Bizkaiko sektore turistikoko 300 enpresek jaso dituzte Aldundiaren zuzeneko laguntzak

Ekonomia Sustatzeko Sailak 900.000 euro inguru eman ditu zuzeneko laguntzetan dekretu bidez, Bizkaiko sektore turistikoko enpresa txiki eta ertainentzat eta profesional autonomoentzat, pandemiaren ondorioak arintzeko helburuarekin.

Bizkaiko turismo-sektoreko 301 enpresa txiki eta ertainek eta profesional autonomok Ekonomia Sustatzeko Sailaren zuzeneko laguntzak jaso dituzte pandemiaren ondorioak arintzeko, gehien kaltetutako sektoreetako bat denez gero. Laguntzen dekretua Turismoa suspertzeko 2020-2021 Planaren barruan dago, eta sektoreko enpresei eta profesional autonomoei jarduerari eta enpleguari eusten laguntzeko eta likidezia eskaintzeko diseinatu zen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzen osagarri.

Zuzeneko laguntzak gehienez 4.000 eurokoak izan dira eskatzaile bakoitzeko, eta dagoeneko ebatzi dira. Eskaerak egiteko epea azaroaren 10ean amaitu zen, eta onuradunak abenduaren 10etik aurrera hasi dira laguntzak jasotzen.

Jasotako 376 eskabideetatik, 301 onartu dira. Guztira, 873.840,20 euro, Gizarte Segurantzako gastuak, errentamenduak eta maileguak ordaintzeko.

Enpresa txiki eta ertain eta autonomo gehienak turismo-ostatuko establezimenduak dira (187), baita turismo aktiboko enpresak, turismoko gida profesionalak, bidaia-agentzia hartzaileak eta kongresu eta ekitaldi turistikoen antolatzaile profesionalak ere.

Azken berriak