Foru aldundiek, Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak turismo eta ostalaritzako 460.000 bonu igorri dituzte 14 milioi euro mobilizatzeko

Euskadi Turismo Bonua gaurtik eta 2021eko abenduaren 31ra arte erabili ahalko da jatetxeetan, ostalaritza-establezimenduetan eta turismo-enpresetan. Pertsona interesdunek aukera izango dute kontsultatzeko zeintzuk diren programara atxiki diren enpresa eta establezimenduak (2.000 baino gehiago), honako webgune honetan: www.euskaditurismobono.eus. Bonu horiek deskontu-txartelaren ereduan oinarritzen dira eta hiru modalitate dituzte: bi ostalaritzako, jatetxeetako eta turismo-intereseko jardueretako establezimendu eta enpresetara bideratuak eta hirugarren bat turismo-ostatuetara bideratua.

Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek, Eudelek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ostalaritza eta turismoko 466.250 bonu (Euskadi Turismo Bonua deiturikoak) jarriko dituzte martxan gaur. Horren bidez, erosketetan 14 milioi euro mobilizatzea espero dute, pandemiatik eratorritako krisiak bereziki kaltetu duen sektore bat suspertzen laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, aldundiekin, 3 hiriburuetako udalekin eta EUDELekin batera, hitzarmen aitzindari bat sinatu zuten 2020an, elkarrekin, kontsumo-bonuak igortzeko (‘Euskadi Bono Denda’ eta ‘Euskadi Turismo Bonua’) eta sektore horiei laguntzeko, kaltetuenetakoak izan baitira pandemiaren ondorioz. Mugikortasunaren murrizketa eta muga desberdinak direla eta, Turismo Bonua ezin izan zen aktibatu, eta, beraz, epea 2021eko apirilaren 13tik abenduaren 31ra luzatzea erabaki zen.

euskaditurismobono.eus webgunearen bidez, atxikitako enpresak eta establezimenduak kontsultatu daitezke; 2.000 baino gehiago. Ez da beharrezkoa aldez aurretik erostea; aitzitik, aukeratzen dituzten eta programari atxikita dauden establezimenduetan eskatu beharko dira. Atxikitako establezimendu eta enpresa guztiak ikusgai egongo dira kontsumitzaileentzat www.euskaditurismobono.eus webgunean.

Bonuen helburua krisiak gehien zigortu dituen sektoreak suspertzea da, baita kaltetutako familietan kontsumoa aktibatzen laguntzea ere. Jatetxeen, ostalaritzaren eta turismoaren jarduera dinamizatzeko formula bat, toki- eta eskualde-eremuan duen eragina sustatuz.

Bonu horiek Euskadin bizi diren edo beste leku batzuetatik bisitatzen gaituzten 18 urtetik gorako pertsona fisikoei aplikatuko zaizkie. Bonuak 3 modalitatetako deskontu-txartelaren ereduan oinarritzen dira. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzako, jatetxeetako eta turismo-intereseko jardueretako establezimendu eta enpresentzat dira, eta 5 edo 10 euroko deskontuak dira 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako, hurrenez hurren. Hirugarren modalitatean, deskontua 20 eurokoa izango da, turismo-ostatuetan gutxienez 60 euro erosteko. Establezimendu bakoitzeko 2 bonu erosi ahal izango dira, gehienez ere 40 euroko deskontua pertsona bakoitzeko.

‘Euskadi Turismo Bonua’ Euskal Autonomia Erkidegoko mikro-enpresei eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago, turismoarekin eta ostalaritzarekin lotutakoak, hala nola: ostatu-establezimenduak; turismo-gidak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza- eta antolaketa-enpresa turistikoak; jatetxe- eta ostalaritza-establezimenduak; naturan kirol-jarduerak egiten dituzten enpresak, esaterako turismo aktiboa eta abentura-turismoa; turismo-garraioko enpresak; kultura-, gastronomia- eta natura-ondarea zabaltzen diharduten enpresak eta jolas-zentroak.

Azken berriak