BEZA ATZERRIKO ERAGIKETETAN (II): ESPORTAZIOAK ETA INPORTAZIOAK

Aurreko artikuluetan esaten genuen bezala, gero eta ohikoagoa da eragiketak egitea Europako beste lurralde batzuetan edo Europar Batasunaz kanpoko herrialdeetan kokaturiko hornitzaile edo bezeroekin, batez ere merkataritzaren edo produkzioaren alorreko enpresen artean, baina baita zerbitzuen alorrekoetan ere. Eragiketa horiek aldarazi egiten dute BEZaren ohiko funtzionamendua. Artikulu honen bidez, argibideak emango dizkizugu Europar Batasunaz kanpoko beste enpresa batzuei saltzeak edo erosteak zer dakarren eta zer betebehar eragiten dituen ulertzeko, bai zergen ikuspegitik, bai egin beharreko izapideei dagokienez. Lehenago, erosketa edo salmenta Europar Batasuneko enpresa batekin eginez gero zer gertatzen den azaldu genizun artikulu honetan.

Hasteko, honako eragiketa hauek bereizi behar ditugu: Europar Batasuneko herrialdeekin egiten direnak (Europar Batasunaren barruko eskuratzeak eta entregakesan ohi zaie) eta gainerako herrialdeekin egiten direnak (hau da, inportazioak eta esportazioak).

Inportazioak eta esportazioak

Europar Batasunaren esparrutik kanpoko herrialdeetara (baita Kanarietara, Ceutara eta Melillara ere) ondasunak bidaltzeko eta haietatik eskuratzeko egiten diren eragiketak dira esportazioak eta inportazioak.

Hau da, salmenta bat egiten bada Europar Batasunaz kanpoko herrialde batera, Ceutara, Melillara edo Kanarietara, esportazio bat da. Ondasun-esportazioak BEZetik salbuetsita daude; beraz, salmentaren fakturan ez da zerga hori sartu behar.

Hala ere, Europar Batasuneko kideak ez diren herrialdeetan produktuak erosten badira eta horien zenbatekoa 22 eurotik gorakoa bada, erosle edo inportatzaileak BEZa likidatu behar du aduanan, baita salgai motaren araberako zerga berezi eta muga-tasa batzuk ere.

Espainiarako inportazioen muga-zergen tasak salgaiaren araberakoak dira, eta % 0tik (liburuak) eta % 17ra (arropa eta zapatak) bitartekoak dira. Oro har, interesatuak ez badu zehazten zein den inportatutako salgaiei aplikatu beharreko muga-zergen sailkapena, honako tasa hauek aplikatuko dira:% 2,5eko muga-zerga; % 21eko BEZa; % 7ko IGICa (Kanarietan).

Zer zerga-betebehar ditugu ondasunak esportatzeagatik eta inportatzeagatik?

BEZik ordaindu behar ez badute ere, horrek ez du esan nahi Ogasunaren aurrean aitortu behar ez ditugunik; izan ere, diru-sarrera edo gastu bat dira enpresarentzat. Eragiketa horiek zergaren autolikidaziorako 303 ereduan eta administrazio-agiri bakarrean (DUA) adierazi behar dira.

Eta nola aplikatzen da BEZa, Europar Batasunean ez dagoen herrialde batean egindako zerbitzuetan?

Zerbitzuen inportazioetan, zerbitzuok erabiltzailearen estatuan gauzatzen direnez, BEZaren autolikidazioa egin behar dugu, Europar Batasunaren barruko zerbitzuetan bezala.

Zerbitzuen esportazioetan, hartzailea enpresaria edo profesionala bada, zerbitzua erabiltzailearen egoitza kokatuko da; beraz, ez da BEZaegotzi beharko.Erabiltzailea partikularra bada, zerbitzu jakin batzuk ez daude Espainiako BEZari lotuta, hala nola lizentzien eta patenteen lagapena,  publizitatea, aholkularitza, ikuskaritza, ingeniaritza, kontabilitatea, abokatutza, kontsultoretza…

Eragiketa horiek guztiek 303 ereduan ageri behar dute, dagokien laukietan.

Zer gertatzen da zerbitzua Internet bidez egiten bada?

Gaur egungo araudiaren arabera, Europar Batasunaz kanpoko herrialdeetan egindako zerbitzu hauen salmentak Espainiako BEZa ordaindu behar du: webguneak hornitu eta ostatatzea, programak eta ekipamenduak mantentzea, programak saltzea, urrutiko ikastaroak eta abar.

Gogoratu beharra dago, 2015az geroztik, Europar Batasunaren barruko zerbitzu digitalak emateagatik, herrialde erosleari dagokion BEZaren tasa aplikatzen dela.Artikulu honetan azalduko dizugu.

Eragiketak Kanarietan, Ceutan eta Melillan

Lurralde horiek Europar Batasunaren barruan daude, baina BEZaren aplikazio-eremutik kanpo.Horren ordez, berezko zerga batzuk ezarri dira: Kanarietan, Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorra (IGIC), eta Ceutan eta Melillan, Produkzioaren, Zerbitzuen eta Inportazioaren gaineko Zerga (IPSI).

Bi zerga horiek antzeko aplikazioa dute, haien artean ezberdintasun txiki batzuk badituzte ere. Hauxe da, oro har:

IPSI eta IGIC zeharkako zergak dira; Ceutan, Melillan eta Kanarietan kokatutako mota guztietako ondasun fisikoen produkzioa, lanketa eta inportazioa, zerbitzuak ematea eta ondasun higiezinak ematea zergapetzen ditu.Eragiketa horiek zergapetuko dira aipatutako lekuetan gauzatzen badira, Balio Erantsiaren gaineko Zerga Legean jasotako kokapen-arauei jarraiki.

Lurralde horietan ondasunak sartzea inportaziotzat hartzen da, jatorria, zertarako erabiliko diren eta hartzailearen izaera kontuan hartu gabe.Horregatik, Europar Batasunean indarrean dagoen aduana-legeriaren araberako zergak eta muga-zergak ezarriko zaizkie, eta ondasunaren hartzaile den pertsona fisikoa edo juridikoa izango da zergaren subjektu pasiboa.

Hau da, Bilbon kokatutako enpresa batek Kanarietan kokatutako beste enpresa bati saltzen badio, esportaziotzat hartuko da eta fakturan ez du BEZik aplikatu behar.

Era berean, lurralde horietatik edonora eta edozertarako ondasunak irtetea esportaziotzat hartuko da.Esportazioak sabuetsita daude.Ez dute IPSI edo IGIC zergarik ordaindu behar.Hartzaileak bere herrialdeko (estatuko gainerako lurraldeak barne hartuta) aduanan ordainduko ditu dagozkion tasak.

Bilbon kokatutako enpresa horrek Kanarietako enpresa bati erosten badio, inportaziotzat hartuko da.Beraz, BEZik gabeko faktura iritsiko zaio, eta aduanan ordaindu beharko da zerga hori, baita dagozkion muga-zergak ere.

Kanarietan, Ceutan eta Melillan kokatutako enpresek lurralde horietatik kanpo ematen dituzten zerbitzuek, berriz, izaera ezberdina izango dute, hartzaileak partikularrak edo enpresak diren kontuan hartuta. Profesional edo enpresarientzako zerbitzuak gauzatzeko lekua hartzailearen jardueraren egoitza edo establezimendu iraunkorra izango da.Beraz, eragiketa horiek salbuetsita egongo dira. Partikularrentzako zerbitzuak, ordea, zerbitzu-emailearen bizilekuan gauzatzen dira.Beraz, zergapetuta daude.

Esan dugun bezala, BEZaren Legeak finkatzen dituen eragiketen kokalekuak aplikatzen dira zergak ordaintzen diren ala ez erabakitzeko. Salbuespen batzuk daude, eragiketaren arabera, eta horiek aipatu dugunaz bestelako tratamendua eragingo lukete zergan.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...