Europako autentifikazio-sistema berriak zure bezeroen onlineko ordainketen segurtasuna indartzen du

Europako erakundeek eta LABORAL Kutxa gisako erakundeek merkataritza-arloan duten kezka handienetako bat honako hau da: online ordaintzeko metodoetan, segurtasuna ahalik eta gehien bermatzea eta iruzurraren kontra borroka egitea. 2018an, gure inguruan kreditu-txartelekin egindako iruzurrezko eragiketen ehunekoa guztizkoaren % 0,016koa bakarrik izan arren, Espainiako Bankuaren datuen arabera, mota horretako iruzurrek mesfidantza sortu eta merkataritza-jarduera atzera dezakete.

 

Autentifikazio bikoitza

Hori saihesteko, online saltokiek Europako segurtasun-protokolo berri bat izango dute, beren bezeroek egiten dituzten eragiketen fidagarritasuna bermatzen laguntzeko. Azaroaren 14tik aurrera, Europako Esparru Ekonomikoan egiten diren transakzio guztiek autentifikazio indartua edo autentifikazio bikoitza (SCA) bete beharko dute, Internet bidezko transakzioetan kreditu- eta zordunketa-txartelen titularren identifikazioa indartzen duen segurtasun-sistema bat.

 

Nola eragiten die eCommerce edo saltoki elektronikoei?

Eguneratze horrek ordainketa-zerbitzuen Europako PSD2 araudia betetzen du, bezeroaren autentifikazio indartuko (SCA) neurriak arautzen dituena. Haren aplikazioak ez die eragingo onlineko erosketak egingo dituzten pertsonei bakarrik, baita eCommerce edo saltoki elektronikoei ere, eta, beraz, horiek beren salmenta-puntuko terminal (ST) birtualak egokitu beharko dituzte. Gaur egun, saltoki eta txartel-igorle askok erosketei buruzko informazioa trukatzen dute 3D Secure 1.0 deituriko protokoloaren bitartez. Protokolo horren bertsio berriak, 3DS 2.2 izenekoak, informazioaren transmisioa hobetzen du, eta autentifikazio bikoitzeko faktoreak eskatzea eta ordainketa-prozesuan zehar salbuespen jakin batzuk aplikatzea ahalbidetzen du. Honako hauek dira, hain zuzen ere, autentifikazio-prozesu horietatik salbuetsita dauden eragiketak:

  • Konfiantzazko onuradunak dituzten eragiketak: txartelaren titularrak aurrez aukeratu dituen konfiantzazko saltokiak.
  • 30 €-tik beherako eragiketak: gehienez ere 5 transakzio egin daitezke jarraian, edo 100 €-ko zenbateko metatua dutenak.
  • Maiz egiten direnak, hau da, titularrak onuradun eta zenbateko berarekin hasi dituen ordainketak.
  • Iruzur egiteko arrisku txikia duten transakzioak.

 

LABORAL Kutxaren ST guztiak egokituta daude dagoeneko

Zure saltokiak LABORAL Kutxaren ST bat badu, ez duzu ezertxo ere egin beharrik izango: salmenta-puntuko gure terminal guztiak araudi horretara egokituta daude —3D Secure eta Merkataritza Elektroniko Seguruaren estandarrak betetzen dituzte— eta autentifikazio indartua dute. Horrenbestez, ez duzu ezertaz kezkatu beharrik izango protokolo berrira migratzeko, bertsioa eguneratzeaz eta migrazio hori egiteaz arduratzen ari baikara.

 

Nola ordainduko dute zure bezeroek?

Azaroaren 14tik aurrera, zure bezeroek segurtasun-elementu independenteekin identifikatu beharko dute online erosketa bat egiten duten bakoitzean. Faktore horiei autentifikazio-faktoreak deitzen zaie.

Aurrerantzean, haien txartelaren datuak (txartelaren zenbakia + iraungitze-data + CVV2) eta SMS bidez jasotako gakoa ez dira nahikoak izango, orain arte bezala; izan ere, hori baliozko faktore bakar baten gisa hartzen da.

Hala, haren txartelaren datuak sartzeaz gain, banku jaulkitzaileak honako 3 autentifikazio-faktore hauetatik 2 eskatuko dizkio zure bezeroari:

  • Ezagutza-faktorea: bezeroak dakien zerbait; esaterako, Online Bankan sartzeko pasahitza edo txartelaren PINeko posizio jakin batzuk.
  • Jabetza-faktorea: bezeroak lehendik duen zerbait; esaterako, smartphone-ari lotutako bankuaren aplikazioa edo SMS bidez bidaltzen diren erabilera bakarreko pasahitzak jasotzen dituen mugikorra.
  • Atxikipen-faktorea: bezeroarena «den» zerbait; aurpegia edo hatz-marka antzematen duten elementu biometrikoak, adibidez.

Horrek esan nahi du Europako Esparru Ekonomikotik datozen zure bezero guztiek beren erosketa autentifikatu beharko dutela, beren txartelaren erakunde jaulkitzaileak zehaztutako parametroen arabera. Horrenbestez, ordainketa-esperientzia desberdina izan daiteke horietako bakoitzarentzat.

Segurtasun-protokolo berriaren ezarpenari buruz zalantzaren bat izanez gero, LABORAL Kutxako zure kudeatzaileari kontsulta diezaiokezu, zure bulegora joanda edo Online Bankaren bitartez. Gainera, zure kontsultak egiteko harremanetarako kanal guztiak erabilgarri daude gure webgunean.

Azken berriak