Bizkaiak onartu du % 60ko kenkari bat 2019ko sozietateen gaineko zergan aplikatzea, ekonomiaren suspertzea sustatzeko

COVID-19ak ukitutako enpresek aplikatu ahal izango dute kenkaria, zeinek enplegua sortu, galerak konpentsatu edo I+Gen inbertitzeko erabili beharko duten.

Ezohiko kenkaria aplikatzeko betekizunak

Honako hauek izango dira 2019ko ekitaldiko sozietateen gaineko zergaren % 60ko ezohiko kenkariaren onuradunak:

  •  2019ko ekitaldian ustiapen ekonomiko bat egin duten zergadunak, ondare-sozietatearen izaera ez dutenak.
  •  Zerga-baterakuntzaren erregimenean tributatzen ez dutenak.
  •  COVID-19aren ondorioz beren jarduna nabarmen murriztuta daukatenak; jarduna nabarmen murriztu dela jotzeko, bi irizpide hauek bete behar dira:
    •  2020. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumena gutxienez izatea % 25 gutxiago, 2019. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumenarekin alderatuta.
    •  2019ko ekitaldian zehar kontabilitate-emaitza positiboa izatea, eta 2020. urteko lehen seihilekoari dagokion kontabilitate-emaitza gutxienez izatea % 50 gutxiago, 2019. urteko lehen seihilekoko kontabilitate-emaitzarekin alderatuta.
    •  2020ko eta 2021eko ekitaldietan zehar ez banatzea etekinik, ez eta erreserbarik ere, eta ez erabakitzea beren funts propioak murriztea bazkideei ondasun edo eskubideak emanez.

Kenkaria zertarako erabili behar den

Ezohiko kenkaria aplikatzen duten zergadunek, 2020ko ekitaldia amaitu aurretik, helburu hauetakoren baterako baliatu behar dute dirua:

  •  2020ko ekitaldian izandako galerak konpentsatzeko.
  •  Aktibo ez korronte berrietan inbertitzeko.
  •  Ikerketako eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuak egiteko.
  •  Beste zergadun batzuen I+G+b-ko proiektuak 62 bis artikuluko prozeduraren bidez finantzatzeko.
  •  Enplegua sortzeko.
  •  Mikroenpresen edo enpresa txiki edo ertainen akzioetan edo partaidetzetan inbertitzeko.

Kenkaria Bizkaia Aurrera planean jasota dago

Sozietateen gaineko zergaren kuotaren kenkari hau jasota dago bai Bizkaia Aurrera planean, zeinaren bidez premiazko neurriak ezartzen diren lurraldea suspertzeko koronabirusaren krisiaren testuinguruan, bai Foru Aldundiak osasun-larrialdiaren ondorioak arintzeko hartu dituen tributu arloko neurrien artean.

Halaber, 4/2020 Foru Dekretu Arauemaileak tributu arloko beste neurri batzuk zehazten ditu, Bizkaia Aurrera planean iragarrita zeudenak. Besteak beste, sozietateen gaineko zergaren esparruan:

  •  Kontratazioa sustatzen du: enplegua sortzeko kenkariaren muga 5.000 eurotik 7.500era igotzen du , Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauan ezarritako baldintzekin.
  •  Pertsona juridikoen ekintzailetza sustatzen du: halako pertsonei aplikatu ahal izango zaie sortu berriak edo berritzaile diren mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertainetan inbertsoa egiteagatiko kenkaria.
  •  Lehiakortasuna berreskuratzeko ahalegina sustatzen du: amortizazio bizkortuko aparteko mekanismo bat ezartzen du 2020ko ekitaldian eskuratzen diren aktibo berrietarako.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren esparruan

  •  Ukitutako sektoreen jarduera sustatzen du: ohiko etxebizitzan berritze-obrak egiteko ordaindutako kopuruen % 10eko kenkari bat ezartzen du, 1.500 euroko gehieneko mugarekin.
  •  Merkataritza-jardueraren digitalizazioa sustatzen du: jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoek beren merkaturatze- eta saltze-prozesuetan erreminta digitalak sartzeko baliatzen dituzten kopuruen % 10eko kenkari bat ezartzen du, 300 euroko mugarekin.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....