Batuz eta Ticketbai: 2020 eta 2021rako aurreikusitako aldaketa fiskalak Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021eko urtarrilaren 1ean Batuz sistema ezartzeko araugintza-prozedura abian jarri du. Hala, hurrengo egunetan jendaurrean erakutsiko da eta herritarrek Foru Arauaren aurreproiektuan parte hartu ahal izango dute. Foru arau horren bitartez era berean TicketBAI jarduera ekonomikoen etekinak kontrolatzeko sistema ezartzeko betebeharra zehazten da, eta gainera, jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten zergadunek zerga betebeharrak betetzea errazteko neurriak ezarriko dira.

Araubidearen testua aurkeztean, Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jose Maria Iruarrizagak, esan du 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek TicketBAI izeneko sistemaren baldintzak betetzen dituen fakturazio software-a erabili beharko dutela. Software hori foru ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak garatu dute, eta faktura bakoitzean enkriptatutako kode bat sartzen du; horren bitartez salmentak ezkutatzea ezinezkoa izango da, horixe baita Bizkaiko zerga iruzur ohikoenetakoa. Era berean, sistema horrekin sortutako fakturek QR kode bat izango dute, eta hala, kontsumitzaileek jakin ahal izango dute faktura hori ogasunean aurkeztu den edo ez den.

Horri dagokionez, Iruarrizagak gogorarazi du herritar bakoitzaren erantzukizuna dela zerga iruzurraren aurka egitea, eta hala, telefono mugikor batetik QR kodea aktibatuz ogasunari jakinarazi ahal izango diogu faktura hori sortua izan dela. Epearen barnean aitortzen ez baldin bada, ikuskaritza zerbitzuak salmentak ezkutatzen ari den enpresaren edo profesionalaren kontra jardun ahal izango du.

TicketBAI sistemaren bitartez fakturatzeko betebeharra 2021etik aurrera jarriko da indarrean, baina hala ere, 2020ko uztailaren 1etik aurrera Bizkaiko Foru Ogasunak pertsona fisikoek edo juridikoek modu boluntarioan bertan izena eman ahal izateko epea irekiko du. 2020an Batuz sistema ezartzea sustatzeko, Bizkaiko ogasunak neurri bat ezarriko du, eta hala, ekitaldi horretan Batuz ezartzeko gastuaren % 30eko kenkaria ezarriko du PFEZren kuotan edo Sozietateen Zergan. Gastu kengarria softwarea eskuratzeko, fakturazio sistema berritzeko edo gailu periferikoak eskuratzeko izan daiteke, besteak beste tiketen inprimagailuarentzako.

Softwarea era berean merkatuan eskuratu ahal izango da, gainerako fakturazio edo kontabilitate programak bezala. Horretarako, softwareekin lan egiten duten 131 enpresek apiriletik azarora proba pilotu batean parte hartu dute, eta bertan agiri informatikoak sortu dituzte beharrezko enkriptazio eskakizunekin, eta ondoren ogasunera bidali dituzte, ezarritako segurtasun baldintzak betez. Horrekin guztiarekin, Foru Ogasunak faktura gutxi sortzen dituzten zergadunentzat doako aplikazio bat eskuragarri jarriko du, eta horren bitartez, Batuz-ek ezarritako baldintzak betetzen dituzten fakturak sortu ahal izango dira.

140 eta 240 ereduak

TicketBAI softwareak eta 140 eta 240 ereduek osatzen dute Batuz sistemaren egitura. Horiek eratzen dute jarduera ekonomikoen erregistroa, eta bertan jasoko dira jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten pertsonen diru-sarrerak eta gastuak; 140 eredua pertsona fisikoentzako da, eta 240 eredua pertsona juridikoentzako.

140 eredua modu progresiboan ezarri zen Bizkaian 2014 urtetik aurrera, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izango da Foru Aldundiko egoitza elektronikoan izatea, eta hiru hilean behin informazioa bidaltzea. Gaur egun urtean behin bidali behar da eta online egiten den prozesua da, baina ez da derrigorrezkoa erregistro liburua aldundiaren egoitza elektronikoan izatea.

240 eredua enpresen jarduera ekonomikoen erregistro liburua izango da eta 2021eko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean. Derrigorrezkoa izango da Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan izatea, eta eragiketa kopuruaren arabera, informazioa egunero, hilero edo hiru hilean behin bidali beharko da. 140 ereduan bezala, IBES sistemaren informazioa eta betebeharrak jasota egongo dira bertan.

2021etik aurrera egingo diren aitorpenak

140 eta 240 ereduen bitartez zergadunek bidaliko duten informazioarekin, Bizkaiko Foru Ogasunak enpresei eta autonomoei eginda bidaliko dizkie BEZaren aitorpenak, sozietateenak edo errentarenak. BEZari dagokionez, lehenengo zirriborroa 2021eko otsailean bidaliko zaie zerga hilean behin likidatzen duten zergadunei, eta apirilean bidaliko zaie zerga hiru hilean behin likidatzen dutenei.

Autonomoek 2021eko apirilean errentaren zirriborroa jasoko dute gainerako pertsona fisikoek bezala, eta enpresek zerbitzu hori 2022ko uztailean eskuratu ahal izango dute, hain zuzen ere aurreko ekitaldiko sozietateen zerga likidatzen dutenean.

Gutxieneko zehapena 20.000 eurokoa izango da

Foru araubidean ezarrita daude aurretik adierazitako betebeharrak urratzean ezarriko diren zehapenak. Aurreproiektuaren arabera, TicketBAI softwarea falta izanez gero, negozioaren zifraren % 20ko zehapena ezarriko da, gutxienez 20.000 euroko zigorrarekin. Zehapena jaso duenak beste behin arau-hauste berdina eginez gero, zehapena bere negozioaren zifraren % 30ekoa izango da, gutxienez 40.000 euroko zigorrarekin.

Softwarea eta agiri informatikoak deuseztatu, ezabatu edo aldatuz gero, negozioaren zifraren % 20ko zehapena ezarriko da, gutxienez 40.000 euroko zigorrarekin. Arau-haustea behin eta berriz egitean % 30eko zehapena ezarriko da, gutxienez 80.000 euroko zigorrarekin. Era berean, iruzurra gauzatzeko softwareak garatzen dituzten enpresei zehapenak ezarriko zaizkie, eta hala, software hori erabiltzen duten enpresen zehapen berdina jasoko dute.

Zehapen horiek guztiak % 30 murriztuko dira adostasuna adierazi eta zenbatekoak ordainduz gero.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....