BEZa Internet bidez eskainitako zerbitzuen salmentetan

2015 urtean aldatu egin da elektronikoki eskaintzen diren zerbitzuei aplikatu beharreko BEZaren araudia. Aldaketa horrek elektronikoki eskaintzen diren B2C zerbitzuen eragiketei bakarrik eragiten die, hau da, saltzailea enpresa bat denean eta azken hartzailea kontsumitzaile bat (partikular bat) denean, eta ez hura beste enpresa bat edo profesional bat denean.

Aldaketa horrek ez du eragiten ondasunak ematen direnean, hau da, ondasun gorpuzdun edo materialak ematen direnean (zapata batzuk, telefono bat edo altzari bat saltzen denean, adibidez); kasu horretan, orain arte aplikatzen ziren arauak mantentzen dira. Arau horiek Europar Batasunaren barruko eragiketei buruzko artikulu honetan ikus ditzakezu.

Gai honi buruz gehiago jakiteko, deskargatu Adigital Ekonomia Digitalaren Espainiako Elkarteak argitaratutako merkataritza elektronikoko BEZari buruzko gida.

Nola funtzionatzen du BEZaren araudi berriak Europar Batasunaren barruko zerbitzu elektronikoetan?

2014 urtera arte, BEZaren kokapen-arauak zerbitzu-emailearen egoitzari zegokion lurraldean kokatzen zuen zerga-egitatea (salerosketa) egiteko lekua, B2C zerbitzuen kasuan. Kokalekuari dagokion irizpide hori aldatu egin da 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, eta orain, azken kontsumitzailearen kokalekua hartzen da zerbitzua eskaini den leku gisa. Kokapenarekin lotutako aldaketa hori dela-eta, zerbitzua elektronikoki ematen duen enpresak eroslearen herrialdean aplikagarria den BEZa jasanarazi behar du, eta ez saltzailearen jatorrizko herrialdekoa, orain arte gertatzen zen bezala.

Hau da, Italiako egoiliar batek Espainian kokatuta dagoen enpresa batek eskainitako zerbitzua kontratatzen badu, salmentari Italiako BEZa (% 22) aplikatu beharko zaio, eta ez Espainiakoa (% 21). Dena den, zerbitzuak enpresei eskaintzen bazaizkie, horiek ez dute BEZik jasanarazi beharrik izango.

Zer zerbitzuri eragiten die arau berri horrek?

Lege-aldaketa horrek zerbitzu jakin batzuei bakarrik eragiten diela gogoratu behar dugu, hala nola, web-ostalaritzari (hosting, domeinuen erosketa eta abar), web-orrien diseinu eta programazioari, software edo aplikazioen mantentzeari, musika, pelikulak, jolasak eta abar deskargatzeari, ausazko edo diruzko jokoei, eta eduki elektronikoen (egunkariak, aldizkariak, argitalpenak eta txostenak, adibidez) edo urrutiko ikastaroen salmentari.

Horrenbestez, eskainitako zerbitzuek arestian aipatutakoekin zerikusirik ez badute, aplikatu beharreko BEZa 2014ko abenduaren 31ra arte aplikatzen zena izango da, saltzailearen herrialdeari dagokion BEZa, alegia.

Zer esan nahi du horrek saldu eta fakturatzeko orduan?

Zerbitzu-emaileak nahitaez ordaindu behar du BEZa, hartzailea beste estatu kide batean kokatuta dagoen enpresari bat denean salbu.

Laburbilduz, honako egoera hauek egon daitezke:

  • Zerbitzu-emailea eta hartzailea Europar Batasuneko estatu berean badaude Espainian, esaterako): fakturan estatu horretako BEZa aplikatuko da.
  • Zerbitzu-emailea eta hartzailea EBko estatu desberdinetan badaude:
    • hartzailea enpresaria denean, fakturan ez da BEZik aplikatuko (“subjektu pasiboaren inbertsio” kasutzat hartzen da eta hartzaileak berak aitortu eta ordaintzen du BEZa)
    • hartzailea enpresaria EZ denean, hartzailea dagoen estatuko BEZa aplikatuko da
  • Zerbitzu-emailea EBko estatu batean dagoenean eta hartzailea EBtik kanpo dagoenean (AEB, Hego Amerika eta abar),EZ da BEZik ordainduko.

Nola aitortzen da eragiketa horietan jasanarazitako BEZa?

Azken bezeroari zerbitzu digitalak saltzeko orduan zerga-betebehar guztiak betetzeko, honako bi aukera hauek daude:

  1. Jasanarazitako BEZa ordaintzeko, online zerbitzuak saldu nahi ditugun Europar Batasuneko herrialde bakoitzean alta hartzea.
  2. Ordainketa dagokigun Foru Ogasunean edo Zerga Administrazioko Estatu Agentzian egitea. Horretarako, 034 ereduan alta hartu eta, hiruhilero, 368 eredua aurkeztu beharko dugu.

Laburpena eta kokapenari dagozkion arauak

2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, telekomunikazio-, irratigintza- edo telebista-zerbitzuek eta zerbitzu elektronikoek bezeroa kokatuta dagoen estatu kidean ordainduko dituzte zergak, bezeroa enpresaria edo profesionala nahiz beste pertsona bat denean (azken kontsumitzailea), eta zerbitzu-emailea Europar Batasunean nahiz handik kanpo kokatuta dagoenean.

Telekomunikazio-, irratigintza- edo telebista-zerbitzu eta zerbitzu elektroniko horiek Europar Batasuneko enpresari batek eskaintzen baditu:

Hartzailea Zerga ordaintzeko tokia
Beste estatu kide bateko enpresaria Bezeroa dagoen edo bizi den estatu kidea. Hartzaileak berak aitortu eta ordainduko du BEZa (“subjektu pasiboaren inbertsioa”).
Beste estatu kide bateko azken kontsumitzailea Bezeroa dagoen edo bizi den estatu kidea. Zerbitzu-emailea estatu kide batean bakarrik erregistratu daiteke BEZa araubide bereziaren bitartez aitortu eta ordaintzeko.
Europar Batasunetik kanpoko enpresaria edo azken kontsumitzailea Ez du aplikatu beharrik izango. Gerta litekeen salbuespena: kasu batzuetan, zerga aplikatu behar den lurraldean zerbitzua modu eraginkorrean erabiltzea.

Adibidez: Frantzian bizi den partikular batek pelikula bat deskargatzen du Espainiako enpresa baten web-orritik. Espainiako enpresak Frantziako BEZa jasanarazi eta ordaindu beharko du.Zerbitzu horiei dagokien BEZaren aitorpena enpresa zerbitzu-emailearen lurraldean erregistratu eta aurkeztea aukeratu ahal izango du, 368 inprimakiaren bitartez.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...