Bizkaiak lehen sektoreko ustiategietan ordezkapenak egiteko eta nekazaritza-aseguruak kontratatzeko laguntzak onetsi ditu

Foru erakundeak 182.600 euro bideratu ditu dirulaguntza horietarako, oporrak, gaixotasun eta istripuengatiko bajak eta amatasun- eta aitatasun-baimenak betetzeko, bai eta nekazaritza-ekoizpenerako instalazioetako arriskuetarako itundutako aseguruen eta Nekazaritza Aseguru Konbinatuen Planaren barruan itundutako aseguruen kostua konpentsatzeko ere. Laguntza horien helburu nagusia da landa-inguruneko bizi-maila ingurunekoarekin parekatzen laguntzea, lehen sektorean lan egiten duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzea eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerari eusten laguntzea.

Bizkaiko Foru Aldundiak lehen sektoreko ustiategietan oporrak hartzeko, gaixotasun, istripu, amatasun eta aitatasunagatiko ordezkapenak egiteko eta nekazaritza-aseguruak kontratatzeko laguntzak onetsi ditu. Laguntza horiek 182.6000 euroko aurrekontua dute guztira, eta funtsezko helburu hauek dituzte: landa-ingurunearen eta ingurunearen bizi-maila parekatzen laguntzea, sektore horretan lan egiten duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzea eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerari eusten laguntzea.

Ordezkapenetarako laguntzak ekainetik abuztura bitarteko oporrak, gaixotasunagatiko eta istripuagatiko bajak eta amatasun- edo aitatasun-bajak betetzeko dira. Oporrengatiko ordezkapenen kasuan, ordezkapenaren kostuaren % 80 ordainduko da, gehienez 36 euro eguneko, gehienez ere 10 eguneko aldi baterako. Gaixotasunagatiko eta istripuagatiko bajak, batetik, eta amatasunagatiko edo aitatasunagatiko bajak, bestetik, eguneko 56 eurorekin beteko dira gehienez, 30 eta 44 egun arteko aldietan, hurrenez hurren.

Aseguruak kontratatzeko laguntzek bi modalitate dituzte: batetik, aseguru-erakunde pribatuekin nekazaritza-ekoizpeneko instalazioetako arriskuetarako itundutako aseguruen kostua konpentsatzeko, eta, bestetik, Bizkaian aplikatzekoa den Nekazaritza Aseguru Konbinatuen Planaren barruan itundutako aseguruen kostua konpentsatzeko. Kasu bietan, dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa % 55ekoa izango da.

Azken berriak