AUTONOMOEN ETA ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEN GIZARTE-KOTIZAZIOEN ORDAINKETA GERORATZEA ONARTU DU GOBERNUAK

Asteartean, martxoaren 31n, Ministro Kontseiluak neurri ekonomiko eta sozialen sorta berria onartu du, COVID-19aren eragina minimizatu eta arintzeko asmoz Gobernuak azken hiru asteetan hartu dituen neurriak osatu eta indartzeko xedearekin.

Neurri-sorta berria Errege Lege Dekretu baten bidez arautuko da. Errege Lege Dekretuak 50 neurri baino gehiago jasoko ditu, pandemiak sortu duen egoera ekonomikoari aurre egiteko. Neurri horietako bat da Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kotizazioak interesik gabe geroratzeko aukera, enpresei eta autonomoei eskaintzen zaiena.

Horretarako, Gizarte Segurantzari ahalmena eman zaio, lehen neurri gisa, enpresa eta autonomo guztiei apirileko kuotaren ordainketa geroratzeko, ohikoa baino interes-tasa apalagoarekin (% 0,5eko interesarekin, horrelako kasuetan % 3koa kobratzen bada ere).

Lehenengo geroratze hori apirileko lehenengo 10 egun naturalen barruan eskatu behar da, kuotaren fakturazioa saihesteko faktura oraindik ordaindu ez bada. Gainera, izapidetzea errazagoa izan dadin, profesional baten edo hirugarren baten bitartez (aholkularitza-enpresa, gestoria edo Datuen Igorpen Elektronikoko Sistemak baimendutako besteren baten bidez) jarduten duen enpresak edo autonomoak bide bera erabil dezake eskaera izapidetzeko, inolako ahalordetze berezirik gabe.

Era berean, «salbuespen gisa», Gizarte Segurantzak maiatzeko, ekaineko eta uztaileko kotizazioen ordainketak 6 hilabetez atzeratzea onartu ahal izango du. Moratoria, onartzen bada, Gizarte Segurantzako kotizazioen eta baterako diru-bilketaren kontzeptuen ordainketari eragingo dio —enpresen kasuan, sortzapen-aldia 2020ko apiriletik ekainera bitartean duten kontzeptuei eragingo die, eta, norberaren konturako langileen kasuan, 2020ko maiatzetik uztailera bitarteko sortzapen-aldia dutenei—, betiere, jarduera ekonomikoak eten ez badira martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritako alarma-egoera dela eta. Sei hilabeteko epea igarota, kuota horiek ordaindu egin beharko dituzte, baina interesik gabe, Ministro Agindu bidez zehaztuko diren kasuetan eta baldintzetan.

Ministro-agindu horrek, seguruenik, moratoria eskura dezaketen enpresen tamaina zehaztuko du. Ia ziurtzat jotzen da autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak izango direla onuradunak. Halaber, ez zaie geroratzerik onartuko gizarte-kotizazioak ordaintzetik salbuetsita gelditu diren enpresei, koronabirusa dela-eta langileak ezinbesteko ABEEE baten eraginpean dituztenei.

Handiagoak diren enpresek eta ezarriko diren eskakizunak betetzen ez dituztenek ere eskatu ahal izango dute kotizazioen ordainketa atzeratzea, eta, apirileko kuotaren kasuan bezala, ohikoa baino merkeagoa izango da haientzat maiatzeko eta ekaineko kuotak geroratzea.

Moratoriaren onuradun izateko, enpresek eta autonomoek ezingo dute indarrean izan ordainketa-atzerapenik Gizarte Segurantzarekiko zorrei dagokienez.

Bestalde, Covid-19agatik jarduera eten eta jarduera uzteagatiko prestazioa jasotzen hasten diren autonomoek, martxoan lan egindako egunei dagozkien gizarte-kotizazioak epearen barruan ordaindu ez badituzte, epez kanpo ordaindu ahal izango dituzte, errekargurik gabe.

Laburbilduz

Autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei bereziki eragiten dieten neurrien artean honako hauek daude:

Egungo krisiaren eragina pairatzen ari diren enpresen eta autonomoen finantza-egoera arintze aldera, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari ahalmena eman zaio gizarte-kotizazioen ordainketak geroratzea onartzeko, salbuespen gisa. Hain zuzen, sei hilabetera arte atzeratu ahal izango dira maiatzeko, ekaineko eta uztaileko gizarte-kuotak, eta, gainera, apirileko kotizazioaren ordainketa geroratzeko aukera ere izango da, % 0,5eko interesarekin (ohikoa baino zazpi aldiz txikiagoa den interes-tasarekin).
Autonomoen kasuan, jarduera uzteagatiko prestazioaren onuradunek epetik kanpo eta errekargurik gabe ordaindu ahal izango dituzte alarma-egoera ezarri aurreko martxoko egunei dagozkien kotizazioak.
Gizarte Segurantzarekiko zorren ordainketa-atzerapenik indarrean ez duten enpresek eta autonomoek, 2020ko ekainaren 30era arteko epea izango dute 2020ko apiriletik ekainera arte ordaindu beharreko zorren ordainketa geroratzea eskatzeko.
Jarduera uzteagatiko ezohiko prestazioari dagokionez, araua egokitu egin da urtarokotasun handiko zenbait kolektiboren egoera ere kontuan har dezan: nekazaritzako eta kulturako langileena, ekitaldiei (adibidez, Aste Santukoei) lotutako kolektiboena eta beste batzuena.
Era berean, sustatu egingo da komunikazio elektronikoko DIE (Datuen Igorpen Elektronikoa) sistema erabiltzea zorren ordainketa geroratzeko, moratorietarako, edo zor ez diren sarreren itzulketa egiteko izapide guztietarako.
Gainera, neurriak ezarri dira COVID-19aren ondorioak pairatu dituzten autonomoek eta enpresek oinarrizko horniduren ordainketa malgutzeko parada izan dezaten, hala nola argindarraren, uraren eta gasaren ordainketak; ordainketa horiek eteteko aukera ere jasota dago. Zordundutako zenbatekoak, gehienez ere, alarma-egoera bukatu eta sei hilabeteko epean ordaindu beharko dira.
Arauak, halaber, enplegua ahalik eta gehien babestera bideratutako neurriak jaso ditu, aurreko errege lege-dekretuek bezala. Ildo horretan, enpleguari sei hilabetez eusteko konpromisoak, 8/2020 Errege Lege Dekretuan finkatutakoak, egokitu egin dira zenbait sektoreren berezitasunetara, batez ere kulturaren munduaren ezaugarrietara, horren aldakortasuna eta ekitaldi jakin batzuen mende dagoela kontuan hartuta.

 

Azken berriak