Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua: autonomoen betebehar berria Bizkaian

2013ko ekitaldira arte, hori barne, pertsona fisikoen, ondasun-erkidegoen eta ekonomia-jarduerak egiten zituzten bestelako entitateen betebeharra zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araudietan adierazitako Erregistro-liburuak arteztea.
Bizkaiko lurraldean, indarrean zeuden oinarrizko betebehar formalei (zerga-erregistroko liburuen ingurukoei) beste batzuk gehitu zaizkie Martxoaren 16ko 44/2013 Foru-dekretuarekin: 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa da Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburu berria arteztea eta edukitzea, eta era berean, liburuaren edukiari buruzko informazioa eman behar zaio Foru Ogasunari 2015eko otsailean.
Erregistro-liburuen arteztea bateratu nahi da horrela. Beraz, ekonomia-jarduerak aurrera daramatzaten pertsona fisikoek eta errentak eratxikitzeko araubideko entitateek Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburu berria izan beharko dute, aurreko guztiak ordezkatuko dituena.

Zein da Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuaren edukia?

Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuan, zergapekoak burutu dituen ekonomia-jarduera guztietan egindako eragiketa ekonomiko guztiak egon behar dira jasota, honako atal hauetan sailkatuta:
• Sarrerak eta emandako fakturak.
• Gastuak eta jasotako fakturak.
• Jarduerari lotutako ondasunak edo inbertsio-ondasunak.
• Batasunaren barruko eragiketa jakin batzuk.
• Hornidurak eta aurrerakinak.

2014an eta 2015ean derrigortasunik ez dutenak

Arau orokorraren arabera Eragiketa ekonomikoen liburua 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa bada ere, lege aldetik izandako presak medio, atzeratu egin da derrigortasun hori kasu jakin batzuetan.
Horrenbestez, behin-behinean eta 2016ko ekitaldira arte ez dute derrigorrean eragiketa ekonomikoen erregistro-libururik izan beharko honako zergapeko hauek:
• 2012ko ekitaldian enpresa-jarduerak burutu eta horien bidez zergaldian guztira 30.000 euro baino gehiago lortu ez dutenek, jardueren etekin garbia zehazteko zuzeneko zenbatespen-metodoaren modalitate arrunta edo erraztua erabilita.
• 2012ko ekitaldian lanbide-jarduerak burutu eta horien bidez zergaldian guztira 6.000 euro baino gehiago lortu ez dutenek, jardueren etekin garbia zehazteko zuzeneko zenbatespen-metodoaren modalitate arrunta edo erraztua erabilita edo bestela zenbatespen objektiboaren metodoaren hitzarmenen modalitatea.
• 2012ko ekitaldian enpresa-jarduerak burutu eta horien etekin garbia zenbatespen objektiboaren metodoaren zeinu-, indize- edo modulu-modalitatearen bidez zehaztu duten zergapekoek. (Oharra: Jardueraren hasierako ekitaldia urte natural osora iristen ez bada, aurreko zenbatekoak kalkulatzeko urtebetera jasoko dira lortutako sarrerak).
• Jarduerari 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera ekin diotenek ez dute derrigorrean eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua izan beharko, ez horri buruzko aitorpen informatiboa aurkeztu beharrik ere, betiere aurreko 3 ataletan ezarritako betekizun guztiak betetzen badituzte.
Aurreko ataletan aipatutako zergapeko guztiek, hau da, 2016ko urtarrilaren 1era arte Eragiketa ekonomikoen liburua arteztu beharrik ez dutenek, orain arte zerga-araudiaren arabera izan dituzten kontabilitateko eta erregistroko betebeharrei eutsiko diete 2014an eta 2015ean. Hau da, kontabilitateko eta erregistroko betebeharrak bete beharko dituzte PFEZaren eta BEZaren aurreko araudien arabera, etekin garbia zehazteko 2014an aukeratutako zenbatespen-metodoa kontuan hartuta.

Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua arteztea

Araudiaren arabera, Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua honako modu honetan arteztu behar da:
• Ahal dela, araudi honen bidez araupetutako Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua baliabide informatikoen bidez arteztu behar da. Ogasun eta Finantza sailak laguntza-programa bat emango die zergadunei liburua artezteko. Programa horrek aitorpen informatibo berrian bidali beharreko informazioa sortuko du. Beraz, Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua arteztu beharra duten zergapekoek liburu horren edukiari buruzko aitorpen informatiboa ere aurkeztu beharko dute.
• Aitorpen informatiboa nahitaez baliabide telematikoen bidez egingo da, otsailean zehar, eta aurreko urteari buruzko informazioa jasoko du.
• Nolanahi ere, 2014. urteari buruzko aitorpen informatiboa aurkezteko epea 2014ko zergaldiari dagokion Pertsona Fisikoen gaineko Errenta Zergaren autolikidazioak aurkezteko ezarritako berbera izango da.

Klikatu hemen informazio gehiago eskuratzeko.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...