Eusko Jaurlaritzak beste 2 milioi izendatu ditu Euskadi Bono Dendaren bigarren faserako

Gobernu Kontseiluak onartu du 2021eko irailaren 20ko agindua aldatzea Euskadi Bono Dendari dagokionez, eta beste 2 milioi euroko kreditua izendatu du merkataritzako bonuetarako. Horrela, azkenean 7,1 milioi inbertituko dira edizio honetan merkataritzako bonuetan: 6,6 Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jarriko ditu eta gainerakoa atxikitako udalek.

Sektorearen ordezkariekin ebaluatu ondoren, Euskadi Bono Dendaren bigarren edizioak oinarrizko ezaugarriak mantenduko zituen, hala nola 10 euroko deskontua 30 eurotik gorako erosketetan eta trukea zuzenean merkataritza-establezimenduan egitea. Bestalde, hobekuntza batzuk ere egin ziren, besteak beste, pertsonako bonu-kopurua 4tik 5era igotzea eta bonuak erabili ahal izateko adina 16 urtera jaistea.

Horrez gainera, herrietako merkataritza-jarduerekin erlazionatutako zerbitzuak ere sartu ziren: ileapaindegiak eta apaindegiak, garbitegiak, tindategiak, argazki eta fotokopia zerbitzuak, markogintza-zerbitzuak eta konponketa-establezimenduak. 

Azkenik, eta sektoreak eskatuta, bonuak trukatzeko 2 epe jarri ziren, 2021eko urriaren 27tik abenduaren 5era, lehenengo fasean. Eta 2022ko urtarrilaren 10etik martxoaren 31ra bigarren fasean; hain zuzen ere, gabonetako erosketa-aldia har ez zezan, bestela ere nahiko pizgarri baitu garai horretako kontsumoak.

Euskadi Bono Dendaren lehenengo fasea abenduaren 5ean amaitu zen, “eta esan dezakegu arrakastatsua izan dela”, adierazi du sailburuak. “Lehenik eta behin, atxikipenen kopuruari dagokionez, 4.300era iritsi baitziren, eta aurrekoarekiko igoera % 43koa izan zen, beraz. Bigarrenez, bonu-kopuru handia trukatu delako. Zirkulazioan jarritako ia 500.000 bonuetatik 427.000 kontsumitu dira lehenengo fase honek iraun duen hilabete eskasean”.

Laburbilduta, Euskadi Bono Dendaren lehenengo fasea arrakastatsua izan da, bonuen % 88 kontsumitu baitira, hau da, 4,2 milioi euro. Euskadi Bono Dendaren bigarren fasea urtarrilaren 10ean hasiko litzateke 580.000 eurorekin, eta, sailburuak azaldu duenez, “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik erabaki dugu bigarren fase horretako zenbatekoari beste 2 milioi gehitzea. Horrenbestez, bigarren fase hori 2,5 milioirekin abiatuko da, eta 258.000 deskontu-bonu izango dira Euskadiko merkataritza eta zerbitzu establezimenduetarako. Gaur onartu diren beste 2 milioi horiekin, Euskadi Bono Dendak guztira 7,1 milioi euro izango ditu bi faseetan.

Atxikitako udalak

Bigarren edizio honetan ekimena erakunde guztietara zabaldu da, eta udal ugarik erabaki dute bat egitea. Horren ondorioz, udalerrietako bonu-kopurua eta inbertsioa ere batu dira. Lehenengo atxiki zen Udala Gasteizekoa izan zen, eta, ondoren, Derio, Erandio, Gueñes, Portugalete, Arrasate, Hondarribia, Legazpi eta Zumarraga batu zitzaizkion. Bigarren fase honetarako berriz ere nahi duten udalak batu daitezke.

Azken berriak