozko ekoizkinen fabrikazioa; ihizko eta kanaberazko artikuluak, saskigintza, brotxak, arraboten eta abarren fabrikazioa; zurezko altzarigintza; instalazioak eta muntaiak; obren amaiera; etxe eta eraikuntza ekipamendurako artikuluen txikizkako salmenta; etxerako, auto ibilgailuentzat eta bestelako kontsumo-ondasun zenbaitetarako artikulu elektrikoen konponketa; ile-apaindegiak eta gorputz apaindegiak; argazki-zerbitzuak, argazkietarako makina automatikoak eta fotokopi zerbitzuak; enmarkazio zerbitzuak; barneko dekoratzaileak eta diseinugileak; pintoreak, eskulturagileak, zeramistak, artisauak, garbitzaileak eta antzeko artistak.

Establezimendu bakoitzak 1.000 euroko laguntza jasoko du.

Informazio gehiago

Azken berriak