Gobernuak maiatzaren 31ra arte luzatu du jarduera eteteagatiko prestazioa autonomoentzat eta diru-sarrerak % 50 jaitsi direla baino ez da egiaztatu beharko

Gobernuak, patronalak eta sindikatuek adostu dute maiatzaren 31ra arte luzatzea autonomoei eta enpresei laguntzeko neurriak: batetik, koronabirusaren ondoriozko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEEEak), eta, bestetik, jarduera eteteagatiko prestazioa. Gainera, Gobernuak laguntza lortzeko baldintzetako batzuk malgutuko ditu. Horri esker, bikoiztu egingo da jarduera eteteagatiko prestazioak jasotzen dituztenen kopurua, eta 700.000 onuradunera igoko da.

Jarduera eteteagatiko ezohiko prestazioa langile autonomoei bideratuta dago, eta, zehazki, eskudun autoritateek COVID-19 pandemia geldiarazteko hartu dituzten ebazpenen ondorioz haien jarduna aldi batez erabat etenda dutenei. Prestazioa gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 50 da, eta zenbateko hori % 20 areagotzen da langile autonomoa familia ugariko kide bada. Autonomoak ez ditu Gizarte Segurantzako kuotak ordaindu beharko, baina epealdi hori kotizatutzat joko da. Kasuan kasu, besteen konturako lanarengatiko diru-sarrerekin bateragarri ere izango da; horretan, LGS 1,25 aldiz da muga.

Bestalde, jarduerarekin bateragarria den prestazioaren kasuan, diru-sarreren baldintza malgutzen da.  Hala, 2021eko lehen hiruhilekoan 2019ko bigarren hiruhilekoan baino % 50 diru-sarrera gutxiago dituztenek laguntza eska dezakete (lehen % 75 zen). Prestazioaren zenbatekoa kotizazio-oinarriaren araberakoa da.

Prestazio hori eta ohiko etetea lortzeko baldintzak betetzen ez dituztenek ezohiko laguntza eska dezakete. Prestazioaren zenbatekoa kotizazio-oinarriaren % 50 izango da. Orobat, jasotzen duenak ez ditu kuotak ordaindu beharko, baina epealdia kotizatutzat hartuko da. Kasu horretan, lehen seihilekoko diru-sarreren muga LGS 1,2 izango da.

Azkenik, sasoiko autonomoentzako prestazioa gutxieneko oinarriaren % 70 da, eta hura lortzeko, 2021eko lehen seihilekoan ezin dute 6.650 euro baino gehiago irabazi.

Martxoa eta ekaina bitartean prestazioa eskuratu izanaren baldintza ezabatzen da

Gogoratu behar da, orain arte, laguntza-txanda berrietan sartzeko baldintzetako bat zela 2020ko martxoa eta ekaina bitartean prestazioa jaso izana. Orain, betebehar hori ezabatuko da, eta horrek orain arte kanpoan geratu diren askori prestazioa lortzeko aukera emango die.

Hala, alarma-egoeran zehar guraso izan direnek edo istripua eduki eta aldi baterako ezintasuneko baja eskuratu zutenek orain prestazioa lor dezakete.

Orain arte, martxoa eta ekaina bitartean jarduera eteteagatiko laguntza jaso ez zuten autonomoek ezin zuten prestazioa lortu. Aurrerantzean eta maiatzaren 31ra arte, akordio berriari esker, ez da aurretik onuradun izan behar jarduera eteteagatiko prestazioan sartzeko.

Etetea lortzeko, diru-sarrerak % 50 jaitsi direla egiaztatu behar da soilik

Halaber, Gobernuak onartu du prestazioa lortzeko egiaztatu beharreko jarduera-jaitsiera % 75etik % 50era murriztea,  eta autonomo-kuoten % 100 ordaintzetik libratzea. Horrela, edukieran eta ordutegietan murriztapenak izan dituzten enpresarientzat errazagoa izango da laguntza lortzea. 2019ko bigarren hiruhilekoarekin erkatuko dira diru-sarrerak.

2019ko lehen seihilekoarekin alderatuta 2021eko lehen seihilekoan jarduera % 50 gutxitu duten autonomoek jarduera eteteagatiko laguntza eskura dezakete, eta ez dute kuota ordaindu beharko

 Gizarte Segurantzak ez du kuota igoko, 2021erako aurreikusita zuen moduan

Gainera, maiatzaren 31ra arte autonomoei ez zaie kuota igoko (28/2018 Errege Lege Dekretuan aurreikusita zegoen  % 0,3 igotzea laneko eta eteteagatiko kontingentziengatik). Igoera urtarrilaren 1etik zegoen indarrean, eta horren ondorioz, hilabetean 3 eta 12 euro bitartean areagotuko zen kuota.

Aitzitik, horretarako, Gizarte Segurantzak atzera bota behar du urtarrileko autonomoen kuota igoera berriarekin kobratzeko agindua.

Autonomoen hitzarmena eta ABEEEak luzatzea

Autonomoentzako arnasaldia patronalak, sindikatuek eta Gobernuak sinatutako akordioaren eranskinetako bat da.  Orobat, ABEEEak maiatzaren 31ra arte luzatzea onartu zuten. Neurria urtarrilaren 26ko Ministroen Kontseiluan onartuko da, indarreko esparrua indargabetu aurretik.

Azken berriak