Gobernuak adostu du ABEEEak maiatzaren 31ra arte luzatzea

Gobernuak akordio berria egin du gizarte-agenteekin, ABEEEak otsailaren 1etik maiatzaren 31ra arte luzatzeko, baldintzak orain artekoen antzera mantenduta.

Babesa mantentzea

Akordioak aurreikusten du COVID-19arekin lotutako arrazoietan oinarritzen diren Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espediente (ABEEE) guztiak luzatzea.

ABEEE horien barruan, oraingoan ere espedienteen titular diren enpresek salbuespenak izango dituzte, baldin eta espedienteak eskuarki estalitako sektore batekoak badira eta sektorearen jarduna modu apalean berreskuratu bada. Sektore horiek zein diren zehaztean, irizpide zabalagoak erabiliko dira. Ondorioz, EJSN berriak sar daitezke, eta ia 50.000 langile gehiago enplegatzen dituzten enpresak babestu.

ABEEEak aplikatzeko malgutasuna, bestalde, mantendu egingo da.

ABEEE berriak

Euren jarduna galarazi edo mugatzen duten murriztapenak jasaten dituzten enpresek aukera izango dute lan-autoritateei murriztapeneko edo eragozpeneko ABEEEa eskatzeko, Enplegua Babesteko III. Hitzarmen Sozialak ezarritako izapidetze-baldintza eta eskakizun berekin.

Arrazoi Ekonomiko, Tekniko, Antolakuntzazko eta Ekoizpenekoetan (ETOP) oinarritutako Covid ABEEE-ek izapideak sinplifikatzeak dakartzan onurez baliatzen jarraituko dute, 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 23. artikuluak jada ezartzen zuena. Horrez gain, jatorrizko arauketak jasotzen ez zuen aukera berria edukiko dute: luzapena izapide dezakete, lan-autoritateari luzapen hori onartzen duen akordio bateratua edo sindikala aurkeztuz.

Izapideak erraztea

Murriztapeneko edo eragozpeneko ABEEE baten titular diren enpresen kasuan, espedientea araua indarrean sartu aurretik edo indarrean egon bitartean onartu bazen, ez diote lan-autoritateari espediente berria eskatu beharko, ezta hura izapidetu beharko ere, espediente batetik bestera igarotzeko eta murriztapenetik jardun-eragozpenera (eta alderantziz) eraman dituzten osasun-murriztapenek dakartzaten salbuespenez baliatzeko.

Izan ere, onura horiek eskuratzeko, nahikoa izango dute euren titulartasuneko ABEEEari buruzko ebazpena eman duen lan-autoritateari jakinarazpena bidaltzea, langileen izenean. Halaber, ez diote EEZPari prestazio-eskabide kolektibo berririk bidali beharko.

Laguntzeko neurriak

Enpleguari eusteko konpromisoa mantentzen da, 30/2020 Errege Lege Dekretuak jasotako baldintza beretan. Horrek esan nahi du, arau berriak ezarritako salbuespenek emandako onuren truke, enpresek hitzematen dutela beste 6 hilabetez mantenduko dutela enplegua, behin xedapen horren aurreko arauek ezarritako 6 hilabeteko babes-aldia eta aipatutako Errege Lege Dekretuak jasotako onurei dagokiona igarota (hau da, beste 6 hilabete).

Dibidenduak banatzeko mugak, zerga-gardentasuna, aparteko orduak egiteko eta azpikontratatzeko mugak eta kaleratzeko debekua mantentzen dira, eta aldi baterako kontratuek etenda jarraitzen dute.

Babeserako mekanismoak

Gabealdiaren salbuespenak jarraituko du, eta kontagailua hutsean mantenduko da. Horrez gain, prestazioa kalkulatzeko ehunekoa oinarri arautzailearen % 50etik % 70era igoko da, prestazioan 180 egun bete dituztenentzat, eta aldizkako langile finkoei aplikatzen zaizkien onurak mantenduko dira (aparteko prestazioa barne). Azkenik, lanaldi partzialeko kontratua duten eta ABEEE baten barruan dauden pertsonei emandako babesa hobetuko da.

Aplika daitezkeen karga-arintzeak

Honako ABEEE mota hauek salbuespenak izan ditzakete maiatzaren 31ra arte:

  • Sektore ultrababestuak. Honekin batera erantsitako EJSN kodeen zerrendan jasotako sektoreek eta haien balio-kateak % 85 arinduko dute karga, 50 langile baino gutxiago badituzte, eta % 75, berriz, 50 langile edo gehiago badituzte. Karga-arintzeak berdinak izango dira etendako langileentzat zein lanera itzultzen direnentzat. Abenduaren 22an eguneratu zen zerrenda: zenbait sektore sartu ziren (5530 –kanpinak eta karabanentzako aparkalekuak, 7734 –nabigatzeko ibilgailuen alokairua eta 9604 –sasoian jartzeko jarduerak), eta beste batzuk atera (1393 –alfonbren ekoizpena, 2431 –hotzeko tenkaketa eta 3220 –musika-tresnen ekoizpena).

Zerrendan sartu ziren ere apirila bukaera eta abendu bukaera bitartean haien jardunaren % 70era iristea lortu ez duten EJSN kodeak eta afiliatuen % 15 baino gehiago ABEEEan dituztenak.

  • Administrazioak pandemiari aurre egiteko ezarri dituen murriztapenen ondorioz lantokiren batean haien jarduna burutu ezin duten enpresek “eragozpeneko ABEEEa” eska dezakete. Enpresa horien Gizarte Segurantzako kotizazioaren karga arinduko da, itxita dauden bitartean eta 2021eko maiatzaren 31ra arte. 50 langile baino gutxiago dituzten enpresen kasuan, enpresak egiten duen ekarpenaren % 100 arinduko da, itxita dauden bitartean eta maiatzaren 31ra arte; 50 langile edo gehiago dituztenen kasuan, berriz, % 90 arinduko da.
  • Murriztapeneko ABEEEa. Autoritateek hartutako neurrien ondorioz lantokietako batean haien jarduna murriztuta duten enpresek eta erakundeek “murriztapeneko ABEEEa” eska diezaiokete lan-autoritateari. Kasu horretan, karga gero eta gutxiago arintzen joango da, maiatzaren 31ra arte. Otsailean, % 100 arinduko da, 50 langile baino gutxiago dituzten enpresen kasuan, eta % 90, berriz, 50 langile edo gehiago dituztenen kasuan.

Azken berriak