Eusko Jaurlaritzak abian jarri dute ‘Kulturako profesionalei laguntzeko programa’

Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako programa honen bidez, baldintzak betetzen dituzten langileek aurreko urteko Pertsona Fisikoen Errenta Zergan aitortutako diru-sarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70 eskatu ahal izango dute. Langile bakoitzeko muga hilean 1.200 eurokoa izango da, eta programa horren aurrekontu osoa 2,5 milioi eurokoa izango da.

Programa berria

Programa hau egoitza pertsonala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten, adinez nagusiak diren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean artisten jarduera profesionala duten pertsonei zuzenduta dago. Horrez gain, proposamen berri hau zuzenduta dago Covid-19aren ondorioz jarduerak eta programak bertan behera utzi behar izan dituztenei.

Programa honetan sartzen diren pertsonek kulturari lotutako jardueran aurreko urteko Errenta aitorpenean aitortutako diru-sarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70 jaso ahal izango dute. Azken hilabeteetan jarduerari ekin dioten pertsonak badira, jarduera hasteko eskabide-inprimakia aurkeztu beharko dute, eta eskatzaileak 2020an hasi badira lanean, jasoko duten laguntza hileko lanbide arteko gutxieneko soldataren baliokidea izango da. Programak honako aldi hau hartuko du: martxoaren 13tik (Osasun Larrialdia eta Alarma Egoera deklaratzearen atarian) Alarma egoera amaitu eta kultur emanaldiak publikoarekin baimenduko diren hilabetearen azken egunera arte. Nolanahi ere, laguntzak gehienez ere 6 hilabetez eskainiko dira.

Programa Lanbideren bidez kudeatuko da, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin lankidetzan. Datozen egunetan emango dira, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, programa hau abian jartzeko beharrezkoak diren prozedura-arauak, inprimakiak, epeak eta gainerako elementuak. Ekimen berri hau apirila amaitu baino lehen martxan egotea da helburua.

Programak berak zehaztuko ditu laguntzak eskuratu ahal izango dituzten jarduerak, Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalean oinarrituta. Nolanahi ere, aurreratu daiteke horrelako jarduerak hartuko direla kontuan: sorkuntzarekin lotutako jarduera profesionalak; kultura-produktuen merkataritza; arte grafikoak eta euskarri grabatuen erreprodukzioa; ikus-entzunezko jarduerak; argazki-jarduerak; edizio-jarduera; liburutegietako, artxiboetako, museoetako eta ondareko jarduerak; soinuaren grabazioko eta musika-edizioko laguntzaileak; soinuaren grabazioko eta musika-edizioko jarduerak; irudi- eta soinu-euskarrien eta -aparatuen eta musika-tresnen fabrikazioa; hizkuntzen itzulpen- eta prestakuntza-jarduerak; edo kultura-hezkuntza.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....