Bigarren aukeraren legea

Bigarren Aukera izendatutako Legea honako autonomo edo pertsona hauei xedaturik dago: “porrot ekonomiko enpresarial edo pertsonal bat izan arren, bere bizitza berriz bideratu eta ekimen berriei ekiteko arriskua hartu nahi duten pertsonei, inoiz ordaindu ahal izango ez duten zorraren zama betiko arrastatu beharrik izan gabe”.

Horrela hasten da otsailaren 27ko 1/2015 Errege Dekretuaren zioen azalpena, bigarren aukeraren mekanismoari, finantza-karga murrizteari eta ordena sozialeko beste neurri batzuei buruzkoa, eta honako hau dio azalpenean bertan:“…esperientziak erakutsi duen moduan, bigarren aukerako mekanismorik ez dagoenean ez da inolako pizgarririk sortzen jarduera berriei ekiteko eta ekonomiaren zirkuitu erregularrean mantentzeko.Eta jakina, horrek ez dio inolako mesederik egiten zordunari, ezta hartzekodunei ere, horiek publikoak nahiz pribatuak izan.Aitzitik, bigarren aukerako mekanismoek ezkutuko ekonomia eragotzi eta enpresa-kultura errazten dute, enpleguaren mesedetan”.

Azkenaldian asko hitz egin da autonomoentzako bigarren aukera horretaz. Lerro hauetan, “bigarren aukeraren” mekanismo hori zer den eta pertsona batek modu erregularrean ordaindu ezin ditzakeen zor horietatik salbuesteko bete behar dituen baldintzak zein diren azaldu nahi dugu.

KONTZEPTUA ETA BALDINTZAK

Bigarren aukeraren mekanismo edo Ipar Amerikako zuzenbidean “freshstart” izendatzen duten horrek konkurtso-egoeran dauden enpresari zintzoei hasiera berri bat erraztea ahalbidetzen du.

Modu horretara, masa aktibo nahikoa ez izateagatik hartzekodunen konkurtsoa amaitu izanak eragindako ondorioak arindu nahi dira pertsona fisikoen kasuan:konkurtso-prozesua ixtean ordaindu gabe geratu diren zorrak barkatzea da kontua.

Autonomo bati edo enpresaria ez den pertsona bati aurre egin ezin ditzakeen betebeharrak salbuesteko, honako bi egoera hauek bete behar dira:batetik, fede oneko zorduna izan behar du eta, bestetik, bere ondarea prozedura judizial bidez likidatu behar da, hartzekodunen konkurtso bidez, hain zuzen.

Lehenengo egoerari dagokionez, honako premisa hauek bete behar dira:

  • Konkurtsoa erruduntzat ez aitortzea (Konkurtso Legeak konkurtsoa erruduntzat jotzen du kaudimengabeziaren sorkuntzan edo larriagotzean zordunaren erru larria edo dolua egon bada:nahita ordaintzen ez badu).
  • Zigortzeko moduko kaudimengabeziaren delituak edo 1/2015 Errege Dekretuan zerrendatutako delituek eragindako kondenarik ez egotea.
  • Zordunak azken 10 urteetan bigarren aukeraren abantaila ez bereganatzea edo, konkurtsoaren aurreko lau urteetan, bere gaitasunarekin bat datorren lan-eskaintzarik ez atzeratzea.
  • Masaren kontrako kreditu guztiak ordainduta izatea (prozeduraren nahiz konkurtsoa abiarazi ostean sortu diren kostuak eta gastuak), baita pribilegiozko kredituak (hipotekak) eta, gutxienez, kreditu arrunten % 25a ere, hartzekodunen konkurtsoa baino lehen ordainketei buruzko akordio estrajudizial bat lortzen saiatu denean salbu, kasu horretan ez baitu azken ehuneko hori ordaindu beharrik izango.

BIGARREN AUKERARI BURUZKO LEGEAREN ERREGULAZIO BERRIAREN LETRA TXIKIA

Bigarren aukeraren erregulazio berriak baditu itzal batzuk.Kreditu publikoei ez zaie salbuespenik aplikatuko (zorrak Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin) eta horietarako ordainketa-plan bat aurreikusten da bost urtez.

Hipotekak hartzekodunen konkurtsotik kanpo geratu arren, 1/2015 Errege Dekretuaren arabera, higiezinarekin estaltzen ez den hipotekaren zatia (bermea exekutatu ostean) salbuetsita geratuko da arestian aipatutako premisak betetzen ez badira.

Azkenik, eta araudiaren arabera, zorren salbuespena bost urteko epean ezeztatu ahal izango da hartzekodunen batek hala eskatzen badu, zordunak diru-sarrerak edo ondasunak ezkutatu dituela egiaztatzen badu edo zordunak bere egoera nabarmen hobetzea lortzen badu (herentzia edo dohaintza bat jasotzen badu, adibidez).

 

Azken berriak