Bizkaiak pizgarri batzuk onartu ditu Batuz sistema borondatez ezartzeko 2022tik aurrera

Aldundiak foru arauaren aurreproiektu bat onartu du, zerga-pizgarri handi bat ezartzen duena urtarrilaren 1etik aurrera Batuz ezartzen duten enpresentzat eta profesionalentzat. Urriaren erditik aurrera, enpresek eta profesionalek Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuarekin ohitzen joateko probak egin ahal izango dituzte, hori baita Batuz-en ondoriozko aldaketa handiena negozioak kudeatzeari lotuta.

Bizkaiko Foru Aldundiak “Batuz sistema borondatez aplikatzea sustatzeko neurriak onartzen dituen Foru Arauaren Aurreproiektua” onartu du; horren bidez, konpentsazio bat ezartzen da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera Batuz ezartzen duten enpresentzat eta profesionalentzat.

Arauaren helburua da enpresak eta profesionalak Batuz borondatez ezartzera bultzatzea, baina inolako betebeharrik ezarri gabe Covid-19ak eragin duen pandemiak ekarritako krisi ekonomikoaren ondorio txarrenak bizi dituzten zergadunei. Izan ere, zergadunek eskatuta, Batuz-en ezarpena ez da nahitaezkoa izango 2024ra arte jarduera ekonomikoak dituzten Bizkaiko pertsona guztientzat (fisikoak edo juridikoak).

Batuz sistema Foru Ogasunak proposatutako metodologia erabiliz borondatez ezar dadin bultzatzeko, zergadunek PFEZren edo sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarria murriztu ahal izango dute. Zenbat eta arinago ezarri Batuz harik eta handiagoa izango da konpentsazioa; urtarrilaren 1etik aurrera ezartzen dutenek % 15 murriztuko dute 2022 eta 2023 ekitaldietako zerga-oinarria. Apirilean ezartzen badute, konpentsazioa % 13koa izango da, eta urrian ezartzen badute % 9koa.  Konpentsazioen taula bat eta aplikatzeko simulazio bat erantsi dira.

Baina konpentsazioez gainera, 2022 eta 2023ra luzatzen da sistema informatikoak egokitzeko edo ekipamendu berriak erosteko asmoz profesionalek edo enpresek egin dituzten gastuetan kenkaria aplikatzeko indarraldia. Kenkaria bateragarria izango da aurreko konpentsazioarekin; egindako gastuaren % 30ekoa izango da eta PFEZren edo sozietateen gaineko zergaren kuotatik kenduko da.

Foru Arauaren Aurreproiektua Batzar Nagusietan aurkeztuko da, Legebiltzarrean izapidetu dadin. Aurreproiektuak Batuz borondatez ezartzeko zortzi data ematen ditu, hiruhileko bakoitzaren hasierakoak guztiak. Halaber, bertan ezartzen da zergadun bakoitzak aldez aurretik jakinarazi beharko diola Foru Ogasunari Batuz sistema ezarri nahi duela.

EEELrekin trebatzeko probak

Batuz ezartzen bada, fakturak nahitaez egin beharko dira fakturazioa kontrolatzeko den TicketBai sistema erabiliz, eta Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko da; enpresak edo profesionalak diru-sarrerak, gastuak eta fakturak jasota utzi behar ditu bertan.

Eragiketak egoitza elektronikoan jasotzeko, erabat aldatu behar da negozioen eguneroko kudeaketa. Horregatik, urriaren erdian probaldi bat hasiko da, edozeinek ikas dezan Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua erabiltzen. Proba horiek ez dute eraginik izango zergetan, soilik izango dira zergadunak egiaztatzeko bere Ticketbai softwareak ondo bidaltzen dituela Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburura fakturazioaren datuak.

Konpentsazioen taula, borondatez ezarri den dataren arabera

Batuz ezarri den data Konpentsazioa

(zerga-oinarriaren murrizketa PFEZn edo SZn)

Konpentsazioa zein ekitalditan aplikatuko den
2022ko urtarrilaren 1a % 15 2022 eta 2023
2022ko apirilaren 1a % 13 2022 eta 2023
2022ko uztailaren 1a % 11 2022 eta 2023
2022ko urriaren 1a % 9 2022 eta 2023
2023ko urtarrilaren 1a % 5 2023
2023ko apirilaren 1a % 4 2023
2023ko uztailaren 1a % 3 2023
2023ko urriaren 1a % 2 2023

Konpentsazioa eta kenkaria aplikatzeko simulazioa

Adibidea: autonomo bat. Ezaugarriak:

  • Batuz ezarri du 2022ko urtarrilaren 1ean
  • 300 euroko inbertsioa egin du ezarrita dauden baldintzak betetzen dituen fakturazio-programa berri batean
  • 2022ko jarduerak 30.000 euroko etekina eman dio (diru-sarrerak – gastuak)

Batuz lehen aldian ezarri duenez, zerga-oinarria % 15ean murriztuko du. Zerga-oinarriari PFEZren kuota bat aplikatuko zaio, 4.192,50 eurokoa.

Kuotari 90 euroko kenkaria aplikatuko zaio ezarpenaren gastuengatik (300 euroren % 30).

Emaitza: PFEZren kuota 3.892,50 euro. Konpentsazioa eta kenkaria aplikatuko ez baziren, 5.326,50 eurokoa izango zen zenbateko hori; beraz, 1.434 euroko zerga-onura izan du.

Zer da Batuz

Batuz funtsezko tresna da Bizkaian iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko eta ezkutuko ekonomiaren esparruan garatzen diren jarduerak azaleratzeko; izan ere, enpresek zein langile autonomoek egiten dituzten jarduera ekonomiko guztien zerga-kontrola indartzen du.

Ezagutza eta ezarpena errazteko, zergadunek Foru Ogasunaren informazioa eta aholkularitza dute webgune honetan: www.batuz.eus. Halaber, orain arte 42 informazio-jardunaldi egin dira eta, horietan, profesionalen elkargoetako, enpresa-elkarteetako, merkatarien elkarteetako edo zerga-aholkularitzako 6.100 pertsona inguruk parte hartu dute.

Azken berriak