Errenta20: Bizkaiko Ogasunak 900.000 aitorpen proposamen egin ditu milioi bat zergadunentzat

Errenta20 kanpaina apirilaren 6tik ekainaren 30era bitartean egingo da, eredu berri baten bidez, Foru Ogasunak zergadun guztiei errenta-aitorpena eginda emate aldera. Aitorpena aurkeztera behartuta ez dauden baina horren emaitza itzultzea duten pertsonek aurkezten dituzten aitorpenak nabarmen handitzea aurreikusten du Ogasunak. Bizkaiko pertsonek 630,6 milioi euro murriztuko dituzte PFEZean, ondorengo, adin, desgaitasun edo etxebizitzagatiko gizarte-kenkariak aplikatuta. 7.700 aitorpen aurkeztea aurreikusita dago Ondarearen gaineko Zergaren kanpainari dagokionez, eta 80 milioi euro biltzea espero da.

Datorren asteartean, hau, apirilaren 6an, Errenta Aitorpena aurkezteko kanpaina hasiko da, non, lehen aldiz, Bizkaiko zergadun guztiek Foru Ogasunak egindako aitorpenaren zirriborroa izango duten. Hilaren 6tik aurrera, Aldundiaren egoitza elektronikoan, 906.936 aitorpen-zirriborro kontsultatu ahal izango dira, 996.651 zergadunenak. Era berean, kanpainaren lehen bi asteetan, Foru Ogasunak zirriborroaren emaitzaren berri emango dien gutuna jasoko dute, eta www.bizkaia.eus/errenta webgunean, Bizkaia Errenta deritzon aplikazio mugikorrean eta 94 608 3000 telefonoan kontsultatu, aldatu eta onartu ahal izango dute.

Foru Ogasunak egindako zirriborroak honela banakatzen dira:

ERRENTA20ko proposamenak, Ogasunak egindakoak Itzultzekoak Sartzekoak Zeroan Guztira
Behartuak 260.281 214.847 6.026 481.154
Ez-behartuak 170.637 87.831 167.314 425.782
Proposamenak guztira 430.918 302.678 173.340 906.936

Datu horiekin, Ogasunak 651.791 aitorpen aurkeztea espero du, 481.154 behartuei eta itzultzekoak diren 170.637 ez-behartuei dagozkienak.

Nabarmentzekoa da aurkeztuko diren aitorpenen aurreikuspen horrek argi eta garbi areagotzen dituela aurreko errenta-kanpainetan aurkeztutako aitorpenen datuak (583.439 aitorpen aurkeztu ziren Errenta19an); pertsona guztiei zirriborro bat eskaintzean, aitorpena aurkeztera behartuta ez dauden 170.000 pertsonak baino gehiagok errenta-aitorpena (emaitza itzultzekoa dutena) aurkeztea errazten da.

% 77k proposamen osoa jasoko du eta ez du datu gehiago eman beharrik izango.

Aurkeztea espero diren 650.873 aitorpenetatik, % 77 (504.150 aitorpen) osaturik daude dagoeneko, Ogasunak zergadunaren zerga-datu guztiak baititu. Gainerako 146.723 aitorpenek Ogasunak ez duen datu ekonomikoren bat eman beharko dute. Azken kasu horretan, Ogasunak zergadun bakoitzari jakinaraziko dio jaso duen aitorpen-proposamena osatu gabe dagoela, eta, hainbestez, bere aitorpenaren behin betiko emaitza hasierako zirriborroan jasotakoaren desberdina izango da.

Banakako aitorpena, aukera hobea edo bakarra hamarretik zortzirentzat

Foru Ogasunak zergak ordaintzeko aukerarik onena kalkulatu du aitorpena eginda duten 996.651 pertsonentzat. Kalkulu horren arabera, 799.639 banakako aitorpen proposamen bidaliko ditu; horietatik 493.818 kasutan aukera bakarra da, eta 305.821 kasutan, berriz, aukerarik onuragarriena. Aitzitik, beste 197.012 zergadunei gehiago komeni zaie aitorpen bateratua aurkeztea.

630 milioi euro kenkari sozialetan
GIZARTE-KENKARIAK aplikatzeko aurreikuspena Onuradunak Batez besteko kenkaria Zenbatekoa guztira
Ondorengoak 220.900 634 € 140 M€
Sei urtetik beherako ondorengoak 60.700 244 € 14,8 M€
65 urtetik gorakoak 109.000 622 € 67,8 M€
Desgaitasuna edo mendekotasuna 67.300 1.120 € 75,4 M€
Ohiko etxebizitzaren alokairua 42.200 1.050 € 44,3 M€
Ohiko etxebizitzan inbertitzea 179.500 938 € 168,4 M€
Gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako ekarpenak 170.000 662 € 112,5 M€
GUZTIRA 630,6 M€

49 gutun-eredu desberdin

Bizkaiko Ogasunak 49 gutun-eredu egin ditu, eta, horrela, zergadun bakoitzak bere etxean jasoko du bere aitorpen-proposamenari buruzko informazio pertsonalizatua; bere proposamenaren emaitzaz gain, zein zerga-aukera (banakakoaren eta bateratuaren artean) zaion onuragarriena, errenta-aitorpena aurkeztera behartuta dagoen ala ez, eta egin zaion proposamena osorik dagoen ala Ogasunak ez duen daturen bat eman behar duen.

Kasuen aniztasuna zabala den arren, oro har, lau kasu nabarmendu behar dira:

  •  Proposamena osatuta dago eta emaitza itzultzekoa da (zergadunaren alde):
    •  webgunetik, aplikaziotik edo telefono bidez aurkeztu ahal izango da, eta hiru eta zazpi egun bitartean jasoko da dirua banku-kontu egokian.
    •  Zergadunak ezer ez egitea erabakitzen badu, ekainaren 11n Ogasunak aurkeztutzat joko du, eta hurrengo egunetan proposamenaren emaitza zergadunaren banku-kontuan sartuko du.
  •  Proposamena osatuta dago eta emaitza sartzekoa da (Ogasunaren alde): ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko du. Zergadunak webetik, aplikaziotik edo telefono bidez egin dezake.
  •  Proposamena osatu gabe dago, edo zergadunak aldatu egin nahi du: kasu horretan, eskatzen zaizkion datuak aurkeztu beharko ditu webgunetik, aplikaziotik edo telefono bidez, eta, ondorik, aitorpena aurkeztu beharko du.
  •  Pertsona ez dago behartuta aitorpena aurkeztera: Ogasunak aitorpenaren emaitzaren berri emango dio, eta, aldekoa bada, ezarritako hiru bideetatik edozein erabiliz aurkeztu ahal izango du.

Ondarearen gaineko zerga

Ondarearen gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko epea, 2020koa, PFEZren berdina izango da, eta kanpaina honetan, Foru Ogasunaren ustez, 7.700 aitorpen inguru aurkeztuko dira, 80 milioi euro guztira.

Errentan legez, Ogasunak Ondarearen gaineko Zerga aurkezteko modu berri bat jartzen du abian, aurreko autolikidazio-eredutik aitorpen-eredura igarotzen dena. Horretarako, zerga hori aurkeztu behar duten pertsonek laguntza-programa bat dute eskura Errentaren webgunean; programa horren bidez, Ogasunak dituen datu fiskalak deskargatuko dira, eta, horrela, Ogasunak proposamen bat egingo du, automatikoki. Beharrezkoa bada, Ogasunak ez dituen datuak aurkeztu beharko dira, eta aitorpena aurkeztu.

Berrikuntzak Errentan eta Ondarean

Foru Ogasunak gogorarazten du ezen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arautegian hainbat aldarazpen egin direla; aldaketa horien helburua ondoko hau da: COVID19k eragindako pandemiak Bizkaiko pertsonen ahalmen ekonomikoan dituen ondorioak arintzea. Aldaketarik aipagarrienen artean, bi ordaintzailerengandik edo gehiagorengandik errentak eskuratu dituzten pertsonentzat ezarririk dagoen aitorpen-mugaren aldaketa dago. Muga hori 12.000 eurotik 14.000 eurora igo da, eta aitorpena aurkezteko betebeharretik salbuetsita daude 14.000 eta 20.000 euro arteko errentak dituzten pertsonak, baldin eta bigarren ordaintzailearengandik eta gainerako ordaintzaileengandik eskuratutako errentak 2.000 eurotik gorakoak ez badira.

Era berean, 2020ko martxotik, Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait kenkari onartu ditu; halaber, Errentaren eta Ondarearen kanpaina honetan eragina duten zenbait zerga-epe malgutzea ere onartu du. COVID-19k eragin duen krisiaren aurrean hartutako tributu-neurrien multzoa webgune honetan kontsulta daiteke: www.bizkaia.eus

Egutegia

  •  Apirilaren 6a. 996.651 aitorpen-proposamenak Aldundiaren egoitza elektronikoan jartzen dira zergadunen eskura, eta Ogasunak zergadunei gutunak bidaltzen hasten da. Gutun horietan, proposamenaren emaitzaren berri ematen da, eta ordezkaritza-gakoa eransten da.
    •  Identifikazio digitaleko sistema duten pertsonek aitorpena aurkez dezakete jada
    •  Identifikazio digitaleko sistemarik ez dutenek ‘bak’ gakoa aktibatzeko kode bat jasoko dute gutunean, eta kode horrekin zirriborrora sartzeko aukera izango dute, telefonoz, web-orrialdetik edo aplikazioaren bidez.
  •  Ekainaren 11. Aitorpen osoen proposamenak, itzultzekoak direnak, onartzeko azken eguna. Onartu ez direnak isilbidez aurkeztutzat joko dira, eta egun batzuk barru jasoko dute dirua beren banku-kontu egokian.
  •  Ekainaren 30a. Gainerako errenta-aitorpenak (sartzekoak direnak edo osatu gabe dauden eta itzultzekoak diren proposamenak) eta ondare-aitorpenak aurkezteko azken eguna.
  •  Uztailaren 6a. Sartzekoak diren errenta-aitorpenen lehen ordainketa kobratzea. Zatikako ordainketa aukeratuz gero, % 40 azaroaren 10ean kobratuko da.

Azken berriak